Jan-edanak  III. urtea // 70. zenbakia

Ustezko bateraezintasun batzuk


Teoria hori segidu ezkero, gure elikatzeko modu tradizionaleko errezeta asko ezingo geinkez erabili; dietetika “ofizialaren” eretxiz, ostera, dieta mediterraneoaren bereizgarri diran errezeta honeek oso onak dira osasunerako. Berbarako:

- Armozutan ogia, galletak edo zerealez gan, laranja-zumoa hartzea.
Goizean frutea hartzeak bitamina eta mineralak emoten deuskuz eta ganera, oso garrantzitsua da eguneko lehenengo jatorduan frutea jatea.

- Arrozagaz ezingo geunke limoirik erabili eta hori sarritan egiten dan errezetea da, arrozari oso gustu ona emoten deutsolako. Gaur egun, oraindino ez da erakutsi bateraezinak diranik ezta kalterik egiten deuskuenik be.

- Ezingo geunke mailuki-tarta bat jan, mailukia fruta azidoa dalako eta tartea egiteko erabilten dogun urunak almidoia daukalako. Halan da be, arroza eta limoiagaz pasetan dan legez, ez deuskula kalterik egiten esan geinke.

- Paella baten aurretik ozpina edo tomatea daukan ensaladarik ezingo geunke jan, edo pastea tomateagaz…

Gure herrietan eta meditarrenear aldean aspalditik modu horretara jan izan da eta guztiok ezagutu doguz osasun egoera onean zahartzarora heldu diran aitita-amamak. Janari guztiak neurriz jaten jakin ezkero, gure gorputzak ondo asimilau leikez.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Elikaduran Diplomatua

Azken urteotan gauza asko entzun doguz janari desbardinen arteko bateraezintasunen ganean. Atal honetan momentuz zientifikoki aprobauta dagoana aitatuko dot. Beharbada, urte batzuk barru gauza gehiago egiaztau ahal izango dira, baina momentuz behintzat, bateraezintasun gehienak egia ez dirala esan geinke.

Oinarrizko datu bi

1· Gure liseri aparatua (gure gorputz osoaren antzera) oso perfektua da

Gosete garaiak pasau ziranetik larregi jateko ohiturea hartu dogu. Hori dala eta, bai digestino mailan eta beste maila batzutan be, gero eta arazo eta gaixotasun gehiago daukaguz, baina izatez, gure gorputza oso perfektua da.

Gure liseri aparatuak sustantzia asko isurtzen ditu digestinoa egiteko eta mantenugai edo nutrienteak hartzeko. Gure burmuinak, nerbio sistemeak, hormonek eta beste hainbestek prozesu guzti horreek erreguletan dabez. Gorputza gai da, azido edo basikoak diran elikagaiak digeriduteko, hotzak zein beroak izan, erregulazino-gaitasuna oso ona da eta. Kontua euki behar dogu gehiegi ez kargetako eta gehiegi ez desorekatzeko, baina natureak emon deuskun gaitasuna itzela da.

2·Gizakiok mantenugaiak behar doguz; 50 mantenugai inguru ezagutzen dira eta honeek 15.000 elikagaitan dagoz

Mundu osoko kulturetan jateko modu asko dagoz, euren elikagai diferente eta preparetako modu askogaz. Kultura bakotxak bere modura topau dau gizakiaren bizirauterako bide zuzena. Hau ikusita, gizakiok elikagai danak asimilau geinkezala ondorioztatu geinke. Hau da, enpirikotasunaren aurrean milaka zibilizazino eta kultura, euren jateko modu desbardinakaz gaur egunera arte osasun egoera onean heldu dirala ikusten dogu. Bateraezintasunen sistemea hain eraginkorra izango balitz, osasun arazo larriakaz egongo litzatekez gizarte gehienak, baina hori ez da holan, kultura gehienetako jentea oso osasuntsua da eta (pobrezia edo elikagai faltea dagoan herrialdeetan izan ezik).

Momentu honetan, bai gure bizimodua eta baita jateko modu tradizionala be aldatu egin dira gehienontzat, eta oraindino ez dogu lortu gure elikadurea egoera barri honetara erabat moldatzea. Karbohidrato eta fibra gehiago eta koipe eta proteina gitxiago jan behar doguzala dinoskue askotan, izan be, gure kulturan elikatzeko modu tradizionala dieta mediterraneoa da eta gu horreri eusten ahalegindu behar gara. Ganera, kopuruak kontrolau behar doguz, jateko modu “barriaren” ondorioz sortu doguzan desoreka batzuk barriro orekatzea garrantzitsua da eta jaten doguna plazerrez jaten ikasi behar dogu (baina hori bai, jan, eta ez iruntsi).

Azidoa eta almidoia batera jatea bateraezina da?

Bateraezintasun hau azaltzeko erabilten dan errazonamentua hau da: almidoien digestinoa ondo egiteko ingurune alkalinoa behar da eta azidoak digestino horreri traba edo enbarazu egiten deutso, ez dau digestinoa behar bezala egiten ixten.

Almidoiaren digestinoa ahoan hasten da, ptialina deitzen dan entzima bategaz. Urdailera heltzen danean, gure gorputzeko atal hori oso azidoa danez (urdailak digestinoa egin ahal izateko azidotasuna behar dau), ptialinak ezin dau lanean segidu eta almidoiaren digestinoa lotu egiten da, beti, eta gero duodenoan segiduten dau. Gogoratu suetean preparau dogun edozein jakiren azidotasun normala edo zitriko baten azidotasuna edo ozpinarena askozaz be txikiagoak dirala gure urdailean modu naturalean sortzen dana baino.