Barriketan  III. urtea // 68. zenbakia

Adolfo Arejita: 'euskerea dana beharrean dago'

1. Xabier Kintanak, Jose Luis Lizundiak eta Andres Urrutiak proposatuta, gehiengoz hartu eban erabagia Euskaltzaindiak Larresoron: Andolin Eguzkitzaren hutsunea Adolfo Arejitak betetea. Luzaroan euskaltzain urgazle izan ostean, zelan hartu dozu erabagia?

Lehenengo proposatu egin ninduen eta proposamen hori neuk onartu behar izan neban; orduan, niretzat ez eze, gizartearentzat oro har, ona izan eikeala pentsau neban ze urte luzeetako esperientziaren ondorenez, zeozelako ekarpena egiteko moduan gagozala uste dot. Niretzat, jakina, pozgarria izan da ze ni neu bizitza osoan nabil hizkuntza eta literaturearen inguruko beharrean, bai ikerketan, bai irakaskuntzan eta bai gizarteratze edo hedakuntzan. Alde horretatik nire ibilbideari joakon izendapena izan da. Beraz, pozik hartu dot izendapena, eskerronez, ze holako izendapen bat zeozeren saria izaten da eta nire eretxian neure ibilbide luzean egindakoaren eskerronezko saria izan da; horrezaz gan, pozik hartu dot geroari buruzko langintza edo egitasmo barri baterako konbita dalako eta erronka horretarako neure burua gogotsu sentitzen dodalako.

2. Lehen be burukomin eta konpromiso faltarik ez dozu izan (Labayru, Deustuko Unibersidadea, Euskerazko Komunikazino Taldea, ikerketak, argitalpenak...). Andolin Eguzkitza izan zan legez, saltsa askotako perejila zara. Kargu barrian zeintzuk izango dira egitekoak eta helburuak?

Ez dot uste saltsa askotako perejila nazanik eta larregi be ez jat gustetan plaza gizona izatea. Jakina, badagoz arlo batzuk lanak diranak eta beste arlo batzuk, barriz, ordezkapen mailakoak. Labayrun nik arlo garrantzitsu bat daroat ze kulturearen kudeaketa aldetik, ikerketak bultzatzen eta egiten ditut; lan mardula da baina ez nabil bakarrik, gurea talde lana da eta ni hizkuntza alderdiaren buru izan arren, jente asko gabiz beharrean. Deustuko Unibersidadean irakatsi egiten dot azken 24 urteotan, Labayrun be beste horrenbeste edo gehiagoetan, niretzat lan osogarriak dira, izan be, irakastearen bidez hizkuntzearen fenomenoak hur daukazuzanez, hizkuntzearen ezpal asko ikasten dozuz eta horrek zirikatzen zaitu ikertzera. Beste arlo batzuk be aitatu dozuz, berbaldiak, kongresuetara joatea, epaimahaietan parte hartzea edo EKT berbarako baina horreek momentuko ordezkapen lanak baino ez dira ze administrazino batzordeko kide izateak ez dakar aparteko lanik.

Kargu barriaren egitekoak zeintzuk izango diran ez dakit oraindino ze hori Euskaltzaindiak berak zehaztu beharko deust. Nik, jakina, nire borondatea eta gogoa Euskaltzaindiaren zerbitzutan jarri ditut behar diran programetan parte hartzeko; hori bai, nondik natorren ikusita, batasunaren barruan, mendebaldeko euskereari leku gehiago edo bide zabalagoa eskaintzen ahaleginduko naz. Helburuen artean, nik uste dot gaur egun kalidadearen eta normalizazinoaren aldetik ditugula eginkizunik handienak; gaur egun, euskera aberatsa ez da posible hiztunen altxorragaz ez bada lotzen eta guk aportau geinke gehien ezagutzen dogun aldetik; hori bai, Euskaltzaindiaren eta euskerearen profesional guztion ardurea da hori. Bizkaian daukagun ahultasunetariko bat, horixe da: ez dogula jakin euskera osoan gure altxorra sartzen. Batua erabilten danean be bertoko hiztunentzako ulergarria edo identifikagarria izan daiteken eredua erabiltea da zentzuzkoena eta bizkaierea erabilten danean be beste horrenbeste, hau da, izan daitela hizkera erreala. Gerra aurrean, gure Kirikiñok, Zamarripak eta Azkuek jakin eben euren aldizkarietan alderdi hori jagoten; jokera garbizaleak be egon ziran, hizkuntza bizitik urrunagokoak eta horreek mesede baino kalte handiagoa egin eben.

3. Labayruko Hizkuntza arloko arduraduna zara eta bizkaierearen alde egin dozu beti, baita mendebaldeko euskerearen kontrako jarrerea zabal ibili danean be. Gaur egun, bizkaierea zelan dago osasunez?

Itaun horrek erantzun gatxa dauka. Nik uste dot Bizkaiko partean eta soziologia aldetik begiratuta, eskualde batzuetan euskerea sendo dagoala eta beste batzuetan, ostera, ez baina beste lurraldeetan be antzera pasetan da. Edozelan be, bizkaierea ez dot indartsu topetan leku askotan, batez be, gitxi baino ez dalako jagoten bizkaiko erregistroa maila idatzian eta estilo jagian; hori beharrezkoa da berbeta hori egiten dabenak identifikau daitezan euren berbeta moduagaz eta eretxi ona euki dagien euren berbeta moduarena ze testu idatzietan topetan daben eredua oso bestelakoa bada eurek egiten dabenetik euskerearen barruan elebitasun antzeko bat sortarazoko dalako. Horrek ez dakar mesederik euskera biziarentzat eta danon ahalegina behar da: udalak, erakundeak, irakaskuntza, komunikabideak...

Gerra ostean, giro geldoan sartu da Bizkaiko gizartea euskerearen alderdian; ganera, irakaskuntzan eta komunikabideetan zabaldu dan euskera moduak ez deusku asko lagundu geure euskerea izartzen, geurea ahaztu eta besteena imitetan ahalegindu gara. Kontuak kontu, lozorrotik astiro-astiro goaz izartzen.

4. Euskaltzaindia 1919an sortu zala kontuan hartuta, bizkaierea oraindino normalizau barik egotea noren errua da?

Errua ezin jako erakunde bati leporatu. Euskaltzaindiaren helburuen artean ez dago bizkaierea literarioa finkatzea, batua finkatzea da helburua eta ez euskalkiak finkatzea. Beste euskalki batzuetan be, zuberera edo lapurteraren kasuan be Euskaltzaindiak ez dau esku hartu. Kontuan euki, herrialde batzuetan akademiarik euki ez arren, gizarte mailan oso dinamikoak dirala hizkuntzearen aldetik eta, beraz, garrantzitsuena gizartea bera dinamikoa izatea da; beraz, bizkaierea normalizauta ez egotearen errua barik, erantzukizuna danona dala esango neuke.

Hori bai, bizkaierearen arloan pausu handiak emon doguz eta nire ustez Labayru Hiztegia, Bizkaiera eta Batua buztarturik eta Bizkaie Euskerearen Jarraibide Liburua izan dira ekarpenik garrantsitsuenak; hiztegiaren bigarren zatia falta da eta aurtengo Durangoko Azokarako argitaratzea da asmoa.

5. Euskerearen egoerea, oro har, zelan ikusten dozu?

Lurraldeen arabera, egoerea desbardina da; gizarte mailan, Gipuzkoa aldean oso indartsu ikusten dot maila guztietan; Bizkaian lege edo babes mailan, etxura baten ondo baina maila errealean ahul; Araban, egoerea aspalditik datorrena da, eskasa, beraz; Nafarroan eta Iparralden egoera administratibo okerragoan dagoz, Iparralden askosaz ahulago, galzorian ez dot esango baina arrisku handiaren azpian bai. Oro har, jente asko dago euskeraz dakiena baina gizarte mailan ez da lar erabilten hartu-emon normaletan.

Beste arlo batzuetan, irakaskuntzan berbarako aurrerakuntza handiak egin dira baina oraindino be, bizkaiereari ze tratamentu emon zehaztu barik dago. Komunikabideen arloan, maila lokalean oso urria da euskerearen presentzia eta gizartearen dinamikak artezten dabezan uri handietan be bardin; euskerea dago dana beharrean.

6. Administrazinoa euskalduntzeko prozesua luze doa. Zerk huts egin dau?

Kontuan hartu holako prozesuak ez dirala epe laburrekoak eta emoitzak ikusteko denporea behar dala. Hori bai, goitik emon dira pautak, hau da, Jaurlaritzea lako goi administrazinoan aurrerago eta zehatzago joan da euskerea beheko administrazinoan baino. Udal mailan, gizartearen inplikazinoa handiagoa dan arloan astiroago joan dira, batetik, esperientzia gitxi egoalako eta, bestetik, udal administrazinoko jentea beranduago kontzientziau dalako. Udal askotan noraezean ibili arren, inportanteena da udal mailan zeozer egiteko gogoa eta ardurea biztu dirala; prozesua martxan dago baina egitasmo zehatzak egingo dabezan erakundeak behar dira.

7. Komunikabideetan ibilitakoa zaitugu (Herri Irratia, Bizkaia Irratia...) eta gaur egun Euskerazko Komunikazino Taldeko Administrazino Kontseiluko kidea zara. Azpieuskalkiak euskera batuaren aberasgarri dirala gauza jakina da baina bakotxari ze arlo jagoko?

Bai. Zortzi bat urtean Bilboko Herri Irratian ibili nintzan FM arloan egiten ziran euskerazko irratsaioetan, batez be, kultura arloetan baina lan honek ez nau sekula bete, nire bizitzako etapa bat baino ez zan izan.

Itaunari erantzunez, azpieuskalkien eta batuaren erabilera eremuetan ez dago ezelako zehaztasunik baina lekua bakotxak egiten jakin behar dau, bidea eginez egiten da. Dana dala, azpieuskalkien kontuan, ardura apur bategaz ibili behar da, neurria hartu behar jako azpieuskalkiak tratetako moduari. Nik ez dot txarto topetan herri bateko irratian bertako erregistroa erabiltea baina ahoz egiten diran fonetismo guztiak idatzira eroatea alperreko ahalegina da, horrek ez dakar mesederik, kalterik be ez dot pentsetan baina azpieuskalkien errekuperazinorako lekuan lekuko altxorra eredura ekartea da onena; emoten dau gure tradizinoa be ez dogula ezagutzen, Ondarroan berbarako Domingo Agirre, oraintsu joan jakun Augustin Zubikarai eta Kamiñazpik bertako euskerea eginaz eredu landua erabili izan dabe.

8. Oraintsuko izendapenaren kontura bueltauta, Itziar Laka, Miren Azkarate, Beñat Oihartzabal eta Piarres Xarritonen hautagaia, Euskaltzaindiaren historian bigarren andrazkoa izango zan euskaltzain osoen artean, 92an Miren Azkarateren izendapenaren ondoren. Orain arteko sei euskaltzainburuak be gizonezkoak izan dira. Aukera bardintasunaren legea ez da betetzen Euskaltzaindian?

Neuk be inoiz baino gehiago sentidu dot andra edo emakume ez izana. Argumentu hori urrunago eroanda, esan leiteke gizarteko beste sektore batzuk be lekua beharko leukiela akademian erespide hori erabili behar bada. Nik ondo ikusten dot administrazino, aginte eta holako mailatan gizon eta emakumeen arteko banaketa hori baina merituak, curriculuma, gaitasuna eta holakoak aintzat hartu behar diranean, ez dakit nik hori dan erabili beharreko erespide zuzena. Bat dago dagoan lekuan ez emakume edo gizona izateagaitik, ezpada ibilbide bat egin dozulako eta ibilbide horrek gizartearen aurrean zeozelako abala emoten deutsulako.

9. Zeozer gehiago esan gura badozu, hauxe da momentua...

Azken gogoeta legez, dei egingo neuskie euskeraz dakienei eurak edo geu garala hizkuntzearen protagonista eta bermatzaile nagusi; bihar-etzi euskerea erabiliko bada, euren ahaleginez izango dala eta erderara joten badabe, bihar-etzi erabiliko dan hizkuntzea ez dala euskerea izango. Bizkaierearen kasuan, horrek aplikazino berezia dauka. Euskeraz ez dakienak nekez lagunduko dau hizkuntzea indartzen eta euskerea pasiboa daukienak (ezagutu bai baina ez dabe erabilten) aitzen daben aldetik lagunduko dabe baina bizkortu ez dabe hizkuntzea bizkortuko. Ondo edo txarto, euskeraz dakigunok gara hizkuntzearen motorra.


Adolfo Arejita

Bilbon jaioa, umezaroa Morgan (Bizkaia) pasau eban. Deustuko Unibersidadean Filologia eta Letretan lizentziatua, Hizkuntza Erromanikoen sailean. Euskal Filologia adarrean Doktorea, Deustuko Unibersidadean, 1995ean. Unibersidade horretan dihardu, irakasle, 1980-81 ikasturtean hasita, gaurdaino; honako gaiak irakatsi ditu: Euskerearen Morfosintaxia, Euskerearen Gramatika Historikoa, Euskal Literatura Klasikoa eta Lexikologia eta Semantikea. Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle be izan da, 1992-1994 bitartean, Euskal Hizkuntzearen Teoria eta Egiturea eta Gaurregungo Literatura Unibertsala gaiak irakatsi ditualarik.

Kazetari lanetan be ibilia da: Bilboko Herri Irratian, TVE-ko Bilboko Zentroan eta Bizkaia Irratian.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1983ko apirilaren 28an.
Labayru Ikastegiaren Euskal Hizkuntza Arloaren zuzendaria da, 1977an sortu zanetik eta gaur arte, eta baita Litteræ Vasconicæ / Euskeraren Iker Atalak aldizkariaren zuzendaria be, sortu zanetik (1981) gaurdaino.

Ikerkuntza-lana, batez be Labayru Ikastegiaren eta Deustuko Unibersidadearen inguruan garatu dau.

Lan ugari argitaratu ditu, bai testu zaharren inguruan, baita gramatikari buruzkoak be.

Koldo Isusi Zuazo