Txutxu-mutxuan  III. urtea // 69. zenbakia

Sudango gatazkea


Oposizinoko talde bakarra dago?

Ez, Darfurreko mendebaldeko lurraldean be oposizino handia dago, baina eremu honen kasuan 50.000 pertsona hil dira eta 200.000 inguruk alde egin behar izan dabe euren etxebizitzetatik, Chad-en babesteko. Hori guztiori Sudango armada ofizialak egindako sarraskiaren ondorioetariko bat izan da. Edozelan be, gobernuak dino Darfurreko matxinoak Hegoaldekoakaz dagozala hartu-emonetan. Iparraldeko politikari islamista garrantzitsu bat, Hassan al-Turavi, askatu egin dabe, bake akordioak bultzatzeko keinu modura. Al-Turavi orain dala urte bi atxilotu eben, hegoaldeko oposizinoagaz akordio bat izenpetu eta gero.

Zergaitik sartu dira tartean AEBak?

AEBetako presidenteak, George W. Bush-ek, alde biak presionau ebazan bakea lortzeko. Giza eskubideen aldeko taldeek euren kezkak azaldu ebezan esklabotasunaren ganeko txostenak ikusi eta gero; era berean, alderdi errepublikanoan indar nahikoa daukien eskumako kristauek gatazka hau amaitzea gura izan dabe, euren eretxiz, kristauen jazarpen argia izan dalako.

AEBetako gobernuak Sudanen kontrako zigorrak kentzea agindu eban, gerrea amaitzen bazan. Ganera, AEBak Sudan hur-hurretik zaindu gura dau, bertan muturreko hainbat taldek jarduten dabelako. Osama Bin Laden, kasu baterako, Jartum uriburuan bizi izan zan 90eko hamarkadearen hasikeran eta garrantzi handiko hainbat obra publiko finantzatzen lagundu eban. Bestalde, hegoaldean petrolio erreserba handiak dagoz eta guztiok dakigu horrek zer esan gura dauan.

Begiluzea

Urte hasikeran Sudango gobernuak eta herrialdeko talde erreboltariak akordio bat izenpetu eben, 20 urteko gerra zibilari amaierea emoteko asmoagaz. Sudango gobernua kontroletan daben iparraldeko musulmanen eta hegoaldeko animista eta kristauen arteko gatazkeak milioi bi personaren heriotzea eragin dau.

AEBetako gobernuak Sudango gobernuaren eta oposizinoko talde nagusiaren arteko negoziazinoak bultzatu ditu. Harrezkero burrukak nahiko baretu dira, baina momentu honetan milaka persona hilten dira goseak jota.

Zergaitik dabilz burrukan?

1972tik 1983ra bitarteko 11 urteetan izan ezik, Sudan beti egon da gerran, 1956an independentzia lortu ebanetik. 1983an iparraldeko arabiarrek kontrolatutako gobernuak Sharia, Islamaren legea, herrialde osoan ezartzen ahalegindu zan, bai eta biztanle gehienak musulmanak ez ziran lekuetan be.

Horrek hegoaldean hasitako matxinadea handiagotu eban; kontuan hartu behar da hegoaldean, batez be, kristautasuna eta erlijino tradizionalak praktiketan dabezan biztanle baltzak bizi dirala. Oposizinoko talde nagusiak ez dau argitu hegoaldeko autonomiaren alde burrukan dabilen edo eremu horren independentziaren alde.

Zeintzuk dira gerrea amaitzeko aukerak?

Akordioa sinatukeran, itxaropenak handiak izan ziran. Gobernuak eta hegoaldeko matxinoek alde bietako 39.000 soldaduk osotutako ejerzito bat sortzeko erabagia hartu eben.

Igaz, hegoaldea 6 urtean autonomoa izatea erabagi zan; epe hori amaituta, independentziaren gaiaren ganeko erreferenduma egin beharko litzateke. Hegoaldeko talde nagusiak sharia herrialdearen iparraldean indarrean egotea onartu eban. Orain dala gitxi, Sudanek petrolioa esportatzeari ekin deutso eta alde biek berbatu eben jarduera horren irabaziak erdibanatzea, petroliorik gehiena Sudango hegoaldean egon arren.

Zeintzuk dira oraindino konpondu barik dagozan gaiak?

Garrantzi handiko hainbat gai ez dira oraindino konpondu. Gobernuak islamaren legea ezarri gura dau Jartum uriburuan; hegoaldeko taldea ez dator bat erabagi horregaz, uriburua salbuespena izan behar dalako, iparraldean egonagaitik be.

Era berean, erdiko hiru eremuren estatusa kolokan dago: Abyei, Nilo Urdinaren estadua eta Nubaren mendiak arazo iturburuak dira.