Sarean  III. urtea // 70. zenbakia

Liburuak eskuko telefonoan


Literaturearen azkena ikusiko dabe askok proiektu barri honetan. Eurak, barriz, kontrara pentsau dabe, eta Japonian liburuen salmenteak behera egiten dauala ikusita, liburuok eskuko telefonoetan eskaintzea erabagi dabe.

‘Deep Love’ izan da plazaratu daben lehenengo telefono bidezko liburua, eta 20 milioi persona inguruk irakurri dabe euren eskuko telefonoetan daborduko (Japoniak biztanle asko daukaz, bai, baina zenbakia oso altua dala ezin ukatu). Nobela erromantiko hau telefonoan irakurteko propio dago idatzita, eta euki dauan arrakastea ikusita, liburuaren editoreek formato normalean, hau da, paperean ataratea erabagi dabe.

Japongo editorialen arabera, jentearen bizimodu barriagaz bat datoz eskuko telefonoan irakurteko sortu dabezan liburuak, izan be, teknologien garapena dala eta, gero eta ordu gehiago emoten doguz ordenadorearen aurrean edo eskuko telefonoagaz, eta askotan liburuak irakurteko astirik be ez dogu eukiten. Euren helburua gazteengana hurreratzea da, izan be, gazteek gero eta literatura gitxiago irakurten dabela dinoe. Horregaitik, telefonoan eskuragai eukita, gehiago irakurriko dabela uste dabe editoreek.

Teknologiak gure bizimodua aldatu dau eta askotan esaten da formato tradizionalak (bai egunkariak, aldizkariak eta liburuak eurak be) desagertu egingo dirala. Halan da be, oraindino liburua eskuartean eukitea gurago daben asko dagoz, eta teknologia albo batera itxi ez arren, gurago izaten da askotan ohean sartu eta telefonoaren pantaila hotz batean amodiozko istorio bat irakurri baino, paperean irakurri, beti egin dogun legez.

Atxapunte

Japoniarrak beti izan dira aurreratuak teknologiari jagokonez, baina oraingoan gure imajinazinotik harago doan kontu barri bat atara dabe.

Ahaztu bostehun orriko liburu pisutsua, ahaztu hondartzan irakurten gagozanean orriak haizeagaz hara eta hona ibiltea, ahaztu momentu honetan ohe alboan daukazuen liburuaren etxurea... Hemetik aurrera, daborduko etxetik urtetan dogunean, giltzakaz batera hartzen dogun eskuko telefonoan irakurri ahal izango doguz abenturazko, amodiozko eta mueta danetako nobelak. Izan be, japoniarrek plazaratu barri daben ideia honi esker, eskuko telefonoa besterik ez da behar liburu bat irakurteko.