Euskaldunok munduan  III. urtea // 70. zenbakia

Udalekuak Boisen


Ondo pasau, ikasi eta lagunak egin

Boiseko Euskal Museoko zuzendariak, Patty Millerrek, udalekuen helburuen artean umeak euren kulturea ikasten daben bitartean ondo pasetea dagoala dino, baita jolastea eta beste estadu batzutako lagunak egitea, danak be euskal jatorrikoak.

Ekimen asko dagoz antolatuta Udalekun. Holan ba, egunero, ikasteaz gan, jolastu be egiten dabe umeak. Euskerea, kulturea, musikea eta dantzea ikasten dabe, frontoian olgeteaz gan. Mendira osteratxuak be egiten dabez, eta suetean bertoko jatekoak preparetan be ibilten dira.

Aurten, Washington, Oregon, Kalifornia, Nevada, Utah, Wyomin eta Idahotik bertatik etorritako jentea egon da Udalekun parte hartzen. Ganera, Argentinatik etorritako gazte bat be egon da tartean, frantsez bategaz batera, biak be euskal jatorrikoak. Eta zelan ez, Euskal Herritik be hiru gazte joan dira, Mungiatik, Bilbotik eta Uharte-Garazitik hain zuzen be. Talde polita dala ezin ukatu, euskal ohiturak ikasteko batez be.

Atxapunte

Uda sasoian, nor ez da joan nonoiz udalekuren batera? Eskola egunak amaitu eta gelako lagunakaz batzutan, edo ume ezezagunakaz besteetan (gero lagunak izango diranak), oso normala da, batez be bagilaren azkenetan eta garagarrilean, udalekuetara joatea. Ohitura kontua izan leiteke leku desbardinetako ume askogaz opor sasoiaren parte bat pasetea, edo besterik barik, gurasoak beharrean egonda umea nogaz itxi euki ez eta udaleku batera bialtzen dabe.

Lehenengo egunean malkoak agertzen dira begietan, askok ez dabe etxetik urten gura eta. Baina azkenengo egunean be topauko doguz aurpegi tristeak, lagunei agur esan behar jakenean. Esperientzia polita da eta horregaitik Boisen, AEBn, urtero antolatzen dabez udalekuak, izen horregaz beragaz ezagutzen diranak, hau da, Udaleku. Euskal jatorria daukien umeentzat dagoz antolatuta udaleku berezi honeek. Bereziak zergaitik? Ba, hamabostaldian antolatzen diran ekimen guztiak Euskal Herrian oinarrituta dagozalako, bertoko janaria, dantzak eta hizkuntzea diralako gai nagusiak, hainbat jokuren artean.

Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazinoak (NABO) orain 29 urte imini eban martxan proiektu hau, eta orain, sasoi batean udalekuetan parte hartu ebenak dira antolatzaile lanetan dabilzanak eta euren semeak hamabostaldia pasetan joaten diranak. Linda Barinaga da aurtengo Udalekuetako zuzendaria, eta beraren ustez, oso pozgarria da garai baten ekimenean parte hartu ebenen seme-alabak bertan ikustea. Begiraleakaz be bardin pasetan dala dino Barinagak, hau da, gazte sasoian udalekuan parte hartu ebenak dagoz gaur egun euskaldun jatorriko umeakaz hamabostaldia pasetan.