Txutxu-mutxuan  III. urtea // 68. zenbakia

Ipar Euskal Herriko biztanleek euro bat pagau behar izango dabe kontsulta mediko bakotxeko


Frantziako Estatuko biztanleak medikuarenera, batez beste, zortzi biderrez joaten diran ezkero, neurria 8 eurokoa izango da urtean. Gaixo kronikoak izango dira kalterik gehien hartuko dabenak; Frantzian biziena edo iraupen luzeko beste gaixotasunen bat daukien sei milioi gaixok urtean berrogeita hamar bisita inguru egiten dabez.

Edozelan be, neurri honek ez deutse eragingo edade txikikoei, umedunei (haurdunaldiaren laugarren hiletik erditu osteko hamabigarren egunera arte), ez eta bitartekorik ez daukien dobaneko aseguruaren onuradunei be. Era berean, ez dabe euro hori pagau beharko larrialdietako zerbitzuak erabili eta ospitaleratu beharreko gaixoek, erditzeek, erizaintzako prestazinoek, ez eta fisioterapiako zainketa lanek be. Horrenbestez, neurri honen barruan sartuta dagoz konsulta guztiak eta medikurenera egindako bisita danak, erradiografiak, kirurgiako ebakuntza txikiak, klinikako esku-hartzeak eta odol zein garnu azterketak.

Frankizia honen zenbatekoa dekretu bidez ezarri dan ezkero, sindikatuak prezio hau urtero-urtero igongo ete daben bildur dira, ospitalean egoteagaitiko tarifeagaz jazo zan modura. Azken ordainsari hori, bazkariaren eta alojamentuaren kostua estaltzen dauana, 3 eurotik 13ra pasau da 20 urteko epean eta urtarriletik aurrera beste euro bat gehituko jako.

Iruzurraren kontrako burrukea

Honegaz batera, hemendik aurrera gaixo bakotxaren txosten medikoa egingo da eta gaixoen datuak fitxategi informatiko batean zentralizauko dira. Ganera, Gizarte Segurantzearen txartel danek titularraren argazkia eukiko dabe. Barrikuntza honeen bitartez, iruzurraren kontra burrukan egin eta alperriko preskripzinoak edo gehiegizkoak topauko dira.

Orokorrean, gizarte kotizazinoak igoten dauazan erreformearen helburua porrotetik hurren dagoan sistemeari eustea da; izan be, osasun sistemeak 13.000 milioi euroko defizita dauka eta 35.000 milioiko zor pilatua. Proiektua onetsi arren, ezkerra kontra azaldu eta ez-bideko eta ez-eraginkortzat jo dau; gauzak holan, egitasmoari 8.000 zuzenketa aurkeztu deutsoz, baina ez dauka Senaduak berrestea oztopatzeko aukerarik bape.

Katalunian zeresan handia sortu dauan proposamena daborduko martxan ipini da Frantziako estadu osoan; bien bitartean, Osakidetzak zein Osasunbidek adierazo dabe momentuz ez dabela horrelako neurririk aurreikusten. Ikusi beharko da epe ertainean zelan egiten jakon aurre osasun arloko defizitari.

Begiluzea

Datorren urtarrilaren 1etik aurrera, Ipar Euskal Herriko biztanleek euro bat pagau behar izango dabe kontsulta mediko, azterketa bilogiko edo ospitaleratzerik ez dakarren larrialdietako azterlan bakotxeko. Neurri hau Frantziako diputaduen ganberak aurreko astean oneretxitako gaixotasun aseguruaren erreformearen ondorio nagusia izan da; horren bitartez, defizita gitxitzeko, dirua aurreratzeko eta gaixoek ardura handiagoa hartzeko helburuak jadetsi gura dira.

Hala eta guztiz be, kontsultara joankeran, ez da euro hori pagau beharko. Frantzian osasun gastuak gaixotasun aseguruaren kutxearen bitartez pagetan dira. Diru hori deskontauko da egin beharreko itzulketatik, kopuru hori hemendik aurrera ez Gizarte Segurantzeak ez mutuek pagauko ez dabelako. Hau da, ohiko kontsulta baten kasuan, 20 eurokoa, asegurauak 13 euro jasoko ditu, orain arte jasoten ebazan 14 euroen ordez.