Amenabar-ek Bardem itxuraldatu dau “Mar adentro” filmean
Eta hori guztiori Ramon Sampedro tetraplegikoaren bizitzea antzezteko asmoz; Ramon Sampedro 30 urtean ibili zan bizitza duin baten aldeko burrukan eta 1998an helburua lortu eban, legez kanpo izan bazan be. Bizitza erdian baino epe luzeagoan ahalegindu zan uretara egindako salto baten ondorioak gainditzen; izan be, 26 urte eukazala, mobidu ezinik eta bizitzeko gogo barik lotu zan.
Antza danez, Amenabar-ek egindako aurreko filmeek ez daukie zerikusi handirik oraingo honegaz; edozein kasutan be, zuzendariak behin eta barriz aitatu dau pelikula barri honen espiritua aurreko filmetatik hur dagoala. Beraren esanetan, “Los Otros” pelikulan familiaren alde iluna bilatu eban; film honetan, ostera, hil gura dauan gizon baten istorioa tarteka-marteka dibertigarria izango da eta, azkenean, baikorra.
Laugarren pelikula honetan ohiko laguntzaileen taldea euki dau inguruan, berbarako gidoia idazten lagundu deutson Mateo Gil adiskidea, Javier Agirresarobe argazki zuzendaria eta abar. Edozelan be, bestelako laguntzaileak be izan dira, kasu baterako “The Hours” filmean Nicole Kidman-i guzurrezko sudurraren ardurea euki eban Jo Allen makillatzailea. Kasu honetan, Bardem ule barik, lodi eta zahartuta agertuko jaku. Horretarako, errodajeko egun guztietan 5 ordu inguruan eutsi behar izan deutse makillatze lanei, patxadea galdu barik.
Halandaze, filma irailean estreinetan danean, agindu deuskue gizon barea eta ausarta ikusiko dogula, zoritxarrari aurre egiteko gauza dana, irribarrea galdu barik. Haregaz batera, Belen Rueda eukiko dogu, elbarriaren burrukearen alde behar egiten dauan abogadua antzeztuz, eta Lola Dueñas, tetraplegikoa motibeteaz arduratzen dan laguna.
Joseba Terreros
Alejandro Amenabar errodajearen pasadizo eskatologiko batez gomutatzen da: Javier Bardem-ek izaren artean puzkerren zaratea ataraten eban tramankulu bat ostendu eban eta arratsalde osoan ibili zan guztiei adarra joten, jatekoak kalte egin eutsola esanez. Broma hau sano ulergarria da, aktoreak errodajeko 11 asteetan ohe baten etxunda egon eta samatik behera gihar bakar bat bera be mobiduteko gauza ez zan elbarri baten zeregina bete ebala kontuan hartzen badogu.