Arenalean BalendinEKIN
Gu:-
Hiru urte luzeak
hiru urte labur
egin zenigunetik
betiko agur.
Urretxindorren kume
aritzaren ezkur
Euskaldun abertzale
zuzenaren ikur.
Itxaso eta lur
leize eta gailur
beti herritik hur
iraultzaile zihur
zergatik ezin zara
gugana bihur.
Balendin:-
Bere zeregina du
bakoitzak munduan
tokatzen den inguru
eta orduan.
Jokatu benetako
gizon ereduan,
damua alperrik da
gero, beranduan.
Guk egin genduan
ahal gendun moduan
heriotzak duan
eraman ninduan
baina espirituz naiz
zure onduan.
G:- KORRIKAn izan gara
bi aldiz gerora
ikusi nahi zindugun
besoa gora
espirituz bakarrik
ez gaude gustora
madarikatzen dugu
heriotz aizkora
Boga eta boga,
Hizkuntzaren froga
ez gendula moda
zenigun gogora
zurekin ahaztutzea
zail izango da.
B:- KORRIKAn zinatela
didazue aitor
neu ikusi nahiean
lehen bezain bizkor
derrigorrezkorikan
ez da sortu inor
EUSKARA ez dadila
gu bezela agor
ez izan aldakor
borrokatu jator
gizona, bada nor,
ezin da egin gor
Hizkuntza da Herrien
egizko altxor.
G:- Herria zaindu zendun
borroka noblean
bakea lortu nahian
eginahalean
baina zu sortu zinan
mundu ergelean
bakoitzak pentsatzen du
bere sabelean.
Gaur Arenalean
Bilbo gibelean
zuhaitz itzalean
zure txapelean
usoak hitz dagitzu
zeure elean.
B:- Benetako bakea
hain da zoragarri
baina indarra ez da
bere egarri
ixiltzea egin du
bake ezaugarri
zapalkuntzarik inork
ez dezan igarri.
Zer digu ekarri?
Kate ta bustarri.
Horren kontra jarri
gizon ta Aberri
Askatasuna baita
bake oinarri.
G:- Zuhaitz artean zaude
zeure txoriekin
izadi maitalea
zinen BALENTIN
baina gaur gizonentzat
dena da etekin
nahiz ta lurrak agortu
ta ibaiak zikin.
hamar mila mitin
faltsu eta erkin.
nahi genuke jakin
zein bidetik ekin
lur hau bihur ez dadin
geure hondakin.
B:- Maite zazue Lurra,
txoria, zuhaitza,
lorea, aberea...
maite bizitza.
Egizko maitasuna:
bera da ekintza
bakoitzari berea
lehenengo baldintza
gaur asko dabiltza
mintza eta mintza
bihotzaren giltza
ahoan bailitza
bat da maitatzea ta
bestea hitza.
Gu:-
Hiru urte luzeak
hiru urte labur
egin zenigunetik
betiko agur.
Urretxindorren kume
aritzaren ezkur
Euskaldun abertzale
zuzenaren ikur.
Itxaso eta lur
leize eta gailur
beti herritik hur
iraultzaile zihur
zergatik ezin zara
gugana bihur.
Bizkaiek bizkaierearen alde egin behar badau be, bizkaierea bizkaitarren berbakerea be izan leiteke, mendebaldeko ezaugarri lar euki ez arren.
Jon Enbeitak 1990eko BALENDIN ENBEITA saria irabazi eban honeekaz bertsoakaz; herritarren eta Balendinen arteko alkarrizketa bat da, edo Enbeitatarren artekoa. Familia... herria... etxe batzuetan ez da erreza izaten non hasten dan bata eta non amaitzen dan bestea jakitea. Hau da kasua.
Xabier Paia