Arratiako gazteak arratieraz bertsotan?
Gaia: Bikote gaztea zarie. Zuk, Manex, atzerriko ume bat adoptau gura dozu. Zu, Iñaki, ez zagoz adopzino horren alde.
Doinua: Balentin Berriotxoa
Manex Sagarna
Aspaldidanik noraezean
biok gendun maitasuna,
narru kontuen beti zabiz hor
ta hau da gure jarduna.
Oin seme barik nahiz egon garen,
nik dinotsut, bai laguna,
kanpoko batek ekarrikosku
bion zoriontasuna.
Iñaki Iturriotz
Kanpoko batek osatu leike
gure egoera bortitza
eta umeaz alaitu gura dozu
zuk gure bizitza.
Adopzinoa baietz dinozu,
nik ezetzean dot giltza,
mutiko hori ez baita izango
maitasunaren emaitza.
Manex
Benetan kontu larrie dogu
diskutiduten hastea,
bronkarik bronka pasetan dogu
biok urduri astea.
Ez da izaten inolaz gatxa
gauzek holan pentsetea,
lehenengo argi itzi eistazu
zer dan zeutzat maitatzea.
Iñaki
Maitasuna da pertsona biren
osotasunan jokoa
eta umeak ekarri leike
traba edo oztopoa
Ahiztu egizu adopzinoa,
hor ez dau gure gakoa,
gozatu daigun gazte aroa
eta gero gerokoa.
Manex
Aspaldidanik nago zurekin
bene-benetan erreta,
ume horrexek egingo deusku
maitasunan azterketa.
Proposamen bat egingo deutsut,
jarri ezazu arreta,
pobreziaren amildegitik
umea atara biu eta.
Iñaki
Pobreziatik ateratzeko
ein gure badozu lana,
hilero kartak idatziozuz
ta ez hartu bere zama.
Ahiztu egizu adopzinoa
onena dogu laztana,
nire amak be ez dau izan nahi
ume baltzaren amama.
Iñaki Aurrekoetxea
Galdera bategaz hasi dogu aste honetako artikulua. Polita litzateke baiezko erantzuna. Baina ez da kontu erreza (are gitxiago beharrezkoa bertsotan ondo egiteko). Argi dago bertsolariak berbetan erabilten dauan hizkera berean kantetan badau naturaltasun handiagoa lortuko dauala, entzuleaganako komunikazinoaren mesedetan beti. Euskalkien kasuan preparazinoa eskatzen dau helburu horrek, bertsolaritzearen tradizinoan euskara batua nagusi dalako eta Bizkaiko bertso-eskoletan, esaterako, tradizino horrek pisu handia dauka. Gehitu horreri bizkaitar gehienak gure euskalkian alfabetau bakoak garala, eta errez ulertuko dozue preparazinoaren beharra.
Lehenago be berba egin dogu honetaz. Azken urteotan ahalegin bat egin dabe bertsolari gazte batzuk bizkaieraz kantetako eta emoitza politak lortu dira bertsogintzearen kalidadean ezelako kalte barik. Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Iratxe Ibarrak Bizkaiko azken finaletan egindako lana kasurako. Ez dogu ahaztu gura aurretik Aritz Lopategik eta Juanjo Respaldizak zabaldu ebela bidea. Horrek ondorio pozgarriak daukaz gazteagoengan be, eta eskolarteko txapelketan, BBK sariketan eta eskualdeko txapelketetan ez da arraroa bizkaierea entzutea. Kasu gehienetan landu bako bizkaierea da, natural-natural ataraten dan neurri berean batuagaz natural-natural nahastetan dana. Kaleko berbakerearen adierazgarri da, eta lehenengo pausua dala uste dot, bizkaieraz ondo kantau gura dauan bertsolariarentzat.
Honen adibide garbiena arratiarrena da. Arratiako eskualdeko txapelketan parte hartu eben bertsolari gazte guztien kantuan topauko dogu nahasmen linguistiko horren zantzurik. Aurtengo edizinoaren finala maiatzaren 16an jokatu zan Zeanurin eta bertoko seme Eñaut Intxaurragak jantzi eban Arratiako txapela. Atal honetara Manex Sagarna eta Iñaki Iturriotzen bertsoak ekarri doguz, hasikeran egindako gogoetara gehien hurreratzen diran bertsolariak dira eta. Natural kantetan dabe, arratieraz, batuan eregitako eskemek ixten deutsien bitartean behintzat. Ahalegina eskertzekoa da, eta hemetik bultzadatxua emon gura geunskie arratiar bertsolari gazteei eta bide batez beste eskualdeetakoei be, bide hori landu eta bizkaieraz kantetan segidu dagien.