Udako kanpamentuak: denporea pasetako edo eduketako?
Kanpamentuetako begiraleen lana aitatu gura neuke. Gazteak izaten dira, diru gitxi kobretan dabe (edo bapez) eta normalean ez dira profesionalak izaten. Hori entzunda, baten batek pentsauko dau ez dabela konfidantza askorik merezidu. Baina behar egiteko daukien gogoak bakotasun danak baino gehiago dira.
Horregaitik mingarriak iruditzen jataz begiraleek kontetan deustiezanak, ume askok eta euren gurasoek euren beharra ez dabela aintzat hartzen esaten deustienean, hatan be. Zaindari modura hartzen dabez begiraleak eta errez baino errezago ahazten dabe begirale horreetatik hamaikatxu gauza ikasiko dabezala borondate apurra euki ezkero.
Borondate berbea aitatu dot, hori derrigorrezkoa da eta. Borondatea behar da danon beharra ontzat hartzeko, udako denporeari bere balioa emoteko eta kanpamentu edo kolonia horreetatik sekula ahaztuko ez diran bizipenak atarateko.
IƱaki Atxutegi
Egunkarietako albiste fresko horreetako bat dala esango geunke. Udako kanpamentu eta koloniak martxan dagoz. Umeek etxetik kanpo emongo daben denporea guraso askok "liberazino" modura ikusten dabe. Seme-alabak etxetik "bialdu" egiten dabez, eta honeek begiraleen kargu geratzen dira. Begiraleen ardurapean jan, edan, lo eta olgau egingo dabe. Denpora pasa hutsa, etxuraz baino ez bada be.
Baina gauzak ez dira horren sinpleak, izan be, bertan umeek etenbako edukazino-prozesua eukiten dabe. Etxean, kalean eta ikastolan, bizitzarako ikasgaiak barruratzen dabez. Eta gogoan euki behar dogu kanpamentuetako begiraleak umeen hezitzaileak dirala, ikastolako andereƱoaren bestekoak.
Kanpamentu aldian, mendian gora eta behera, ugerlekuetan, jolastokian edo jangelan, umeek koadrilea osotzen dabe. Euren bizimodua ez da etxeko bardina izango: gurasoak ez dira inguruan egongo eta natureagaz hartu-emon zuzenak eukiko dabez. Horregaitik da horren garrantzitsua begiraleen lana, eurak dira eta bestelako mundu horretako hezitzaileak. Asfaltoa, eguneroko bizimodua, etxeko lanak eta arbelak ahaztuko dabez, danak be. Neguko bizimoduak bere neurriak eta baloreak ditu, bai, baina udakoak be baditu bereak. Eta hor, umeen gidari eta maisu/maistra izango dira begiraleak.