Kulturea  III. urtea // 68. zenbakia

Kultur Errotea


Eskeintza zabala dakar aurten Kultur Erroteak. Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako herri eta auzoetan antzerkia, musika, literaturea, bertsolaritzea, magia eta beste hainbat ekitaldi antolatu dira hemendik eta urtea amaitu arte. Danetara 90 kultur ikuskizun eskeiniko dabez lau probintzietako 44 euskera alkartek.

Bertsolaritzeari eta literatureari jagokenez, Xabier Silveira, Fredi Paia eta Jokin Uranga bertsolariek Zaharrak Berri Xou ikuskizunagaz hasitako bireari ekingo deutse, eta Xabier Amurizak Bertso antologiak saioa egingo dau. Larrabetzuko Bihotz Bakartien Klubak Zakil alu hori literatur emanaldia eskeiniko dau.

Antzerkiak be tarte zabala eukiko dau. Holan ba, beste hainbat ekitaldiren artean, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek Zeberion Euskara senzilloaren manifiestoa obra ezaguna eskeiniko dabe Zeberion.

Euskeraz egindako musikea be herririk herri zabalduko dabe Jabier Muguruzak, Rafa Ruedak, Asier Serranok eta Kokein taldeak besteak beste.

Danetara 163.000 euroko aurrekontua du Topaguneak aurtengo Kultur Errotea antolatzeko, eta igazko harrera ona ikusita, aurten 10.000 ikusle inguru espero dabez. Tartean zu zeu egon zaitekez!

Atxapunte

Topaguneak 1.998. urtean imini eban martxan Kultur Errotea. Ordutik hona, 700 ekitaldi baino gehiago antolatu dabez bertan federautako euskara alkarteek euskerearen erabilerea indartzeko helburuagaz. Lekuan lekuko kultur eragileei euren azken beharrak erakusteko zirkuitua eskeintzen dau Kultur Erroteak, baita euskal artistak indartzeko eta euskerazko kultura bultzatzeko harrobi beharra egin be. Ganera, Topaguneko alkarteei kultur ibilbideak eskaintzen deutsiez, euskal kultura sendotzeko asmoagaz, eta bide batez alkarteen arteko hartu-emonak sakontzen saiatzen da Kultur Errotea.

Herri mailako ekitaldi txikien beharrari erantzuna emoten deutsie, eta kulturgune handietara jo barik, herrian bertan egiten diran adierazpen artistikoak garatzen dabez. Holan ba, adierazpen artistiko ez ohikoentzat aukera ederra dala esan geinke. Baina definizino zehatzena antolatzaileek euren buruaz emoten deuskuena da: Topaguneko euskera alkarteek kurlturgileen partaidetzagaz euskal kulturea formato txikian bultzatzeko antolatutako kultur zirkuitoa da Kultur Errotea.