Geletan hizkuntzen erabilerea, euskerearena batez be, indartzeko lorratzak (I)
Bultzatu beharreko ikuspegi metodologikoari jagokonez, komunikazinoak izan behar dau irakaskuntza-ikaskuntzearen estrategia nagusia. Halanda be, komunikazino horrek baldintza batzuk bete beharko ditu hizkuntzearen eskuratzea eta erabilerea ahalbidetzeko:
1.- Komunikazino testuinguru aberatsa. Gela barruko edukin eta hartu-emonen inguru mugatutik harago joan behar da, hau da, bizitzako eremu guztietako esperientziak eskaini behar dira.
2.- Hizkuntzearen erabilera esanguratsua. Proposatutako ekintzen funtzionaltasuna, ikasleen behar eta interesei lotuta, hizkuntzearen egiazko tresna izaera eta ikasketa prozesuagaz koherentea dala asegurau behar dira.
3.- Kalidadeko interakzinoa. Irakasle-ikasleek alkarregaz eregitako testuinguruak emoten deutse esangurea hizkuntza-formei. Halanda ze, alkarrekintza horren kalidadeak garrantzi berezia dau hizkuntzearen eskuratze prozesuan eta kalidade hori arlo bitan bitan asegurau beharko dogu: alde batetik, harreman afektiboetan eta bestetik, komunikazino ekintza eta jardueren egituraketa zehatz eta egokian.
4.- Hizkuntzearen ganeko hausnarketea. Ganera, hizkuntzearen erabilerea indartzeko egiten dogun horretan sortutako forma eta erregelen ganeko gogoeta funtzionala egitea garrantzitsua izango da. Hausnarketea komunikazino eta erabilerearen ikuspuntutik egiten dogun neurrian, diskursoaren mailatik hasita, komunikazino unidade diran testuetan oinarritzea oso komenigarria da.
Erramun Osa
Sarritan esaten danez, euskerearen erabileran eragiteko ikastetxearen eremu guztietan eragin behar da. Eragin beharreko eta gehien-gehienetan nahiko astuna egiten jakun arloa kurrikularra da. Batzutan gela barruan egiten diran jarduerek ez dabe hizkuntzearen erabilerea bultzatzen, izan be, garai bateko planteamenduak gogora ekarriz, hizkuntzearen ezagutzea ahalik ondoen jorratzen ahalegintzen dira. Halanda be, hizkuntzen ezagutzearen eta erabilerearen artean bereizketak egitea ez da eragingarria, hizkuntzak erabilten diran neurrian eskuratzen diralako. Etapen edota zikloen artean askotan ez dago helburu komunik, ez estrategia (metodologia, ebaluazio erispide, etab.) komunik ezta loturarik be. Hizkuntzen erabilerea, orokorrean, eta euskerearena batez be lortu gura dauan ikastetxeak, eragingarria izateko, konponbidea bilatu behar deutso egoereari.
Testuinguru horretan, persona eleaniztunak gura diran gizarte honetan pausuak emon ahal izateko, eleaniztasunaren egiazko dimensinoa ulertu behar da. Hain zuzen, eleaniztasunak ez dau adierazoten hezkuntzan erremintatzat doguzan hizkuntzak modu bakartuan jorratzea. Izan be, eleaniztasun ikusmoldeak azpimarratzen dau gizabanakoak ez dauazala hizkuntzak alkarrengandik aparte buruan gordeten. Ingurumari horretan, hizkuntza arloaren helburua ikasleen komunikazino eta errepresentazino gaitasunak garatzea danez, bizitzan planteatzen diran egoera desbardinetan eta asmo desbardinakaz hizkuntzea komunikazino-tresna eragingarri legez erabili dagien hizkuntzearen oinarrizko trebezia nagusien (entzun, irakurri, berba egin eta idatzi) menderatzea lortzeko ahaleginak egin behar dira.
Baina, hizkuntza arloaren antolaketeak ez eze, ganerako jakintza arloek be hizkuntzak eskuratzeko egin leikien ekarpenaz gogoeta sakona egin behar dogu (ganerako jakintza arloetan hizkuntza arloan baino dezente ordu gehiago emoten doguz eta jakintza arlo horreek hizkuntza batean edo bestean garatzen doguz. Halanda guzti be, jakintza arlo horreetan burutu nahi doguzan jardueren planifikazinoan tartean dan hizkuntzea kontuan hartzen ete dogu?). Izan be, ganerako arloetako profesionalak, bestelan uste izan arren, hizkuntza irakasle be badira. Eremuetako edukinak irakatsi eta ikasi ahala, arlo bakotxaren hizkuntzea irakasten/ikasten be bagabilz eta, alderantziz, hizkuntzak irakatsi/ikasi ahala, komunikazino-ekintzak burutu ahala, curriculumaren eremuetako edukinak garatu edo barneratu egiten doguz. Alde horretatik, curriculuma diseinatzerakoan, eremu bakotxeko testu mueta desbardinak definidu eta hareei jagokezan ulermen eta ekoizpen prozedurak be zehaztu behar dira. Horregaz batera, eta erabili beharreko trebeziaren arabera, testu-mueta bakotxagaz landu beharreko baliabide linguistikoak zehaztuz.