Patagonian zehar Ushuaiarantz
Rio Gallegosera ailegau gara, baina ez daukagu txartelik hurrengo egunera arte. Egunean autobus bakar bat dago Ushuaiara joateko. Rio Gallegos kontinenteko azken herria da Suaren Lurraldeko islara sartu baino lehen. Hemen geratzea ez zan izango txarra, polita balitz, motza da, baina. Motz-motza: etxeak, ingurua…; aterpetxera joan gara arin: leku berezia zeozelan esateko. Tinbrea jo eta musika-kajako doinutxua entzu dogu. Musika-kajako musikearen antzera, luzaroan jo dau tinbreak. Gizon batek zabaldu deusku atea, uleagaz hartu-emon bereziak dituana: gitxitan nahasten dau ulea, eskuak, txanpua eta ura. Sartu gara eta gelara eroan gaitu. Bertako horma-papela marraduna da, eta emoten dau munduko marra guztiak berton dagozala: berdea, zuria, berdea, zuria…
Herrian bueltatxu bat emoten joan gara. Horrenbeste denpora jesarrita autobusaren barruan emon eta gero, gustura sentidu dogu haizea aurpegietan. Izan be, haizeak ondo joten dau herrian. Etxerako bidean kitano batzuk ezagutu doguz: ia nondik gatozan, ia zer egiten gabilzan… Euren arbasoak Hungariatik etorri ziran eta oraindino hizkuntzea gordetan dabe. Ekaitz nebea gizonagaz berba egiten egon da, eta ni, andrakaz. Andrek gona luzeak daukiez kolore argikoak, eta ule luzea txirikordatan batuta, eta arrakada luzeak, landutako zidarragaz eginda. Gustura egon naz eurakaz berba egiten. Bitartean, gizonak kotxe handi bat saldu gura izan deutso Ekaitzi: batetik bestera ibilteko, hobe dogula kotxea erostea…
Hurrengo egunean, ostatuko ugazabandreagaz egon gara berbetan. Aterpetxean era guztietako elefanteak daukiez: tronpa gora daukiela, behera daukiela, gorriak, berdeak, ilunak, urdinak, berdeak, txikiak, handiak…; andreari elefanteen ganean itaundu deutsagu eta esan deusku elefante guztiengan sinisten dauala. Gero kontau deusku orain dala urte asko, Alfonsin agintean egon zanean, berak eta gizonak beharra galdu ebela. Diru gitxigaz ibili ziran: jateko gitxi, eta edozelako beharretan ibili zirala bizimodua atarateko. Holako egun batean pakete bat jaso eben. Paketea zabaldu eta elefante bat egoan barruan. Paketea Buenos Airesetik etorren baina inoz ez dabe jakin nork bialdu eutsien. Elefantea etxeko apal batean imini ostean, familiaren suertea aldatzen hasi zan: diru gehiago sartu zan eta hobeto ibili ziran. Ordutik, urtero-urtero andreak elefante bat erosten dau. Bidaiaren bat egiten dauanean be, ez da inoz etxera joaten elefante bat ekarri barik.
Iratxe Ormatza
Puerto Madrynen beste hiru egun egin behar izan doguz itxaroten, autobusez joan ahal izateko. Udea da, argentinarrak oporretan dagoz, eta gure moduan jente franko dabil. Hegazkinez joateko aukerea izan dogu: lehenengo klasean. Baina pentsau dogu gurago dogula autobusez joatea eta hemengo harriak hogeita sei orduz gure eperdian sentidutea. Hori be bada lujoa, ezta?
Patagonia lau-laua da, sikua; hemen dabilen haizeak dana eroaten dau beragaz. Landareria ezinbestean txikia, neurri apalekoa da. Hemengo handitasuna zeruan dago. Zerua da Patagonian jaun eta jaube, berak hartzen dauz bere barruan paraje guztiak, zabala da. Edonora begiratzen dozula, zerua azaltzen jatzu: harro. Iluntzeak be bereziak dira, luzeak, luze-luzeak. Eguzkia gitxika-gitxika doa bestaldera. Eta handik behetik argia emoten segiduten dau, luzaroan, munduko beste alderdiari eguna egiten deutson bitartean. Iluntzean hodeiak be eguzkirantz joaten dira, mehetu egiten dira, lerro moduan arineketan eguzkirantz doazala emoten dau, eguzkiak indar berezi bat eukiko baleu moduan, hodeiak eta lainoak bereganatzeko. Autobusetik mendi bat ikusi dogu. Paisajea laua-laua da, eta lurraren ganean iminitako mendia emoten dau. Kapelaren antza daukan mendia da. Eta “Printzipe Txikia” liburuko kapela etorri jaku burura. Ez dogu barruan dagoan elefantea ikusi, eta beraren antzean, elefantea imajinau dogu.
Patagonia izenak be badauka historia. Magallanes eta Elkano munduari bueltea emoten ibili ziranean, hemen lurreratu ziran. Indioak sano handiak ziran: 1,80 eta 1,90 metro ingurukoak. Sasoi haretan, Europan baegoan liburu bat, sano ezaguna zana. Liburuaren protagonistea heroi bat zan, handia zana, eta Patagon izena eukan. Eta hortik dator Patagonia izena.