Barriketan  III. urtea // 70. zenbakia

Craig Sage: 'zortzigarren egunean, Jainkoak Mundaka sortu eban'

Gazte urten eban Craig Sage-k kanguruen erreinutik. Egunero Australiako hondartzetako olatuen ganean ibilteak munduko beste leku batzuetako kostaldeak ezagutzeko gogoa biztu eutson, eta dirutxua atarateko beharrean ibili ostean, bi bider pentsau barik Kaliforniara joan zan, etxera bueltan etorteko egun zehatzik barik. Bidaia luzea izango zana baekian, munduko olatu onenak probau gura ebazan eta. Horreen artean Mundakakoak egozan.

Ia 25 urte pasau dira ordutik. Olatuek eta gaur egun bere emaztea dan emakume batek bizimodua aldatu eutsien, eta oraindino, lantzean behin, oholaren ganean ikusi geinke surflaria, norberak maite dauana egiteko edaderik ez dagoala erakusten.


1.- Jaioterritik hain gazte urten eta munduaren beste aldean dagoan herrialde batean bizitzeak beharbada gatx egingo dau galdera hau erantzutea: nongoa zara?

Australiakoa. Mundakan bizi naz, bai, baina australiarra naz, ehuneko ehunean ganera.

2.- Australiako kulturan surfak garrantzi handia dauka. Zelan bizi da kirol hau bertan?

Eguneroko bizimoduaren parte bat da. Kontuan hartu behar da Australia herrialde gaztea dala, eta jenterik gehiena kostaldean bizi dala. Orduan, bizimodua kostaldera moldatzen da: ohetik goiz altzau, bueltatxua emon, uger egin, eta zelan ez, olatuak hartu. Australian edade guztietako jentea topau zeinke uretan olatuak hartzen, gazteenetik zaharrenera arte, eta hori polita da. Goizeko bostetan altzetan dira, olatuak hartzen dabez eta bederatzietan beharrera joaten dira. Bizimodua oso desbardina da hemengoagaz konparauta.

3.- Urte asko daroazuz Mundakan, eta Bizkaiko herri honek surfagaz loturea daukan arren, ze desbardintasun nabarmenduko zeunke Australiagaz konparauta?

Nire ustez, desbardintasunik handiena kirol hau egiten emon zeinken denporea da. Australian, urteko hamabi hilabeteetatik zortzi bat uretan emon zeinkez. Hemen, barriz, kontrakoa pasetan da, urtean lau hilabete dira aproposak, eguraldiaren aldetik, surfa egiteko. Neguan be egin zeinke, eta olatu onak dagoz ganera, baina hotz egiten dau. Horregaitik, afizino handia euki behar dozu urte osoan uretara sartzeko.

4.- Kirol gehienetan, gaztetasuna derrigorrezkoa da. Zenbat urte daroazuz surfa egiten? Surfak edadea daukala esango zeunke?

Nire gazte denporetan ez zan erreza surferako ohola eukitea, karuak ziran eta. Hori dala eta, nahiko berandu hasi nintzan olatu ganean ibilten, hamabi edo hamahiru urtegaz. Hogetamar urte baino gehiago daroadaz, beraz, oholaren ganean. Halan da be, autortu beharra daukat fisikoari jagokonez, edadeak muga batzuk iminten deutsuzala. Nire kasuan, hogeta hamar urte neukazanean nengoan ondoen, baina orain, berrogeta hamarreko marrea laster pasetako daukadanean, aldaketak igarten dodaz. Norberak bere mugak non dagozan jakin behar dau, Iban Mayori pasau jakona ez pasetako. Nik zazpi ordu be emon izan dodaz uretan, urten barik, baina orain ez naz egunean ordu bete baino gehiago egoten.

5.- Gero eta jente gehiago ikusten dogu uretan kirol berezi hau egiten. Baina, posible da oholaren ganean bizimodua aurrera ataratea?

Bai. Edozein kiroletan legez, zortea eta abilidadea euki ezkero, posible da. Hori bai, ikasketakaz batera egin beharreko kirola da, eta askotan ez dozu zertan surflari profesionala izan behar kirol honetaz bizitzeko. Surfaren inguruan lanpostu ugari dagoz, soroslea, surf monitorea...; profesionala izatea gatxagoa da, izan be, gaur onena izan arren, pasau leiteke bihar inor ez izatea. Ganera, onenen artean egoteko gogor egin behar da lan, eta hori ez da egun bateko kontua. Horregaitik, oso garrantzitsua da ikasketak eukitea. Ni neu Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna naz.

6.- Urtero, urrian, munduko surf txapelketea antolatzen da Mundakan, eta zu zeu zara txapelketearen zuzendari teknikoa. Zergaitik uste dozu txapelketeak horrenbeste jente erakarten dauala?

Espektakulua da. Ganera, gazte askok gehien gustetan jakezan surflari profesionalak ikusteko aukerea daukie, euren alboan ganera. Izan be, ez daukie bape ‘izar’ itxurarik, eta eurak be gustura egoten dira Mundakan, jenteagaz berbetan eta egoten.

7.- Askotan ikusi doguz surflariak ortozik, furgoneta zaharretan lotan... surfa, kirola ala bizimodua da?

Gauza biak dira. Kirola da, bai, baina bizimodua be bada. Gaur egun, ganera, surflariaren irudia ondo ikusita dago. Orain 20 urte, jenteak uste eban ni persona berezia nintzala, diferentea, eta askok begi txarrez begiratzen eustan, zeozer arraroa izango banintz legez. Baina gaur egun ez, izan be, Mundakan orain surfa kultura legez dago hartuta, eta oso normala da herri txiki honetan kanpotar ugari ikustea surfa egiten. Mundu mailan leku ezaguna da Mundaka.

8.- Zergaitik da horren ezaguna Mundakako olatua?

Olatu honek daukan berezitasun nagusiena luzerea da. Ia 400 metro daukaz eta gauza asko egin zeinkez olatu berean. Mundu mailan, oso leku gitxi dagoz holako ezaugarriakaz herritik hain hur. Olatu luzeak badagoz, bai, baina Hawaii moduko ugarteetan, eta bertaraino derrigorrez joan behar da abioian. Hemen, kotxetik bajatu eta 200 metrora dago olatua.

9.- Zer sentitzen dozu olatu itzel bat hanka azpian daukazunean?

Olatu handiak dagozanean ondo pentsau behar dira gauzak. Gustura zagoz, baina serio jokatu behar da. Olatuaren zein aldetan eta zein momentutan sartuko zaran erabagi behar dozu, eta arin ganera. Behin erabagia hartuta, aurrera segidu behar da, beti be arauak betez. Niri gehien gustetan jatan momentua olatua hartzerakoan sentitzen dozuna da, izan be, seguru egon behar dozu egiten zabilzanaz. Behin dana ondo doala ikusita, disfrutetea baino ez da geratzen.

10.- Uretan kontu handiz ibili behar da, itsasoak askotan susturen bat edo beste emon ahal deusku eta. Euki dozu zuk nonoiz holako jazoera larririk?

Orain bost urteko urtarrilaren 19an izan zan gogoratzen dodan momentu txarrenetarikoa. Aste horretan olatu handiak egon ziran eta itsasoak barrurantz eroaten nenduala igarri neban. Ohola aldatzea erabagi neban, baina olatu serie barria etorri zan. Lehenengoa hartu neban, eta bigarrena hartzerakoan itsasoa inozkorik indartsuen igarri neban. Olatuak sei edo zazpi metrokoak ziran eta bat hartuta, kostau egiten jatan hurrengorako prest egotea. Bits ugari egoan eta ezin neban arnasik hartu. Burua kanpora ataraten neban bakotxean hurrengo olatua etorren eta barriro ur azpira. Benetan bildurra pasau neban, eta momentu batez nire bizia arriskuan ikusi neban.

11.- Olatuez ganera, zer gustau jatzun gehien Euskal Herrira etorri zinanean? Zer nabarmenduko zeunke bertoko bizimoduan?

Bertoko kultureak atentzinoa deitu eustan. Jentearen izakerea gustau jatan, baita berba egiteko erea eta alaitasuna be. Eta zelan ez, jaiak be gustau jatazan, ze Australian ez dago holakorik. Bizimodua guztiz desbardina da, bertan jentea egunez bizi da eta; hemen, barriz, gauez be asko ibilten da, batez be udan.

Baina atentzino gehien deitu eustan euskal ohiturea ‘txikiteoa’ da. Australian askotan egoten ginan tabernetan lagun artean, eta ez neban ulertzen taberna baten gustura egon ezkero zertan joan behar zan beste batera hain arin. Minutu bitan zigarroa erre, ardaoa hartu eta hurrengora! Emaztearen kuadrilako lagunek erreten ebezan zigarro piloaz be ohartu nintzan, eta tabernetako zaratea oso deigarria egin jatan. Musikea, danak berbetan... Kostau egin jatan ohiturea hartzea, baina orain... gustau egiten jat! Gogoratzen dot astelehen batean, Gernikako plazara joan nintzan lehenengo egunean, lagunak tabernarik taberna hasi zirala. Nik ez neban ulertzen hori, izan be, azokara joateko asmoagaz goiazan, eta eurak minutu bat baino ez eben egin azokan.

12.- Zer botaten dozu gehien faltan Australiatik?

Esan beharrik be ez dago familia dala gehien faltan botaten dodana. Saiatzen naz urtean behin joaten, eta nire semea be urtero joaten da, surfa asko gustetan jako eta. Familiaz ganera, txokolatea, galletak, kakahuete kremea, garagardaoa... botaten dodaz faltan. Izan be, berton erosi ahal dodazan arren, ez dira Australian dagozan modukoak. Anaiak urtero bialtzen deuskuz bizio honeek. Halan da be, hemen badagoz gustetan jatazan janariak, txuletea eta ardao ona, berbarako.

13.- Jentea Mundakara erakarteko publizidade kanpaina bat egin behar izango bazeunke, zein izango litzateke leloa?

‘Zortzigarren egunean, Jainkoak Mundaka sortu eban’

Saioa Torre Gereketa