Mende erdia Quinoren marrazkiakaz batera
Erakusketeak, bada, filosofiarako jokerea daukan artista honen ibilbidea aztertzen dau eta, bitxikeria legez, 1954an “Esto es” aldizkarian argitaratu eutsiezan lehenengo binetak ikusi daitekez. Maitasuna, gerrea, zalpalkuntzea, paranoia, erlijinoa, psikoanalisia eta giza kontraesan asko be asko azaltzen dira ia munduko merkadu guztietan sartu ziran istorio txiker honeetan.
Salbuespenetariko batzuk Estadu Batuak eta Erresuma Handia izan ziran. Herrialde horreetako orduko argitaratzaileek pentsau eben Mafalda “lar sofistikatua” zala. Gabriel García Márquez Nobel saridunak, ostera, kontrakoa uste dau: “Mafalda eta Quinoren dosi batzuk konponbide ezin hobeak dira zoriontasunerantz hurreratzeko”.
Zopearen gorabeherak
Quinoren umorea zuzena eta garbia izan ohi da, baina hainbatetan, beste biderik ez egoanean, metaforak edo berba jokoak erabili behar izan ebazan galarazoten eutsiena esateko. Mafaldak, kasu baterako, zopea gorroto dau. Baina gorroto hori ez da kasualidadea. Zopea gurasoek ezarritako elikagaia da eta Mafaldak ezin dauz inposaketak aguantau. Zopearen atxakiagaz, Quinok hirurogeta hamarreko hamarkadako diktatore argentinarra, Videla generala, eraso gura eban.
Ganerako personaien bitartez -erruduntasun sentimenduz betetako Felipe, Manolito negoziatzaile zikoitza, sinplea dan guztia gura dauan Libertad txikitxua edo Susanita pinpirina- marrazkigile argentinarrak mundua eta gure arteko gatazkak ondo be ondo irudikatu dauz.
Azken barria, ostera, nahiko bitxia da: Mafalda azkenean inglesera itzuli dabe. Lehenengo bolumen biak apirilean aurkeztu ziran Buenos Ariesko Liburu Azokan. Argitaratzailea Daniel Divinsky da, Argentinan Mafalda eta Quinoren ganerako lanak 1970etik argitaratzen dauazan “La Flor” argitaletxeko arduraduna.
Joaquín Salvador Lavado, Quino, Mendozan jaio zan 1932an. 1964an “Mafaldaren” lehenengo zerrendak prentsan argitara emon ebazan eta 1973an personaia honen azkenengoak egin ebazan. Europan argitaratu eutsien “Mafalda la contestataria” lehenengo alean Umberto Eco-ren berbaurrea agertzen da.
Begiluzea
Buenos Airesen egindako erakusketa batek Mafaldaren sortzailearen marrazki lan eta komikien barri emoten dau.
Urteen porasuz, guzti-guztiok zahartzen gara, Mafalda izan ezik. 1964an jaio zanetik 40 urte igaro ostean, neskato bizkor honek betiko zuhurtasunari eusten deutso eta ulean lazo bardina dauka. Beraren lagunak, Felipe, Manolito, Susanita eta Libertad be ez dira lar hazi. Mafaldaren aita ez da bape zahartu; oraindino be 37 urte daukaz eta betiko aseguru etxean egiten dau behar. Amak etxeko andrea izaten segiduten dau. Neba txikerrari, Gulleri, bitsa dario Brigitte Bardot ikusikeran. Talde honen abenturak hogei hizkuntzatan topau daitekez, besteak beste grezieraz, turkieraz, hebreeraz eta txineraz.
Buenos Airesko Izotz Jauregian egindako erakusketa honek Joaquín Salvador Lavadok (Argentinako Mendozan jaioa 1932an) marrazkigile eta umorista modura betetako berrogeta hamar urteak omendu gura izan ditu. Ume iraultzaile honen sortzailea da, lehenengo tirak egin ziranetik, helduak agiri-agirian ixten tematu zan Mafaldaren benetako aita. Personaia honen argitasunak eta adimenak mundu erdia harritu eta maitemindu dabe.