Jan-edanak  III. urtea // 70. zenbakia

Txipiroi piper beteak


Txipiroi piper beteak

Osogaiak:

- 30 piperberde (ez oso txikiak).
- 1 kg. txipiroi garbi.
- 2 kipula.
- 2 berakatz-ale.
- Oliba-orioa.
- 65 gr. gurina
- 65 gr. urun.
- Litro erdi esne.
- Gatza.
- Piperrauts zuria.

Zelan egin:

Piperrak beteteko erabiliko doguzan txipiroiak preparauko doguz lehenengo, behar gehien emoten dabe eta. Holan ba, txipiroi garbiak txiki-txiki ebagiko doguz. Bitartean, kazuela bat iminiko dogu oliba-orio apur bategaz, bertara berakatz-ale txikituak eta kipula txikitua bota, eta biak batera gorrituko doguz gatz apur bategaz.

Beste kazuela baten gurina desegin, ganera uruna bota eta dana ondo nahastauko dogu. Gurin eta urunari esne beroa ganeratuko deutsagu eta irakin arte irabiauko dogu, holan bexamela sortuko da. Honeri gatza, piperrauts zuria eta lehenago egin doguzan txipiroiak eta kipulea ganeratuko deutsaguz, aurretik orio apur bat kendu ostean. Dana nahastau dogunean, ontzi baten gorde eta hozten itxiko dogu.

Bitartean, edo hurrengo egunean, piperrak prijiduko doguz. Azala badaukie, kentzea komeniko da. Gero, txipiroi-bexamelagaz barrubeteko ditugu piperrak banan-banan. Laguntzeko, txipiroi saltsea egin geinke, eta dana labean ondo berotu ostean, jateko prest ditugu piperrak. On egin!

BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria

Kaixo irakurleok, oraindino be badaukagu denporaldi honetan zer landu. Udea amaitu barik dago eta guk urteko sasoi honetako produktuak landuko ditugu.

Gaukoan itsasora eta ortura joango gara, denporaldiko produaktuakaz plater gozoa eta egiteko erreza preparetako.

Ortutik piper berdeak hartuko ditugu, eta itsasotik txipiroiak; aurtengo denporaldia oso ona da, bai txipiroitan, baita piper berdeetan be.

Txipiroiz betetako piperrak egingo ditugu, gauza erreza lehen esan dogun moduan, eta ganera, etxean lana aurreratzeko platera da hau, izan be, asko egin geinkez eta gero izozkailuan gorde, razinoetan sartuta. Holan, gura doguzanean atara eta jan geinkez.

Goazen ba sukaldera piper beteak egitera.