Musikea  III. urtea // 70. zenbakia

Pet Shop Boys, Aste Nagusiko izarra

Bilbaoko Aste Nagusiko musika ekitaldiak


Unamuno Plazako ekitaldiak

Rock, punk rock, hardcore eta rock elektronikoko euskal taldeek Unamuno Plazan joko dabe.

Bilbaoko Aste Nagusiak lekua egingo deutse barriro euskal talde gazteei, eta pop, hardcore, rock, punk rock, metal edota rock elektronikoa jorratzen daben bandek jente ugarri batuko dabez Unamuno Plazan abuztuaren 14tik 21era bitartean.

Antolatzaileek estilo musikal desbardinen topagune bihurtu gura dabe Unamuno Plazea, eta euskal taldeen sustapena bultzatu, musikari profesionalen eta zaletuen arteko alkartrukea eta topaketea ahalbidetuz.

Unamuno Plazako kontzertuak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira, bi ordu inguruko iraupena eukiko dabe eta egun bakotxean bi taldek hartuko dabe parte. Apirilean eta maiatzean egin eben zein taldek parte hartuko eben jakiteko aukeraketea.

Sismic eta Bad F-Line rock elektronikoa jorratzen daben taldeek abuztuaren 14an joko dabe; hurrengo egunean, pop soinuak izango dira nagusi, Le Noir eta Arde Asia bandakaz; hardcoreak be izango dau bere lekua, Punto de Mira eta Fallen taldeakaz, abuztuaren 16an.

Doctor Blues Band eta Maha taldeek rock eta bluesez jantziko dabe Unamuno Plazea abuztuaren 17an; eta punk rock soinu gogorrak ekarriko dabez hurrengo egunean Deadline Vegas eta La Secta bandek.

Abuztuaren 19an, Empty Me Sell eta Acid Rain talde metaleroek joko dabe plazako eszenalekuan; Hush eta Los Paniks bandek rock and roll-a eskainiko deuskue abuztuaren 20an; eta amaitzeko, Motorsex eta El Paso Killers punk eta rock soinuak aurkeztuko dabez abuztuaren 21ean.

Egitaraua bete-beteta dator. Danetara ezin danez joan, ordutegia dala eta, aukeraketea egin behar izango dogu.

Ondo ibili Aste Nagusian!

Bizkaie!


Bilbaoko jaietan, eta Jai Batzordearen eskutik, makinatxu bat musika ekitaldi egongo dirala jakin badakigu. Ganera, estilo desbardinetako musikea buztartu ahal izango dau Bizkaiko uriburura hurreratzen danak, leku batera edo bestera joan, musika mueta desbardina entzun ahal izango dau eta.

Botika Zaharreko kontzertuak dira, seguruenik, jente gazte gehiena erakarriko dabenak, izan be, berton joko daben taldeak oso ezagunak dira. Halan da be, uriburuko ganerako eszenatokietan be talde ezagun askok joko dabe. Goazen, ba, lekuz leku, batzuk eta besteak gogora ekarten.

Aurrerago Botika Zaharra aitatu dogunez, aurtengo Aste Nagusiko lehen egunean, abuztuaren 14an, Pet Shop Boys taldeagaz gozetako aukerea egongo da eta doban, jakina. Lau egun beranduago, Asian Dub Fundation bertan egongo dala esatea derrigorrezkoa da. Edozelan be, ondoko izenak be ez doguz ahaztu behar, Fermin Muguruza, Sidone-Deluxe, Big Doul, Fito y los Fitipaldis eta Earth Wind & Fire berbarako. Aste batek gauza asko egiteko emoten dauan arren, kontzertu danak ikustea ia ezinezkoa izango da askorentzat, lo apur bat be egin behar da eta. Halan da be, musikeaz gozetako aukerea egon badago, baita talde desbardinak entzuteko be.

Baina Bilboko Aste Nagusian badagoz beste eszenatoki batzuk be, beste musika mueta batzuentzat. Holan ba, folk, jazz eta beste estilo batzuek be badaukie euren lekua. Aurten Souad Massi, Ruper Ordorika, Karidadeko Benta, La Mala Rodriguez, Urko, Pasion Vega eta Ismael Serrano egongo dira, beste askoren artean, Bilbaon.