Kulturea  I. urtea // 6. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 15a - Hamaboskaria

Liburu barik ez joan oporretan gero!


Hona hemen beraz, udan irakurgairik falta ez daiten lau liburu ederren ganeko kontuak. Orain falta dan bakarra irakurleak erantzutea da, ze laurak dira itzulpenak eta liburu itzuliak normalean ez dau izaten jatorrizkoaren arrakastarik. Geure kalterako, esango neuke nik, mundu zabaleko idazleak norberaren hizkuntzan irakurteko erea izanda, irakurlearen hizkuntzea aberasteko ezeze, danon mundua zabalago egiteko bidea dan ezkero.

Edorta Jimenez,
Idazlea.

Liburuak noiz irakurteko diran itaundu ezkero, askok udarako dirala erantzungo leukie. Ez dakit nik gero udan hainbeste irakurten dan baina, esan holantxe egiten da eta, hona hemen gure eskuetara ailegau diran azkenak, danak itzulpenak: 'Bizi Alegizkoak', Marcel Schwobena; 'Candida', Bernard Shawena; 'Mikel Strogoff', Jules Vernerena; azkenik, 'Artemio Cruzen heriotza', Carlos Fuentesena.

Carlos Fuentesek ez dau aurkezpen txartelik behar. ‘Gringo viejo’ filmeko istorioaren sortzailea hedabideetan agertu izaten da, tarteka-tarteka. Halanbada, ez da publiko zabalaren ezezaguna. Beste kontu bat da publiko horrek haren idazlanik irakurri dauen ala ez.

Latinoamerikan, XX. gizaldiaren bigarren zatian bizi izan zan literatur sormenaren sumendiaren leherketearen ostean irauten jakin dabenetakoa da Carlos Fuentes, haren ibilbideko lehenengo mugarria ‘Artemio Cruzen heriotza’ dala. 1962an argitaratua, ‘Artemio Cruzen heriotza’ honek aho zabalik itxi zituan orduko kritikoak zein irakurleak, eta harrezkero egilearen itzalak handi izaten jarraitu dau.

Latinoamerikako nobelagintza barriak euskal literaturan eragin nabarmena izan eban. Hain nabarmena ze, Mikel Lasa poeteak haren ganeko saiakera liburua idatzi eban. Arean ez dau azaleko holako eraginik izan baina, sortzaileen arteko alkarrizketetan hainbatetan sortzen dan izena da Marcel Schowb. Euskeraz lehenengoz argitaratu dan ‘Bizi alegiazkoak’ honi egin deutson hitzaurrean Iñaki Aldekoak aitatzen dauen moduan, Atxagaren ‘Etiopia’ haretan be agertzen dan izena da Marcel Schwob.

Eragin horren lekuko dira orain arte euskeratu diran haren liburuak. Marcel Schwob handiak idatzitakoa da ‘Urrezko maskararen erregea’ ospetsua, Pamiela etxeak 1987an argitaratua, edo ‘Mimoak’, euskeraz Baroja argitaletxeak 1985ean plazaratua. Marcel Schowben ‘Bizi alegiazkoak’ honen maminean dagoanaren azaleko metodoa zineak eta telebisteak erabili izan dabe, gehienok gogaitu eragin arte erabili be. Metodo horren mamina, hain zuzen be, protagonista errealakaz egintza asmatuak zein benetakoak maila berean erabiltea da. Jakina, metodoa nork erabilten dauen, maisuak edo zaborgileak, horra aldea.

Eta idazle batzuen eragina edo itzala idazleen artean igarten dan legez –Marcel Schowb edo Carlos Fuentes horren adibide bi dirala– beste batzuen arrakastea irakurleen multzoan igarten da. Bigarren multzo horretako idazleen artean izen bat aitatu behar izan ezkero, gehienok Jules Verne aitatuko geunke, ziur. Bada, ‘Mikel Strogoff’ Literatuta Unibersala bilduman argitaratu beharreko ehun tituluen artean ikusteak harritu egin nau. Gazteek eskuartean erabili beharreko liburua holako bilduma serioan ikusteak ez dakit nik berezko beharko leukean publikoari mesede edo kalte egingo ete deutson.

Bestela, Mikel Strogoffenak, edizino laburtu edo ilustratuetan, zinean zein telebistan, hamaikatxu bider adituta gagoz horrenak. Bada, edizino hau zertara datorren ulertu barik be, eskertzekoa da testuagaz batera J. Férat haren irudi klasikoak sartu izana, era horretara, nobelearen zahar-usainaren xarmaren aire bat berreskuratzen da eta. Hau bai oporraldietan irakurteko modukoa. Duda barik.

Orain arte aitatu doguzan hiru liburuak legez, Ibaizabal argitaletxea plazaratzen diharduan Literatura Unibersala bildumakoa da Bernard Shawen ‘Candida’ antzezlan euskeratua eta, Verneren kasuan legez, honetan be eztabaidea sortu daiteke. Antzerkia bilduma honetan? Eta antzezlan hau sartzeko, ganera? Ez gara eztabaidan sartuko, behin egin dana betiko eginda dagoalako. Antzerkia irakurteko gauza zarienok berton dozue, euskeraz, feminismoa landu eban Shawen lan ezagun hau.