Nortasuna defendiduten
Frantziako Iraultza eta Garat anaiak
1789ko urtea heldu zanean, aspaldiko partez Luis XVI Erregeak Versallesen ospatu behar ziran “Estadu Batzarrak” deitu ebazan. Euskaldunek lurralde eta estamentu bakotxeko ordezkariak aukeratu ebezen eta aldarrikapenak batu be, “kexa koadernoak” deitutakoetan. Kontua da, hurrengo hilabeteetan ospatutako batzarrek beste bide bat hartu ebiela, batez be gizarteko atalik apalenetako kideek erantzunkizuna hartuta Konstituzino barria egiteko asmoa agertu ebenean, Erregetzearen kontra eginez. Holan ba, Errepublikearen aurrean egoazan euskaldunak be.
Hurrengo hilabeteetan gauzak arin joan ziran eta ez euskaldunen mesederako: gorago esan dodan moduan, abuztuan txarto ulertutako bardintasunaren izenean, Frantzia guztian lege bardinak ezartzeko asmoa agertu eben errepublikarrek, kontuan hartu barik nork edo zelan bultzatutako legeak egoazan leku bakotxean. Eta orduantxe geratu ziran balio barik euskaldunek mendeetan eta euren borondatez eukitako lege, foru eta erakundeak. Lapurdin Dominique eta Dominique-Joseph Garat izan ziran aukeratuak Pariseko batzarrera joateko. Biek be, baina batez be Dominique-k, gogor ekin eben (Lapurdiko Biltzarraren izenean) hartutako erabagien kontra, baina alperrik. Errepublikarrak antolaketa barria gura eben eta aurreko gobernuagaz zerikusia eukon guztia kentzeko asmo argia agertu eben.
Lehenengo ahalegina galdu ebela eta Erreepublikarrek Frantzia zentzu gehiago izan behar ebien departamentuetan zatitu gura ebela ikusita, Garat anaiek beste azken proposamen bat egin eben. 1790eko urtarrilaren 12an Frantziako agintari barriek estadu barriak izan behar eban estreinuko zatiketea eztabaidatzen egoazan. Orduan, Garat anaiek Iparraldeko euskal lurraldeak departamentu bakar batean egotea eskatu eben. Hau da, euren ustetan, Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak departamentu bakar batean batuta euren nortasuna, eskubideak eta legeak hobeto mantendu ahal izango ebiezan.
Baina orduan be ez eben zorterik euki. Azkenean, euskal lurraldeak Bearneko lurrakaz batera batu eta haren menpe geratu ziran, sortutako Pirinio Beheko departamentuan.
Halan da be, ez zan izan Garat anaiek egindako azkenengo ahalegina. Baina ordura arte Dominique Garat izan bazan ardurea eroaten ebana, hurrengo urteetan bere anaiak, Dominique Josephek hartu eban zeregin handiagoa.
Iraultzearen lehenengo ondorioak hotzitu ostean, Frantziak gora-behera ugari ezagutu ebazan Napoleonek agintea hartu arte. Aurretiaz, eta Frantziako Iraultzearen ostean Justizia ministroa izandakoa bazan be, nahiko hartu-emon onak euki ebazan Dominique-Josephek Napoleonegaz. Holan ba, 1808an, Napoleonek euskal lurraldeak herrialde bakar baten batu behar ebazan proiektua agindu eutson Dominique-Josephi, honek lehenango egindako iradokizunei jaramon eginda. Asmoa Ebro ibaia handitzea, Kantabrikoa eta Mediaterraneoa lotzeko moduan imintea eta Iberiar Penintsulatik bananduta geratzen ziran Pirineoko alde bietako euskal lurrak Frantziaren babespean egongo zan estadu barria sortzea zan.
Proeiktuak ez eban aurrera egin, ez, baina Garat anaiek euskal lurraldearen nortasunaren alde egin ebela erakutsi eben.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
1789ko abuztuaren 4an Parisen batuta egoan Batzar Nazionalak ordura arte zutunik irauten ebien ‘berezitazunak’ kentzea erabagi eban. Holan ba, Iparraldeko euskaldunen legeak, Antzinatetik etozenak, indar barik geratu ziran. Askatasunaren alde eta Gizakien eskubideak defendidu eta aseguretako hasitako iraultzea Frantzian eta Europa osoan itxaropenez onartu bazan be, ezin dogu bardina esan Euskal Herriko Iparraldeko lurraldeen kasuan.
Parisen hartutako erabagiek zelako eragina izan eben ikusiko dogu, eta euskaldunek erabagi horren kontra emondako pausuak eta euren nortasun eta eskubideen alde egindakoaren barri be jakingo dogu.
Erdi Arotik bizirik egoazan Iparralden, Euskadiko beste lurraldeetan moduan, bertoko euskaldunen ohituretan eta eskarmentuan oinarritutako legeak. Hau da, Foruak. Aldaketak izanda be, eta nahiko ahulduta baegozan be, behintzak irauten eban antzinakoaren aztarnaren bat edo bestek eta euskaldunek euren lurraldea eta euren bizitza antolatzeko eukien ohiturea gitxi gora behera mantentzen zan. Horra hor bestela Ustaritzen batzen zan Lapurdiko Biltzarrea. Egia da, baita be, erakunde honen betebeharrak eta ahalmenak ez zirala garai batekoak, baina hor egoan.