Maria Altuna: 'zerbitzu integraleko zentrua da gurea'
Urtean zehar euren laguntasuna eskertu eta etxeko bat gehiago moduan tratau arren, eguzkia gogor joten hasten danean eta uda sasoiko oporren inguruan, enbarazu egiten dabela eta, txakurra zein bestelako etxe-abereak abandonetako lotsarik eta bildurrik ez dogu eukiten.
Dana dala, oporren atxakiak ez dau balio ze gu oporretan joan arren, txakurra edo ganerako etxe-abereak behar dan moduan ixteko lekuak dagoz bazterretan. Horreetako bat da Urdulizen, Zalbiden dagoan Cuatro Patas Hotela, txakurrentzako hotel berezia, 400 metro karratukoa (50 logela, berogailua, ozonifikazino sistemea...). Denporatxua da Jon Prietok eta Maria Altunak lau hankako gizakiaren lagunik onenarentzako hotel berezi hau zabaldu ebenetik.
1. Nondik nora pentsau zenduen Cuatro Patas Hotela sortzea eta zeintzuk izan dira zuen erreferentziak?
Txakurrak obsesinoa dira niretzako, familiako beste kide bat legez hartzen dodaz eta publizidade arloan behar egiten nebanean, bidaiak eta egiteko orduan txakurrak non itxi, nogaz eta antzeko dudak sortzen jatazan; beharrizan horrek eraginda, buruari buelta batzuk emoten hasi nintzan. Oporretan edo beharreko bidaietan, nire txakurrak ezelako bildur barik ixteko moduko zentro bat sortzeko ideia euki neban eta berehala hasi nintzan Estaduko eta atzerriko hotel, egoitza eta txakur-zentroetara bisitak egiten. Europan, oro har gu baino askosaz aurrerago dagoz gai honetan eta zeozelako erreferentzia Frantzia eta Inglaterrako zentroak izan dira, gurean lehenengoetakoak izan garala esan daiteke.
Prozesua luzea izan da ze ideia euki nebanetik bost urte behar izan dodaz Cuatro Patas zentroaren ateak zabaltzeko. Jakina, zentro onena sortzeko asmoagaz, arau guztiak bete gura izan dodaz, bai lizentzien aldetik eta bai eraikuntzarako materialen aldetik eta hemen era horretako zentrorik ez egoanez, erakundeek eurek be ez euken bape argi zer lizentzia edo arau bete behar zan kasu bakotxean; pare bat hiletan egitekoak ziran tramiteak egiteko zortzi, bederatzi hilabete behar izan genduzan. Hortik aurrera, eraikuntza lanak eta enparauak gogorrak izan ziran.
2. Zeintzuk dira hotelaren berezitasunak eta eskaintzen dozuezan zerbitzuak?
Hotelak 400 metro karratu ditu eta txakurrentzako 19.000 metro karratuko ingurua, hondartzako areagaz hornidutako tarteakaz. Guztira, 50 gela edo chenil daukaguz, zabal-zabalak, zeramikazkoak eta arriskutsuak izan daitekezan eskina edo kantoirik bakoak eta erdiak txakurrentzako berogailu bereziagaz. Berrogeita hamar gela baino ez genduzan egin, gure asmoa bezeroei ahalik eta atentzino handiena eskaintzea dalako, bezero bakotxa ondo ezagutzea eta zerbitzu personalizatua eskaintzea. Txakur bakotxak bere chenila dauka eta gelen diseinua egiteko txakurren gustoak eta beharrizanak kontuan hartu genduzan, lo egiteko leku aproposa, behearen gaina baino apur bat altuago, haize zabaleko terrazatxua...; gela batzuetan webcamak dagoz txakurren jaubeek etxeetatik edo oporlekuetatik euren txakurren ibilerak zuzenean ikusteko; gelatan ozonifikazino sistemea dago, birus, bakteria eta enparauak ebitetako, araztegi biologikoa be badaukagu.
Egunean birritan edo hirutan paseoan ataraten doguz txakurrak eta euren ezaugarri eta izakerearen arabera, bakarrik edo beste txakur batzuekaz batera ataraten doguz. Hori bai, bezero danak mimo handiz tratetan doguz.
3. Trebakuntza eta agility ikastaroak be eskaintzen dozuez...
Bai. Zerbitzu integraleko zentrua da gurea eta, beraz, hotel, uleapaindegi, denda eta albaitari zerbitzuaz gan, trebakuntza eta agility ikastaroak eskaintzen doguz. Trebakuntza ikastaroaren barruan dago agility. Guardia eta defentsa kenduta, ganerako modalidadeak eskaintzen doguz; txakurren jabeentzako be eskaintzen doguz, txakurrak ezagutzeko eta euren jokabide eta izakerea aitu eta ikasteko.
Agility, Inglaterratik datorren trebakuntzearen beste kontzeptu bat da. Erreskateetako trebakuntzea eta lehiaketetakoa buztartzen ditu eta, beraz, agility-ren filosofia 'jolastuz ikasi' izango litzateke, txakur eta personearen arteko feelinga hobetuz. Pentsaizu, lehenago beharrerako erabilten ziran txakurrak eta gaur egun txakurrekaz daukaguzan alkarbizitza arazo gehienen jatorria hortxe dago, izan be, txakurrak 'talde' lana maite dau, zeozertarako balio dauala sentidutea. Agility horixe da, 'talde' lana.
Horrezaz gan, etologo klinikoaren zerbitzua be eskaintzen dogu, txakurren sikiatrea zeozelan esateko, izan be, lehen indekzinoagaz 'konpontzen' ziran arazo asko konpondu daitekez gaur egun.
4. Hotelean dagozan bitartean txakurrak gaixotu ezkero, zuek arduratzen zarie?
Bai. Dana dala, zentroan txakurrak onartzeko baldintzetako bat osasun arloan, EAEko legeak eskatzen dauana betetea da, hau da, mikrotxipa, osasun-txartela egunera eukitea eta beharrezko txerto guztiak hartuta eukitea. Gauzak holan, gurera datozen txakurrak osasunez ondo dagoz, hori bai, arazoren bat egon ezkero, albaitaria arduratzen da: ganera, txakurren eguneroko jardunean eta paseoetan be guk geuk egiten dogu txakurren jarraipena (pozik dagozan ala ez, jatekoak kalte egin badeutse ala ez...).
5. Abuztuko bigarren hamabostaldian txakur bat hotelean euki gura dauanak zer pagau beharko leuke?
Bueno, txakur eta egun bakotxeko 12 euroko tarifea daukagu baina egonaldia zenbat eta luzeagoa izan, deskontuak egiten doguz; berbarako, hamabost egun baino gehiago diranean, gau bakotxeko 11, 25 euro dira. webcam, uleapaindegi, trebakuntza ikastaroak eta bestelako zerbitzuak aparte.
6. Ateak zabaldu zenduezanetik hona, zelako balantzea egingo zeunke?
Balantzea oso positiboa da. Guk pentsetan genduana baino jente gehiago egon da holako txakur-zentro baten zain, kanpora joan beharrekoetan txakurra trankil ixteko leku baten zain hain zuzen. Hasikeran bildur handia neukan ze gu berton bizi gara eta inguruan be jentea bizi danez, txakurtegietan izaten diran zaparradak ebitau gura nebazan. Zorionez, holakorik ez da pasau eta zuk zeuk be ez zendun ahausirik entzungo hemen zagozan denporan; horrek esan gura dau txakurrak pozik egotea lortu dogula. Hotelaren okupazinoari dagokionean, hiru tenporada dagoz eta, jakina, mundu guztia oporretan dagoanean, orduantxe eukiten dogu bezero gehien, abuztuan, Aste Santuan eta gabonaldian.
7. Zigor Kode barriak multa edo isun gogorrak aurreikusi ditu abereak abandonetan dabezanentzat. Hori da bidea?
Ez. Multa eta isunak gogortzea ez da bidea, ezta beste arlo batzuetan be. Ez gara jaubetzen txakurrek milaka urte daroezala gizakion artean eta, orduan, nik uste dot beste herrialde batzuetako ereduak aplikau beharko geunkezala. Zentsu erreala eta ikerketa zehatzak eginaz, jarrera eta jokabide asko aldatuko litzatekez. Berbarako, arraza arriskutsuen legea ez da bape zentzuzkoa, izan be ez dago txakur edo arraza arriskutsurik, ezpada jabe arriskutsuak. Kontuan hartu beharko litzateke, edozeinek ezin dauala edozelako txakur bat euki, inoiz txakur bat euki ez dauanak pitbull bat erostea zorakeria galanta dala; informazino eta kontrol falta handia dago eta beste herrialde batzuetako egoereagaz konparauta, hemen oso atzeratuta gabiz; gure mugetatik kanpo, jabeari azterketa sikologikoa egiten deutsie, ze txakur klase euki leiken zehazteko; horrezaz gan, txakurra erosi behar dauan personea non bizi dan eta zelako bizitza estiloa darabilen be kontuan hartzen dira, berbarako, ariketa fisiko asko egin behar dauan txakur bat ez da pozik biziko jabe sedentario bategaz.
Beste alde batetik, txakurrei trabak jarrita (muturrekoa, leku batzuetan sartzen ez ixtea...) ez da ezer konpontzen, txakurrak zoratu egin daitekez; ahaztu egiten dogu txakurra jente artean ibili dala beti eta maitasuna, ariketa fisikoa eta hartu-emonak behar dituala.
8. Txakurra abandonauta ixten dauan personeari zer esango zeunskio?
Kretinoa dala, bihotzik bakoa, egoistea eta persona txarra; Schopenhauerrek be esaten eban txakurra maite ez dauanak zeozer txarra daukala barruan eta ni bat nator beragaz. Urtean zehar etxean txakur bat eukitea eta oporrak datozenean, txakur hori abandonetea ezin dot ulertu, kontzientziarik bako persona horreekaz nik behintzat ez dot gura ezelako traturik.
9. Anekdota bat baino gehiago eukiko dozu kontetako, ezta?
Bai. Gurean egonaldia egin ostean, txakurrak jabeagaz joan gura ez izatea baten baino gehiagotan pasau jaku; etxean kasu larregi egiten ez badeutsie edo kalera gitxitan ataraten badabez, gurera datozenean, oso gustora egoten dira eta, jakina, etxerako bidea hartzea gogorra izaten da. Guretzat momentu ederrak dira eta beharra ondo egin dogula sentitzen dogu.
Beste bat be kontauko deutsut. Hotelaren saltsa honetan sartu baino lehen, txakurra abioian eroan genduan oporretan baina orduko esperientziaren ostean, ez dot barriro holakorik egingo benetan txarto pasau neban eta. Txakurra, kaja baten barruan sartu eta bakarrik itxi behar izatea oso gogorra izan zan, ganera, bidaia luzea zala jakinda; azkenean, aireportura heldu, maletak zintatik hartu eta txakurra heltzen ez zala ikusita, oso urduri jarri nintzan eta aireportuko behargin guztiak zoratu nebazan. Zorionez, han agertu zan txakurra baina lasaigarriak emon eutsiezan legez, hasikeran ez ninduan ezagutu eta, benetan, oso txarto pasau neban.
10. Zuk zeuk badaukazu txakurrik?
Beti euki dodaz txakurrak. Lehen esan deutsut publizidade ikasketak egin nebazala eta gurasoek esaten deustie lehenengo 'publizidade kanpaina-erasoa' eurei egin neutsiela txakurra eskatzeko. Azkenean, lortu neban. Ordutik, beti euki dot txakurra eta orain momentuan hiru daukadaz; gehiago be eukiko neukez baina ez deustie ixten.
11. Oporretan zoazenean, non ixten dozu?
Oraingoz ez daukagu oporrik. Edozelan be, inoiz aukerea euki dogunean, abioian eroatea baztertuta, familiakoak nahastetan izan doguz edo, batzuetan, txakurrak onartzen dabezan hotelak aukeratu doguz. Orain, barriz, hiru txakur daukaguz, tartean dogo alemana eta, jakina, egun batzuetan inoren hiru txakur eukiko dituan lagunik ez dot ezagutzen.
Koldo Isusi Zuazo