Txataren saltsea
Sekulako iraultzea dator, eta hau hasikerea baino ez da. Tarteka eta kasu solte batzuetan baino ez bada be, txatari esker ezagutu eta ezkondu diran bikoteak badagoz egon munduan; txataren bidez ligetea be erraza ei da. Dana dala, txatari esker, ligau, bikotea topau eta luzaroan hartu-emonetan (idatziz) ibili ondorik, aurrez aurre egoteko hitzordua ipinten dabenean, upealako ezusteak be izaten dira. Ez da ahaztu behar, txateetan dogunean edozein jarrera hartu geinkela: emakume baten papela zein gizonezkoarena, gaztearena zein zaharrarena egin geinke eta, beraz, zuhur ibiltea komenidu da. Interneten inork ez gaitu ezagutzen, eta anonimoak izanda, gure asmakizun hutsak egiatzat hartu leitekez. Txat foroetan nortasun barria asmau eta errealidadearen eta fikzinoaren arteko mugea zeharkatzeko modua dago. Ez dago jakiterik gure ordenagailuaren pantailan gauza ederrak idazten deuskuzan mutil edo neska gazte galanta eta interesgarria emoten dauena benetan holakoa dan ala ez.
Azken buruan, olgeta hutserako edo denporapasarako edo gauza serioagoetarako be erabili geinke txata, kasurako, munduko beste muturrean dogun senitartekoren bategaz zuzenean 'berba' egiteko. Behin txataren sareetan jausi ezkero ez dago handik iges egiterik (holan dinoe behintzat).
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Atarikoak
Komunikazinoaren gizarte honetako tresnen artean, duda barik Internet da (aurrerantzean indartsuagoa izango da ganera) komunikazinorako tramankulu erabilgarrienetakoa. Sareari esker, mundu guztiko jentea konektetan da, eta informazinoa, komunikazinoa, esperientziak eta jakituria zabaltzeko aukerea hor dago; banaka batzuk kenduta, gehienok erabili izan dogu noz edo noz.
Mundu hau ez dago geldi eta komunikazinorako elementu barriak agertzen jakuz Internet erabiliz; ondoko lerroetan horreetariko bat aitatuko dogu. Gaur egun gehienok entzun dogu 'txat' berbea, txateetan trebeak garalako edota txaten bidez lagunak egin doguzalako. Ingelesez 'chat' berbeak alkarrizketea esan gura dau, eta gaur egun hizkuntza guztietan sartuta dagoan berbea da, honegaz batera beste hainbat berba be sartu arren; euskerearen kasuan, Euskaltzaindiarentzat beharra.
Posta elektronikoa erabiliz, mezuak bialtzen doguz ordenagailu batetik bestera, baina txatagaz lortzen dogun alkarrizketea txandakakoa da, hau da, lehenengoak mezua bialduko deutso bigarrenari, eta honek gero erantzuna emongo deutso. Alkarrizketa modua nahikoa astuna da, ze komunikazinoa oso astiro doa. Arazo honeek konpontzeko asmoz, 'txateetako aretoak' asmau ziran. Holakoetan, leku bat antolatzen da eta berbaldian parte hartu gura daben guztiak hortxe konektetan dira zuzenean; gura dauenak berea bota eta txat kideek momentuan ikusten dabe euren pantailetan harek esandakoa eta alkarrizketeak benetako alkarrizketa baten itxurea hartzen dau.
Pausurik pausu
Gaur egun Internetera konektetan garanean, bertako portale edo atari batera sartzen gara. Atari horretatik hasten gara gauzak topetan eta nabegetan. Azken baten, gure ordenagailua beste ordenagailu batera konektetan dogu, beste zerbitzaile batera hain zuzen. Interneten hainbat eta hainbat atari dagoz, eta guk geuk aukeratu behar dogu zein dan gure gogokoena handik hasteko. Atari horreen artean, bizitza errealeko enpresa edo konpainien artean bezela, konpetentzia sutsua dago norberaren atarira ahalik eta jente gehien erakarteko. Jentea animetako, atari horreek edo batzuek behinik behin dobako e-mail helbideak, jokoak edota konekzino interesgarriak (linkak) ez eze, batzuetan, txateetako kanalak, gelak edo aretoak be eskura ipinten deuskuez.
Kanal horreek eginda edo sortuta topauko doguz, baina kasu batzuetan guk geuk izango dogu foroak sortzeko aukerea. Horretarako zer egin behar da? Ba gure kanal barriari izena emon eta datu batzuk zehaztu: zein hizkuntzatan izango dan, zeren ganekoa eta antzekoak, datu horreekaz interesauta dagozan lagunak gure kanal horretan parte hartu daien. Sortuta dagozan kanaletara sartzea gauza erraza da, eta ganera, zerbitzaileagaz eta atari horretako kanalakaz gustora ez bagagoz, beste atari batera salto egin eta han dagozanak probetako aukerea dago.
Txateetako norberaren izena edo ezizena erabili daiteke
Kanal jakin baten parte hartzen dogunean, ezizen bat erabiliko dogu eta ezizen hori agertuko da areto horretan parte hartzen dogunean eta gure berbak haraxe bialtzen doguzanean. Bestalde, kanal zehatz baten sartu eta bertan dagoan persona jakin bategaz bakarrik txateau gura badogu, badago horretarako aukerea be, izenaren ganean klik bikotxa eginaz. Ganera, bilatzaileak be badagoz parte-hartzaile jakin bat konektauta eta txateetan dagoan ala ez jakiteko. Kontua da, ezizena aldatu egin geinkela geuk gura dogunean, eta holako kasuetan ezinezkoa izango dogu persona hori topetea; horrenbestez, txataren suak harrapau bazaitu, onena ezizen ona aukeratu eta horri eustea izango da.
Pentsau daigun kanal baten sartzen garala; eskuman, goitik beherako zerrendan agertuko jakuz momentu horretan kanalean konektauta dagozan lagunak. Guk sortutako kanala bada, gure esku egongo da kanal horretako arauak ipintea: berbarako, birauak eta irain personalak galarazotea. Geu izango gara kanal horretako administradoreak eta parte-hartzaile batek arauak beteten ez baditu, gure esku egongo da lagun hori kanaletik kanporatzea, eta gura izan ezkero, barriro sartzea be galarazoko deutsagu. Interneten badagoz holako jokabide etikoak txateetako orduan: parte-hartzaileak errespetetea, enbarazurik ez egitea... Bestalde, txateetako edozein kanaletan sartzen garanean, onena gure benetako izena, helbidea eta antzeko datuak ez emotea da, eta jakina, gure bankuko kontu korronteko zenbakiak ez zabaltzea.
Txat alkarrizketak non egin
Txateetako atari erabilienen artean 'IRC Hispano' aitatu behar dogu:
www.irc-hispano.org
Edozelan be, atari gehiago be badagoz:
- MSN Chat http://chat.msn.com hotmail.com atariak eskaintzen dauena.
- ICQ http://web.icq.com ICQ atariak eskaintzen dauena.
- Yahoo atariak eskaintzen dauena: http://chat.yahoo.com
- Edota Telepolis atarikoa: www.telepolis.com atarian topauko doguna.
Txataren bizitasuna
Gure hitzak idatzita bialtzen doguzanean, sarritan ezin izaten deutsegu berbei momentuan sentiduten dogun emozinoa erantsi. Halan da be, arazo 'txiki' hori konpontzeko badagoz bideak: txateetan dogunean gure berbak ikur berezi batzuekaz hornidu geinkez:
:) irribarretxoa egiten dogula edo poza adierazoteko.
:( triste gagozala adierazoteko.
;-) begiagaz keinua egiteko.
:-0 zur eta lur geratu garala ezagutuarazoteko.
Era horretako ikurrak eskandalua dira, eta gero eta gehiago agertzen dira; badagoz egon, ganera, gure idatzietan holako arpegitxuak ipinten ixten deuskuenak. Emoticons izenekoak dira aitatutako ikur horreek.