Kirola eta orduetan jatea, kilorik ez hartzeko gakoak
Horrenbestez, bi dira sobrako kilotxu horreek hartzeko arrazoi nagusiak: ariketa fisikorik ez egitea eta desorduetako mokaduak. Jakina, horri konponbide egokia topeteak ez dau emoten lar gatxa danik, baina kontsumoaren eta jarduera sedentarioaren alde egiten dauen gizarte honetan oso gatxa izaten da lagunarteko giroan pintxoren bati, kaferen bati edo garagardoren bati uko egitea edota, beharlekutik urten ostean, praka laburrak jantzi eta arineketan joatea. Edozelan be, bizitza honetan ez dago ahalegin bako irabazirik, eta gorputz lirain, mehar eta sendoari eutsi gura badeutsazue, kirola egitea eta neurrian jatea derrigorrean bete beharreko zereginak dira. Osterantzean, urtenbidea askozaz errazagoa izan leiteke: sobran daukaguzan kilotxu horreek konplexu barik erakustea eta irudiaren morrontzeari paso egitea.
Joseba Terreros
Udea heltzeagaz batera, gutariko asko be asko neguan hartutako kiloak galtzeko eginahaletan ibilten gara, irudiaren morrontzearen menpeko gizarte honetan hondartzara joateko sasoian gorputz lirain, sendo eta argala behar-beharrezkoa dalako, lagun eta ezagunen onarpena lortu eta, horregaz batera, autoestimua galdu ez daigun. Halandaze, ez da harritzekoa maiatzetik garagarrilera bitartean gimnasioan izena emoten daben personak ugari izatea, makina bat aldizkaritan dieta miragarriak argitaratzea edo jatorduetako kaloria kopurua modu zorrotzean murrizten daben lagunak ezagutzea. Edozelan be, oso gitxitan hartzen dira kontuan egoera horretara ailegetako arrazoiak, hau da, zehatz-zehatz ez dakigu zeintzuk diran sobrako kilotxu horreek hartzeko zergaitiak. Beharbada horren jakitun egonda, ez geunke hainbeste ahalegindu behar lirain eta zoragarri jarraitzeko. Hona hemen, beraz, kiloak hartzeko gako nagusiak, ia ikasten dogun pisurik ez hartzeko zer egin behar dan belu izan baino lehenago.
Nafarroako Unibersidadeko Fisiologia eta Elikadura Sailaren ikerketa lan batek jasoten dauenez, bizimodu sedentarioa eta desorduetan jaten ohitzea kiloak hartzeko gako giltzarriak dira. Hainbat herrialdetan gantzen ingestinoa murriztu arren, loditasuna handitu da; hori dala eta, hainbat ikertzailek uste dabe lipidoak ez dirala pisua hartzeko arrazoi nagusia.
'Medicina ClĂnica' aldizkarian argitaraturiko ikerketeak 10.000 personaren elikadura ohiturak, jarduera fisikoa, gantzen ingestinoa eta kontsumo jarraibideak aztertu ditu; halan da be, esan beharra dago ikertzaileek kolektibo horren azpitalde bategaz besterik ez dabela jardun.
Bost urteko epean, txostenaren arduradunek banan-banan eta sexuaren arabera kalkulau eben bizimoduak eta dieteak zelan eragiten deutsen kiloak hartzeko jokaereari. Bost urte horreetan gizonen taldean % 23,1ek ez eban aldaketarik izan, % 17,7k kiloak galdu zituan eta % 59,3k kiloak hartu.
Andren kasuan, ostera, % 25,1ek antzeko pisuari eutsi eutson, % 29,8k hainbat kilo galdu zituan eta % 38,8k pisua hartu eban. Taldeotan gorabeherak izan arren, bietan antzekotasun batzuk ikusi ziran. Azken urteetan pisua hartu eben lagunak sedentarioagoak ziran, astean telebistearen aurrean ordu gehiago egiten zituen, normalean biaoa egiten eben eta gantz gehiago iruntsi ohi eben. Ganera, loditzeko jokerarik handiena desorduetan jateko ohiturea eukan taldean ikusi zan.
Horrezaz ganera, beste datu esanguratsu bat dogu; izan be, azken urteotan Ameriketako Estadu Batuetan eta Europan neurriz kanpoko pisua daben personen kopuruak gora egin dau, eta harrigarria bada be, gantzen eta energiaren ingestinoa ageriko moduan jaitsi da. Era berean, dieta-egileak konturatu dira astialdiko eta laneko jarduera fisikoa gitxitu egin dala; horregaitik, loditasunak ariketa fisiko ezagaz zuzeneko zerikusia dauela uste dabe adituek.
Telebistea ikustea
Aurreko ikerketa batzuetan emoitza kontrajarriak izan dira jarduera fisikoaren eta pisuaren arteko loturea aztertukeran. Guztiagaz be, ikertzaileek ariketa fisikoa pisua ez hartzeko laguntzino ezin hobea dalako hipotesia darabile.
Gaixoen sendentarismo mailea baloretako, ikertzaileek aztertu eben persona horreek zenbat ordu pasetan eben telebistea ikusten eta biaoa egiten. Ikerketan argi zehazten da desorduetako mokaduek eta telebistea ordu askotan ikusteak zerikusi handikoak dirala ariketa fisiko gitxi egiteagaz zein aperitibo lar jateagaz, eta horrek guztiorrek kiloak hartzeko aukerak handitzen dituala.
Jarduera fisikoa bultzatu beharra
Ikerketearen arduradunek, era berean, argi dinoe loditasuna osasun publikoaren arazo garrantzitsua dala mendebaldeko gizarteetan; hori dala eta, agirian ipini gura dabe problema hori aurrejagoteko neurriak hartzea ezinbestekoa dala, eta, ganera, gogora ekarri gura deuskue osasun publikoari gastu handia dakartsola. Hori guztiori ikusita, Nafarroako Unibersidadeko ikertzaileek adierazo gura deuskue jarduera fisikoa sustatzeko heziketa arloko ekimenak bultzatu behar dirala eta herritarrei gogora ekarri behar jakezala otorduen arteko mokaduen eragin txarrak. Ganera, behin eta barriro aitatzen dabe neurri bako loditasunak arazo larriak sortuarazo leikezala, berbarako disfuntzino kardiobaskularrak, arnasea hartzeko arazoak, arazo psikologiko zein sexualak eta hainbat bizien garatzeko arriskua handitzea be.