Bidaide  III. urtea // 71. zenbakia

Kuba (II)


Kubara joateko Cubana de Aviacion hegazkin konpainia aukeratzea benetako abenturea izan daiteke...

(Barreka) Bai. Zorionez, gero eta hegazkin barriagoak erabilten dabez baina egia da pilotuak onak izan arren, hegazkinak oso zaharrak dirala. Gogoan daukat DC-10 baten egin neban bidaia; airean gengozala, arazoak izan ziran eta erregaia Atlantiko itsasora bota behar izan eben Lisboan emergentziazko lurreratzea egiteko. Urbitarteen arteko hegaldiak egiten dabezan hegazkinak oso zaharrak izaten dira, gehienetan Errusiako hegazkinak.

Zigor Alkortak eta zuk bizikletea aukeratu zenduen Kuba ezagutzeko eta abentura bat baino gehaigo biziko zenduezan. Zelakoa izan zan bidaia?

La Habanatik herrialdeko bigarren uri garrantzitsuenera, Santiagora hegazkinez joan ginan eta hor hasi ginan pedalei eragiten. Egunean sei bat orduko etapak preparau genduzan baina beroaren ondorioz, sarritan ezinezkoa zan aurreikusitakoa betetea. Batzuetan, bero larria egoanean edo kantsauta gengozanean, garraio publikoa hartzen genduan. Lo egiteko, barriz, etxe partikularrak aukeratzen genduzan eta tarteka hotelen bat edo beste. Gogoratzen dot hotel horreetako batera heldu ginanean, ez nekiala zer egin: lo, jan edo komunera joan, izan be, dana beharrean nengoan.

‘Sentimenduen Mestizajea’ liburuan esaten dozu: “Hiru egun daroaguz Kuban eta jaso ditugu maitalearen lehen muxuak: ezker masailean, Karibea; eskuinekoan, Sierra Maestra hunkigarria”. Deskribapen eskuzabalegia?

Ez. Paisajea oso ederra da. Itsasoko uraren argitasuna eta mendien handitasuna ikusgarria da eta sufritzea merezi dau holakoetan...

Paisajeaz disfrutetako garraiobiderik onena bizikletea da baina garraio publikoak zelakoak dira?

Katxondeo hutsa dira. Manzanillo eta Camagüey bitarteko trenean pasau jakuna kontauko deutsut. Geltokira eguerdian heldu ginan pare bat ordu inguru kamioi baten eta beste ordu erdi inguru bizikletaz egin ostean. Han esan euskuen arratsaldeko bostak arte ez egoala trenik. Denpora nahikoa geunkan legez, geltokiko tabernan txarrikeriaren bat jan eta 60. hamarkadako Iraultzako trenaren zain geratu ginan. Bostak inguruan, trena zortziretan edo agertuko zala esan euskuen eta zortziretan, barriz, gaueko hamaiketan helduko zala. Kubatarrek ez dabe protestarik egiten eta lasaitasun horregaz kutsatuta trankil geratu ginan. Kontuak kontu, gauerdian heldu zan zorioneko trena baina goizaldeko ordubiak arte geldi egongo zala esan euskuen garbiketa eta mantenimendu behar batzuk egiteko. Duda barik, kubatarrek pazientzia fedeagaz nahastetan dabe. Azkenean, trenean sartu eta gure jesarlekuak topau genduzanean, hartuta egozala konturatu ginan. Txartel-zulatzaileak laster bota ebazan kanpora. Kontua da ze, geroago konturatu ginala okerreko jesarlekuetan gengozala, izan be, treneko beste bagoi baten ginoiazan...; zur eta lur geratu ginan, kanporatutako kubatarrek ez ebelako ezelako protestarik egin. Dana dala, burukominak ez ziran hor amaitu: bost bat kilometro egin ostean, hamar minutuko geldialdia egin eban trenak. Gau osoan holan ibili ginan, aurrera egin ezinik eta eguna argitzeaz batera, ez aurrera ez atzera geratu zan. Bizikletan jarraitzea erabagi eta errobera bat zulatuta neukala konturatu nintzan, baina zorionez, 30 lagunentzako lekua eukan kamioi bat pasau zan albotik, gitxienez 600 lagun joiazan kamioi haretan (barre algarea). Bero sargoria egoan eta izerdi hats bildurgarria. Nire aurpegitik zentimetro gitxira oso ederra ez zan neskato bat neukan eta ez neutsan jaramon larregi egin. Azkenean, egun bateko atzerapeagaz heldu ginan Camagüeyra.

Sufridutakoak sufriduta, herria ikusgarria izango da, ezta?

Bueno, herri asko ikusi doguz, besteak beste, El Pilón, Manzanillo, Chivirico eta Ciego de Avila eta batzuetan ez dago gauza handirik baina, besterik ez bada, bisitetea merezidu dau bertako herritarrak ezagutzeko. Berbarako, Cienfuegos herria oso ederra da eta bisitau barik Kubatik alde egitea pekatu handia da.

Kuba ezagutu gura dauanarentzat, azken aholkurik?

Edozein herrialde ezagutzeko biderik onena herritarrakaz egotea, euren bizimoduan sartzea da eta herrialde bakotxeko denporearen kontzeptua arin asimiletea. Gauza tipikoak eta hain tipikoak edo turistikoak ez diranak be ezagutzea da gomendiorik onena. Beste alde batetik, La Habanan bizikletaz ibiltea ahaztuezineko esperientzia da baina gitxieneko piezak eroatea komeni da ze La Habana uri handia izan arren, ez da bape erreza bizikletentzako ordezko piezak topetea. Nik neuk arazo bat euki neban tubularragaz eta azkenean aldatzeko aukerarik ez egoala eta, zelan edo halan konpondu behar izan neban. Kubatar askok lehenengoz ikusi eben lasterketetarako bizikleta bat...

Hor nonbaiten Karibean,
nun lauak diren aldapak,
kulunkak dira aldakak
Habanarako bidean.
Hezetasuna airean,
Kuba itzaletik begira,
Kuba kubarren neurrira,
iragana igarota,
geroari atejoka
orainaldian bizi da.

Unai Iturriaga (Bertsolaria)
‘Sentimenduen Mestizajea’

Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Zigor Alkorta eta Zigor Aldama (Mendizabalen erretratua)

Iñaki Mendizabal Elordigaz egindako alkarrizketearen bigarren zatian, Kubaren ikuspegi turistikoa ezagutuko dogu. Iñaki Mendizabalek eta Zigor Alkorta argazkilariak bizikletaz egin eben bidea eta, era horretara, betiko tour turistikoetan ezagutzen ez diran leku eta parajeak bisitau ebezan. Hasikerako asmoa, bizikletan egunero sei bat ordu egitea zan, tarteka Kubako garraiobide bereziak erabiliz eta etxe partikularretan edo hotel txikietan lo egitea; ahaztuezineko esperientziak bizi ebezan eta herrialde ederra ezagutu. Kontu guztiak ‘Sentimenduen Mestizajea’, bertsoak eta argazkiak buztartzen dituan liburuan dagoz eta 'Bidaide' atalera laburpentxua ekarriko dogu.

La Habana, Kubako uriburua, ezagunena ez eze, ederrenetakoa be bada. Bisitariak zer topauko dau La Habanan?

Musikea, rona, eguzkia eta emakumeak edo gizonak, jakina; horrexek dira turistak La Habana uriburura erakarteko atxakiak baina oso artifiziala da dana, batez be, bisitarientzat beren beregi preparautako gauzetan. Kubatar bategaz joan ezkero, markako rona barik, merkeena baino ez dago da eta musikea uriko etxeetatik datorrena izaten da, ezelako sofistikazinorik barik; hondartzak be ahaztu oso karuak dira eta. Kubako uriburua, harribitxi bizia da arkitektureari jagokonean eta etxureari begiratuta, Habana zaharra XIX. mendeko uria dala esan leiteke; dana dala, leku askotan barriztauta dago eta lehengo enkantuaren zati handia galdu dau. Turista larregi ez dabilen arren, niri asko gustetan jat Centro Habana, hirurogeiko hamarkadan geldi geratu dan urigunea emoten daualako; ehun urtetik gorako etxeak dagoz hor eta horreetako askotan ez dago iturriko urik; kaleak asfalto barik dagoz eta denporan atzera egin dozula da sensazino nagusia. Ganera, turistea trankilago ibiliko da inguru horretan, izan be, Kubako uriburuko herritarren 'erasoak' ez dira hain gogorrak izaten eta eskertzekoa da hori ze momentu batzuetan gogaituta amaitzen dozu, denpora guztian gainean daukazuzalako zugaz negozioa egin guran; benetan estresantea izaten da.

Bizimodua karu dago uriburuan?

Bai, turistentzat oso karu, New York uriaren antzera. Kontuan hartu Kubako industria indartsuena turismoa dala eta turisteak dolarrak erabaili behar dituala. Ganerako uri eta herrietan gauzak merkeago dagoz baina Bilbaon baino merkeago ez behintzat.

Zelakoa da Kubako gaua?

Sekulakoa. Danarik topau zeinke, Havana Club lako lokal karuak, kubatar dirudunentzako diskotekak zein leku zatarrak, bost prostituta eta hiru turisten topaleku. Edozelan be, onena Kubako benetako jaietara joatea da, ron merkea eta tanbor hotsak nagusi diran lekuetara hain zuzen be; hortxe topauko dozuez Kubako esentzia eta herritarren alaitasuna.