Jan-edanak  III. urtea // 71. zenbakia

Hegaluze kopea tomate zopeagaz


Hegaluze kopea tomate zopeagaz

Osogaiak(lau lagunentzat)

- Hegaluze marinatu erara:

* 200 gr. hegaluze (garbi)
* Laranja baten ura
* Piperrauts baltza
* Gatza
* Oliba-orioa

- Tomate zopea:

* 4 tomate heldu
* Berakatz ale bat
* Litro erdi ur
* Gatza
* Ozpina
* Oliba-orioa
*150 gr. ogi ziku (maminik barik)

Zelan egin:

Hegaluzea egiteko: kutxilo zorrotz bategaz, hegaluzea zati txikietan ebagiko dogu, arto ale baten tamainuko zatietan, eta ontzi baten sartuko dogu. Bertara ganeratuko deutsaguz laranja-ura, piperrauts baltza, gatza eta oliba-orioa. Gero, hozkailuan gordeko dogu.

Tomate zopea egiteko: garbitu ostean, zatietan ebagi eta irabiagailuaren basoan jarriko doguz tomate zatiak. Beste osogai guztiak ganeratu eta irabiagailutik paseko dogu dana, gatzagaz eta ozpinagaz puntuan jarri ostean. Hau be hozkailuan gordeko dogu, mahaira ataraten dogunean hotz egoteko.

Serbiduteko, kopa edo edalontziaren beheko partean jarriko dogu hegaluzea eta ganetik tomate zopea botako deutsagu. Holan ba, prest egongo da zopa freskagarri hau. On egin!

BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria

Kaixo irakurleok, sukaldeko txokoan oriangoan kopa freskagarri bat egingo dogu, udan entsaladak jaten doguzan legez jan daitekeena. Kopea deituko deutsagu, bertan iminiko dogulako egiten doguna, baina etxean koparik ez badaukagu basu baten be imini geinke.

Hegaluzea eta tomate zopea sartuko doguz kopa barruan, izan be, oso konbinazino ona egiten dabe. Hegaluzea marinatuan jarriko dogu, laranja-uregaz eta piperrauts baltzagaz. Tomatea, barriz, zopa eran jarriko dogu, likido.

Aurten hegaluzea oso prezio onean dago, gure kostaldean ugari sartu da eta. Beraz, urte ona da hegaluzea ontzietan imini eta gordetako.

Goazen sukaldera, gure gaurko platera preparetan.