Kuba (I)
1.- Zer da Kubatik gehien gustetan jatzuna?
Dudarik barik, bertako jentea. Paisajea be zoragarria da, eta, uriek eta herriek be enkantu berezia daukie. Baina Kubatik erakargarriena kubatarrak eurak dira.
2.- Askotan esaten da kubatarrak alperrak dirala, bizimodu trankilekoak. Zelakoa da Kubako jentea benetan?
Egia esan, niri ez jataz orokortasunak gustetan. Kuban, leku danetan legez, danetarik dago. Bertako jentea alaia da, eskuzabala, imajinazino askokoa eta beti laguntzeko prest dagoana. Askotan alperrak dirala esaten da, bai, baina hori eurek denporea beste era batera ulertzen dabelako da. Bizimodua trankilagoa da, eta posible da egun osoan euren begien aurrean pasetan dana ikusten emoten daben kubatarrak topetea, hemengo jente nagusi askoren antzera. Persona bakar batek edo makina batek egin leiken beharra sei personen artean egiten dabe askotan. Berbarako, autobusetan, txartelak saltzeko arduraduna dago lehenengo; gero, txartel hori barrikusiko dauan beste persona bat topauko dogu. Autobusera sartzeko, ‘pika’ bategaz egingo dogu topo, gidariak begiratzen deuskun bitartean. Barruan gagozala, bidaiariak non jesarri behar diran agintzen dauan beste persona bat egoten da askotan. Beharrizanik ez egon arren be, danak dagoz beharrean. Honen harian, kasu bitxi bat aitatu geinke, ehun azukera-kanabera enpresa zarratu eta 60.000 lagun beharrik barik geratu ziranekoa. Zein urtenbide emon eutsien arazoari? Unibersidadera bialdu ebezan danak. Gura edo ez, ikastera! Daborduko tituluren bat eukienak, masterren bat egitera...
3.- Beste bizimodu bat da...
Bizi daben egoerea be desbardina da. Hemengo bateri produktibidadea kontuan hartu barik egunean zortzi ordu eta astean bost egun behar egiteagaitik 60 euro pageko baleutsiez hilean, zer egingo leuke? Golperik be ez leuke emongo.
4.- Horretan Castroren erregimen komunisteak eragin zuzena daukala esan geinke, ezta?
Ehuneko ehunean. Kubak aspektu positiboak euki badaukaz, eta horretan danok gagoz ados. Amerika Latinoagaz konparauta, analfabetismo indizerik bajuena (% 0.2) daukan herrialdea da. Umeen heriotza tasea be bajua da (milatik 6.2, beste herrialdeen batez bestekoa milatik 32 dan bitartean), bizitza esperantzea eskualdeko batez bestekoa baino 6,5 urte altuagoa da eta mila biztanleko 5,9 mediku gehiago dagoz, beste herrialdeetan 1,6 dagozan bitartean. Mediku asko dagoz, bai, baina botika, azpiegitura eta lehengai gitxi. Kubatar komunismoak herritar bakotxari lanpostu bana eskaintzen deutso, baita etxea be, baina ikustekoak dira ze behar eta ze etxe! Ganera, desberdintasun asko dago uriko kubatarren eta ‘guajiro’ edo herri txikietako kubatarren artean. Lehenengoetan ustelkeria da nagusi, batez be turismoari esker, atzerriko herrialdeakaz erlazino gehiago daukielako beharbada. Nire ustez, Kubako muga nagusiak izen bakarra dauka: dolarra. Daukienen eta ez daukienen arteko desbardintasunak itzelak dira. Dolarretan kobretan dabenak zorionekotzat jo geinkez. Egoera hori dala eta, kubatar askok bizimodua behar ilegalakaz aurrera ataratea erabagiten dabe, euren lanpostuak alde batera itxita turistek eskaintzen deutsiezan beharrak eginaz.
5.- Zein da erregimenak populazinoarengan daukan kontrolaren funtzionamendua?
Kontrolaren oinarria errez erreza da ulertzeko. Auzo bakotxean Kubako Partidu Komunistako arduradun bat dago auzo horretan pasetan danaren barri emoteko. Teorian, auzoko jenteari laguntzeko batzordeak osotu arren, praktikan bertako biztanleek egiten dabena kontroletako batzorde politikoak dira. Erregimenak erabat kontrolauta ditu kubatarrak.
6.- Jenteak onartu egiten dau kontrol hori?
Bai. Baina asko engainauta dagozalako edo askok euren burua engainetan dabelako. Populazinoaren erdia baino gehiago funtzionarioa da, eta logikoa danez, ez da altxauko jaten emoten deutsonaren kontra. Beste askorentzat oso gatxa da euren porrota onartzea. Iraultzea, askorentzat, behera etorri dan bizitza-proiektua da, baina ez dabe onartu gura. Halan da be, belaunaldi barrietan badagoz aldaketen eta kritiken aldekoak.
7.- Askotan ikusi doguz kubatarrez betetako ‘patera’ negargarriak Estadu Batuetarako kostaldera heltzen. Bitarteko falteak imajinazinoa biztuten dau?
Hori baietz. Uriko kaleetan oraindino martxan dabilzan Chevrolet zaharrak ikustea besterik ez da behar horretaz konturatzeko. Ez dogu ahaztu behar kubatarrak persona jantziak eta kulturadunak dirala. Askok unibersidadean ikasi dabe eta gehienek bigarren hezkuntza mailea daukie. Horrek asko laguntzen dau, berbarako, ‘patera’ legez erabiliko diran kamioiak fabriketako...; arazoa da hor dana akabetan dala. Etorkizuna euki leiken persona batentzat Kuba kartzela bat da. Nora joango da? Zer egingo dau? Urtenbiderik bako kalea da.
8.- Prostituzinoaren gaia askotan agertzen da hedabideetan. Emoten dauan besteko larritasuna dauka?
Herrialdea bisitau neban lehenengo aldia, orain urte gitxi, La Habana ‘jineteraz’ beteta egoan. Kubatarrak oso edegiak dira aspektu sexualean eta hori ez dago txarto ikusia. Baina gitxika-gitxika prostituzinoa drogakaz lotzen joan da eta Gobernuak ‘garbiketa’ gogorra egin dau. Halan da be, oraindino turistei zuzendutako prostituzino ugari dago Kuban.
9.- Zelakoa da turista sexuala erakarten dauan emakumea?
Uste dot turistei gehiago gustetan jakela sexuaren inguruan dagoan askatasuna emakumeak eurak baino. Orokorrean, kubatar andrak ez dira oso erakargarriak. Asko kilotxuetan gora dagoz eta batzuk... bigotea daukie! Baina badagoz oso guapak diran emakumeak be. Behin 18 urteko neska polit bategaz egon nintzan eta esan eustan gaueko 100 dolar kobretan ebazala, benetan dirutzea Kuban. Luzaroan egon ginan berbetan eta bere bezero gehienak nahiko nagusitxuak zirala esan eustan. Nik uste dot, benetan, bertoko jente gazteak ez daukala zertan hainbeste pagau sexuaren trukean, prostitutak ez diran neskakaz ligetea ez da gatxa eta. Nik kasu bat baino gehiago ezagutzen dot.
Alkarrizketearen bigarren partean Iñaki Mendizabalek Kubaren ikuspuntu turistikoa eskainiko deusku, askorentzat ezagunena.
Testua: Zigor Aldama
Argazkiak: Zigor Alkorta eta Zigor Aldama (Mendizabalen argazkia)
Askorentzat, paradisua Kariben dago, eta bertako uretan dago hain zuzen be Kuba osotzen daben irlak, gure herrialdean oneeretxi handikoak ganera. Mundu mailan dagozan estadu komunistetatik zarratuenetarikoa dago Kuban. Ia ez dago jaubetza pribadurik eta Fidel Castro buruzagi ezagunaren eta dudarik barik, planetako berezienaren politika zorrotza herrialdearen bazter txikienean be igarten da.
Iñaki Mendizabal Elordiren eskutik bi ikuspuntu desbardinetatik hurreratuko gara Kubara. Kazetaria eta Elea argitaletxeko editorea eta fundatzaileetako bat da. Kuba ikaragarri gustetan jako eta horregaitik hiru bidaia egin ditu bertara. Bidaiotako baten, Zigor Alkorta argazkilariagaz batera, herrialdeko mutur batetik besterako bidea bizikletaz egin eban. Ideia honetatik ‘Sentimenduen Mestizajea’ poesiaz, bidaiaren egunerokoaz eta argazkiz osotutako liburua sortu zan, Mensajerok argitaratutakoa.
Alkarrizketearen lehenengo atal honetan, Mendizabalek irletako giroaz egin deusku berba, etenbako estutasun eta larritasunean bizi dan herrialdeko jentea zelakoa dan azalduko deusku eta bizi daben giro sozial eta politikoaren ganean be jardungo dau.