Euskal Herria eta Sahara bat eginda
Kontuak kontu, harrigarria be bada, 27 urte geroago, Mendebaldeko Sahararako herritarrak bizirik egotea. Mendebaldeko Sahara auzitan dagoan lurraldea da, lurraldearen ganeko subiranotasuna zehazteko erreferenduma egiten ez dan bitartean, Mendebaldeko Saharak ez dauka legebidezko jaberik; behin-behinekotasuna da nagusi eta, gauzak holan dirala, Tindoufeko hammadan, urritasunean eta behin-behineko egoera horretan 200.000 saharar bizi dira, eta beste 30 mila inguru nomada legez. Lehen esandako moduan, kanpoko laguntzinoa behar-beharrezkoa da. Zorionez, barruko egitura onari esker, ondasun urriak eta kanpoko laguntzinoa barrutik banatuta dagoz eta ez dago ondasun alde handirik. Kanpamentuetan gizonik gehienak mobilizauta dagoz eta produkzino eta administrazino beharrik gehienak emakumeek egiten ditue. Egoera horren aurrean, kanpotik heltzen jaken guztia ondo hartzen dabe: dirua eta giza laguntzinoa ez eze, baita animoa eta alkartasun mezuak be.
Koldo Isusi Zuazo
Giro politiko nahasiaren atxakia jarrita, Saharako kanpamentuetara ez joateko estadu espainiarraren eta enpresarioen agindu eta gomendioei jaramon egin barik, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria buru izan dauen euskal ordezkaritzea Saharan egon da oraintsu, Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetan. Pare bat egun baino ez dira izan, baina orain 27 urte Marokok Saharako mendebaldea okupau ebanetik, Aljeriako basamortuan erbesteratuta bizi dan Herriak pozik hartu dau ordezkaritza hori. Egia esan, Euskal Herriaren eta Sahararen arteko hartu-emonak onak izan dira beti, eta herri legez bizirik irauteko derrigor kanpoko laguntzinoa behar daben errefuxiatuen eremuetako biztanleek sarri jaso dabez diru-laguntzak eta era guztietako giza laguntzinoa. Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz martxan dagozan ospitaleak eta osasun zentroak bisitau ditu euskal ordezkaritzeak eta, besteak beste, zabaldu eta sendotzeko bidean dagozan kooperazino edo lankidetza programen ganeko kontuak zehaztu ditue. Ibarretxe Lehendakariak Euskal Herriaren animoa eta alkartasuna helduarazo deutsoz Fronte Polisarioko Idazkari Nagusiari eta Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoko Presidenteari, Mohamed Abdelaziz jaunari, eta honek eskertu egin deutso bisitea, Saharako herriak bizi dauen desesperazino edo etsipen egoerearen aurrean bultzakada garrantzitsua dala esanaz.
Historia laburra.
Sahara sasoi kolonialean
XIX. mendean, Sahara eta Espainiaren arteko hartu-emonik gehienak arrantzearen ganekoak ziran, eta Espainiak aparteko interesa eukan Kanarietako artxipelago edo uhartedia babesteko. 1884an, Espainiak bere indarra ziurtatzeko Cabo Blancotik Cabo Borjadorrera arteko eremua hartu eban protektoradu legez. Ganera, 1947an fosfato gune itzelak topau zituen eta Espainiaren interesa areagotu egin zan.
Deskolonizazinoa
1950 eta 1960 hamarkadetan, Afrikako 70 bat herrik burujabetasuna lortu eben. Maroko 1956an egin zan bere buruaren jaube eta urtebete geroago Sahara eta Mauritania eskuratzeko asmoa adierazo eutson Nazino Batuen Erakundeari.
Labur-labur:
- 1958an, Espainian, Presidentziaren Dekretu bidez, Sahara Espainiako probintzia bihurtu zan.
- 1966an, Nazino Batuen Biltzar Orokorrak koloniaren menperaketeagaz amaitzeko eskatu eutson Espainiari, eta lehenengoz Saharako herriaren autodeterminazino eskubidea aitatu eban.
- 1973ko maiatzean POLISARIO Frontea sortu zan Saharako herriaren burujabetasunaren eta askatasunaren alde burrukan egiteko.
- 1974an, Francoren Gobernuak Sahararentzako Autonomi Estatutua onetsi eban. Maroko, ostera kontra azaldu zan.
- 1975ean, Espainiak POLISARIO Frontea aintzatetsi eta Saharako herritarrei subiranotasuna ahalik eta arinen transferiduteko asmoa eukala iragarri eban.
- 1975eko zemendiaren14an, Madrilgo Akordioak sinatu ziran eta, horreen arabera, onura ekonomikoen truke, Espainiak Mendebaldeko Saharako lurraldearen administrazinoa laga eutsen Marokori eta Mauritaniari. Polisario Fronteak iraintzat hartu eban erabagi hori.
- 1975eko abenduan, NBEk beste ebazpen bi emon ebazan Saharako herriaren autodeterminazino eskubidea baieztatuz.
- 1976ko zezeilaren 26an amaitu zan Mendebaldeko Saharako espainiar agintaldia eta biharamunean Polisario Fronteak Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa eratu eta martiaren 5ean lehenengo gobernua eratu zan atzerrian.
1976 eta 1990 bitarteko epealdian, biltzarrak, batzarrak, bake akordioak, gerrak eta berba politak izan ziran nagusi, baina konponbideak inondik inora ez.
1988ko abuztuan, Javier Perez de Cuellar, NBEko idazkari nagusiak aldeei bake planaren lehenengo proposamena egin eutsen. Proposamena berretsi egin eban Segurtasun Kontseiluak.
1990eko garagarrilaren 29an, Saharako Erreferendumerako Planaren barri zabaldu eban NBEko idazkari nagusiak: su etena eta erreferenduma 24 aste geroago. Lurraldearen administrazinoa MINURSO izena jasoko eban NBEko indar zibil eta militar baten esku geratu zan. Polisario Fronteak su etena aldarrikatu eban. Edozelan be, Maroko beti saiatu izan da erreferenduma eragozten.
Denporea aurrera doa eta 97an eta 98an James Bakerren planak eta Houstongo akordioak itxaropenari ateak zabaldu baeutsazan be, erreferendumerako identifikazino-jarduerak, botoa emoteko eskubidea dabenen zerrendak, gorajoteak, moldaketa planak eta bestelako denporapasa batzuk tarteko, erreferendumaren gaia geldi dago.
NBEko idazkari nagusiak aurtengo zezeilaren 19an emondako txostenean argi dakar: '...Mendebaldeko Saharako bake prozesuaren etorkizunari begira, etsipen egoerea da nagusi; nire ustez, Segurtasun Kontseiluak, aurreko ebaluazino ezkorra baina errealistea ikusita, lau aukera ditu: Nazino Batuek moldaketa plana barriro gauzatzea, aldeen oharrak kontuan hartuta, erabagiteko markoaren proiektua berrikustea, zuzeneko edo zeharkako alkarrizketak planteetea edota hamaika urte baino gehiagoren ostean eta 500 miloe dolar inguru gastau ondoren, MINURSOren jarduna etetea'.