Suaren Lurraldearen ganean eta barruan
Suaren Lurraldea
Izen poetikoa da Suaren Lurraldea. Esaten dabe hemendik pasetan ziran barkuko marinelek su txikiak ikusten ebiezala, eta holan zan, izan be, bertan bizi ziranen suak ziran. Horregaitik ei dauka izen hori. Munduko alderdi eder honetara be europarrak etorri ziran, bertokoak "zibilizau" guran. Lehenengoak inglesak izan ziran, kristautasuna zabaltzeko asmotan. Gaixotasunak oparitzeaz gan, erropak emon eta jantzi eragin eutsien. Hemengo jentea ez egoan ohituta erropak eroaten, eta euriak erropak busti eta gero kendu barik ibilten ebiezan. Halanda ze, asko eta asko hil egin ziran. Gaur egun ez da bizi bat bera be.
‘Yaman’ berbea askotan erabilten dogu, jakin barik ‘bizirik egotea’ esan gura dauala. Berbea esanahi barik geratu da gaur egun. XX. mendea hasita egoanean, Yamanen artean mutil gazte bat aukeratu eben. Jemmy Button izena imini eta Inglaterrara eroan eben, hango zibilizazinoan integretako. Atzera be Suaren Lurraldera bueltau zanean, Yamanen kulturearen ganean liburu bat idatzi eta argitaratu eban. Yamanen inguruan liburu gitxi dagoz, eta horreetariko bat da berak idatzitakoa.
Yamanak nomadak ziran, horregaitik, txabolak hiru lau egunerako egiten ebiezan. Arrantzan eta ehizan egiten eben, baita frutak batu be. Arrantzan eta ehizan harrapatutakoa danen artean jaten eben: nork egin eban kontuan hartu barik, andrazkoa edo gizona zan kontuan hartu barik. Bateletan joaten ziranean, bakotxak behar bat eukan: andreek arrantzan egiten eben, gizonek fokak arrantzatzen ebiezan, eta umeek bateletik ura atara eta sua jagoten eben. Andrak ziran uger egiten ekien bakarrak, eta sasoi hareetan sexuen arteko hartu-emonak nahiko bardinduta egoazan.
Lurralde honetan hogei gradu zero azpitik baino gehiago be egon izan dira. Hezetasuna be handia da, euri asko egiten dau eta. Halanda ze, Yamanek ez eben eroaten erroparik: erraz bustiten zan eta gatxa zan sikatzeko. Erropea jantzi beharrean, fokearen koipea iminten eben, eta holan, koipeak gorputzeko berotasunari eusten eutson. Bustiten ziranean, erraz sikatzen ziran. Andra-gizonak modu berezi batean janzten ziran: gorputza pintetan eben, euren burua ondo ikusteko eta zelan sentiduten ziran adierazoteko. Zalantza barik, horrek asko errazten ebazan euren arteko hartu-emonak.
Iratxe Ormatza
Rio Gallegosetik autobusez urten dogu. Gero Suaren Lurraldearen islara itsasoz joan gara eta edurretik datorren haizea sentidu dogu. Barkuan itsasoa ikusi dogu gure ondo-ondoan: hotza, urdina, gogorra, ikaragarria eta zoragarria.
Hurrengo egunean munduaren amaieran izartu gara. Leku ederra da, benetan ederra. Argi berezia dago bertan, eguzkiak beste era batera botaten ditu izpiak, suabeago, argiago, eta horregaitik, dagoan argitasuna berezia da. Ushuaian etxe danak desbardinak dira: egurrezkoak, adreiluzkoak, harrizkoak... Hormetan eta bentanetan kolore biziak ikusten dira. Etxeen teilatuek hamaika forma hartzen dabez, eta teilen kolorea be aldatuz doa teilaturik teilatu.
Glaziarrak zuri-zuri ikusten dira herritik. Arbolak berde ilunak dira, ia baltzak, eta ura be iluna da, horregaitik edurrak zuriago emoten dau. Lekua bera berezia da. Bertan, badago zer edo zer gorputzean sartzen jatzuna eta ondo sentidu arazoten deutsuna. Poztasun antzekoa, indarra be badana. Egia esan, ezingo genduke zehaztu baina gure gorputzean gustetan jakun sentimentua biztuarazoten deusku.
Ushuaia kostaldean dago, eta portua be badauka. Hemendik urtetan dabe Antartikara joaten diran barku asko. Polita izango litzateke barkua hartu eta hara joatea, baina karuegia da, eta amesa ames izaten itxiko dogu.
Islaz inguratuta dagoan itsasoan sartu gara, eta Ushuaia itsasotik ikusita be ederra dala autortu behar da. Koloredun etxeak mendiaren altzoan kontu handiz iminita dagozala emoten dau. Animaliak be ikusi doguz, itsas lehoiak, pinguinoak eta hegaztiak. Denporea euren gorputzek neurtzen dabe, eta senaren arabera egiten dabe euren bizimodua. Otzanak dirala emoten badau be, baten batek beste baten lekua hartzen badau, orroaka eta txilioka hasten dira.
Piztiak atzean itxita, gaur egun martxan ez dagoan itsasargi batera joan gara. Orain dala ehun bat urte, hemen behar egitera etozan personez betetako barku bat etorri zan Europatik, eta itsasargitik paraje egoala, hondoratu egin zan. Kapitaina izan ezik, danek urten eben bizirik. Kapitainak bat egin eban barkuagaz, eta bere buruaz beste egin eban.