Argentina
Etenbako bidartean dagoan herrialdea
Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: Fernando Robles eta Zigor Aldama.
Euskal herritar gehien hartu dauen hegoameriketako herrialdea da Argentina, eta horrezaz ganera, ederrenetarikoa be bada, gaur egun gatazka giroa eta krisi ekonomiko larria bizi arren. Fernando Roblesek ondo ezagutzen ditu herrialdea eta bertako herritarrak, sarritan egon da Argentinan eta gauza asko daukaz esateko.
Argentinak krisi larria bizi dau eta egoera horren ganeko gorabehera guztiak ezagutzeko herrialdea eta bertako herritarrak ezagutzea komenidu da. Zuk ondo baino hobeto ezagutzen dozuzanez, kontaiguzu Argentina zelakoa dan eta herritarrek zelan egiten deutsien aurre egoera gogor horri
Bueno, lehenengoz 1998an egon nintzan Argentinan, eta ordutik aurrera beste bost bider be egon naz han. Argentinarrak oso jatorrak dira, eta sano erraza da mundu guztiagaz berba egitea eta lagunak bilatzea. Halan da be, herrialdea baino areago, Argentina interes desbardinak dituen lagunen multzoa dala esango neuke; han ez dago ezelako nazino nortasunik. Buenos Aires uriburuak ez dauka zerikusirik ganerakoakaz, eta aparteko mundua dala emoten dau. Hori bai, politika kontu guztiak uri horretan bideratzen edo zuzentzen dira, gizartean dagozan desbardintasun nabarmenak kontuan hartu barik.
Lehenengoz Argentinara joan baino lehenago, bazeunkan egoera horren barri?
Ez. Hara heldu baino lehenago, herrialde aurreratua, kultura maila handikoa eta gizarte maila onekoa zala pentsetan neban nik, nahiz eta jakin krisialdiaren eraginez, herrialdea oso pobretuta egoala. Ezuste handia hartu neban, aurretiaz neukan irudi hori nire begien aurrean ezerezean gelditu zalako. Gorago deskribidu dodana Buenos Aires uriburuaren eta inguruaren egoerea izango litzateke, baina Argentinako iparraldean miseria gorria bizi dabe. Bolivia eta Txileko mugetatik hur, pobrezia egoera benetan larria da, eta azken boladan okerrera egin dau ganera krisialdi orokorra dala-eta. Ingurualde honeetan, lurjota dagozan gizataldeak bizi dira eta uriburuko giro kosmopolitea edota europar usaineko giroa lekuz kanpo dagoz. Hegoaldean, zoragarria dan Patagonian be negargarria da egoerea.
Gauzak holan dirala, Argentina zehatz ezegonkorra dan herrialdea da, zatituta, apurtuta dagoan herrialdea...
Bai, holan da. Lehen be esan deutsut, nazino edo herri nortasunik ez dago, eta oinarri-oinarrizko abiaburutzat hartu geinken herrialdeko erreginoen arteko alkartasunik be ez. Argentinan aldeak ikaragarriak dira, eta azpigaratuta dagozan herrialdeetako ezaugarriak atzemon daitekez. Jenteak ez dauka helburu bateraturik, eta iparraldetik hegoaldera 4.000 mila kilometro baino gehiago dituan herrialdean, total da gatxa guztien gustokoak izango diran politikak bideratzea, eta ganera, ahaleginik txikiena be ez dabe egiten horretarako. Oraintsuko eskandalu guztiak akabua izan dira eta nire ikuspegia berretsi baino ez dabe egin. Zer izan da argentinarrek egin daben lehenengo gauzea? Diru edo aberastasun guztia herrialdetik atara, eta jakina, holan ez da herria salbauko.
Harrigarria eta bitxia neurriz erraldoia eta aberastasun handiak dituan herrialdean holako egoerea bizi behar izatea...
Bai, benetan. Argentina herrialde aberatsa da eta era guztietako baliabideak ditu eskura, lehengaiak, nekazaritzea, abeltzantzea eta beste; ganera, neurriz erraldoia izanda, lur eremu asko hutsik dagoz. Kontua da Argentinaren historian zehar, boterea izan dabenek ahal izan daben guztia ostu izan dabela, eta gaur egun be, krisialdian zehar be horretan dabilz. Korrupzinoaren arazoa sakon sustraituta dago, eta aukerarik txikiena ikusi ezkero, edozeinek ostuko leukela esango neuke.
Gaia aldatuta, Argentina herrialde handia da eta turismorako oso aproposa izan daiteke...
Jakina. Nire bizitza osoan ikusi dodazan lekurik ederrenen artean, bi Argentinan ikusi dodaz: Iguazuko urjauziak eta Perito Moreno glaziarra; esan dodan moduan, biak dagoz Argentinan, nahiz eta bien artean 3.000 kilometroko tartea egon. Duda barik, turismoaren aldetik, aukera asko dagoz herrialde honetan. Oraintsura arte, arazo nagusiena prezio karuak ziran; izan be, askozaz diru gitxiagogaz oso interesgarriak ziran beste herrialde batzuetara joateko modua egoan. Orobat, hirugarren munduko zerbitzuak eskaintzen zituen lehenengo munduko prezioetan. Dana dala, baleak, pinguinoak edo glaziar ederrak ikusi gura izan ezkero, herrialde bakarrenetarikoa da. Orain ganera, pesoaren debaluazinoagaz eta prezioen merketzeagaz, apur bat merkeagoa da, oraindino be kalidadearen eta prezioaren arteko aldea handia izan arren. Argentinan, beste arazo bat aitatuko neuke, hau da, turismorako merkatua urrun dagoala: hara joateko ahalmen ekonomikoa dauen jentea, batez be, Europan edo Estadu Batuetan dago, baina ez, ostera, Argentinaren alboko herrialdeetan. Hori natureak eskertuko dau, besteak beste, degradazinoa ebitauko dalako, baina herrialdearen ekonomiak asko igarriko dau.
Kolonbia edo Ekuadorregaz konparauta, Hegoameriketako herrialderik seguruenetarikoa dala esan geinke?
Ez eizu pentsau. Argentinako uriak oso arriskutsuak dira. Lapurretak eta hilketak sarri izaten dira, baina egia da Kolonbian egoerea bestelakoa dala. Kontuan hartu, Argentinan pobrezia egoerea oso larria dala, eta askotan delinkuentzia eta kriminalidadea berezko kontuak dirala. Herritarren artean gosea da nagusi, gehienek ez daukie ezer galtzeko eta, ganera, itxaropen gitxi dago etorkizunari begira; giro horretan, Buenos Aires uriburua oso arriskutsua dala esango neuke.
Seguruenik, oraingoa ez da momenturik onena Argentinara osterea egiteko, baina giroa apur bat baretzen danean, tirakada turistikoa sekulakoa izan daiteke?
Egia esateko, Argentinak aukera handiak ditu, baina herritarren izakereagaitik eta herriaren desegituraketa larriagaitik, zulo baltz horretatik urtetea oso gatxa izango dala pentsetan dot. Duda barik, orain askozaz merkeagoa da Argentinara joatea; baina, hori bai, bidaiariak adorea eta zeozer gehiago be beharko dau (ausardia, abenturazaletasuna...).