Zinea  III. urtea // 69. zenbakia

Fahrenheit 9/11


Oraingoan, Michael Moorek Estadu Batuetako botere gunei eragiten deutsen gai bati oratu deutso. "Fahrenheit 9/11" filmean George W. Bush presidentearen aukeraketa eztabaidagarria hartu dau kontakizunaren abiapuntutzat. Horrela, Texaseko erdipurdiko petrolio gizona izatetik Estadu Batuetako presidentea izaterainoko ibilbidea aztertzen dau, Osama Bin Laden familiaren eta beraren aitaren arteko hartu-emon ilunak agirian ipiniz.

Era berean, 2001eko irailaren 11tik aurrera jazotakoa ikertzen da; horrela, argi eta garbi ikusten da Bush-en administrazinoak zelan erabili eban bere mesede politikorako Torre Bikien kontrako eraso lazgarria.

Dokumentalaren azken zatian Irakeko gerreak AEBetako soldaduei ekarritako ondorioen ganean egiten da berba, nahiko modu kritikoan, baina armadearen irudiari kalte egiteko moduko jokabide eta jardunetan larregi sakondu barik.

Dokumental honek Canneseko Urrezko Palmondoa irabazi eban eta, egia esan, kontakizunak merezidu dau, AEBetako gobernuaren ustelkeria, interes ilunak eta faxismotik hurren dagozan jokabideak agirian jarteko gauza izan dalako, umorerik finenetik paraje dagozan ironia ikutuak erabiliz. Ez da barre egiteko gaia, baina halabeharrez barre zantzoka hasteko moduko pasarteez gozatu ahal izango dozue, Michael Moorek erabilitako irri-mirri argi eta burutsuak lagun.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoilaria: Michael Moore.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 123 minutu.
- Generoa: Dokumentala.
- Ekoizpena: Kathleen Glynn eta Jim Czarnecki.
- Musikea: Jeff Gibbs.
- Argazkia: Mike Desjarlais.
- Muntaia: Kurt Engfehr, Christopher Seward eta T. Woody Richman.