Antxina-barri  III. urtea // 67. zenbakia

Miñez gatoz...

Augustin Zubikarai eta EUZKO


Jakina da “Euzko” moduko aldizkari batek ez ebala diru etekinik emoten, baina helburua zein zan ikusita EAJk eutsi egin eutson. Dana dala, 1934ko bagilean, galerak lar handiak zirala eta zarratzea erabagi eben jeltzaleek.

Erabagia zein izan behar zan ikusita, euskaltzaleak zarratzearen kontra agertu ziran eta horreen artean sutsuen Augustin Zubikarai izan zan. Oraindino gordeten da, berak, Ondarroako Euzkeltzale-Bazkuna alkartearen izenean, EAJren Bizkaiko agintariei bialdutako kartea. 1934ko bagilaren 27an idatzi eutsien, “Euzko” argitaratzearen alde gogor eginaz. Kartearen hasikeratik ikusten zan bere min eta hasarrea: “Miñez gatoz...” esaten eutsien BBBko burukideei eskutitzako lehenengo lerroan. Hurrengo lerroak be ez dira edozelakoak: “Euzkerea zabaldu, euzkerea erabili, euzkerea, euzkotar gustijon izkuntzea danez, edertu ta ugaritu ta erakustera alegindu bihar gariala esaten gabiltzaz egunoro, eta geu abertzaliok gara euskera ori bastartuten gabiltzazanak”. Ikusten danez ba, berba gogorrak baina zintzoak EAJko arduraduneei botatakoak. Aldizkaria zarratzea diru kontua zala onartu eta gero, gogor jarraitu eban jeltzaleen kontra: “Eta au lotsagari-be lotsagari dala uste dogu abertzale deitzen dan eri batentzat; eta askoz be losagarijago eri oren gogo-jaube dan abertzale alderdijarentzat”. Azkenik, kartea “Euzko” aldizkariaren “berpizkundia” eskatuz amaitzen eban. Kartea Zubikaraik Ondarroako Euzkeltzale Bazkunaren idazkari modura eta Sekundo Bedialauneta alkarteko lehendakariak sinatu eben.

Egun bi geroago, Ondarroako Jelkideek be bialdu eutsien eskutitzea BBBko kideei baina dana alperrik izan zan. Erabagia hartuta egoan eta diru kontuak zirala eta euskeraz idatzitako aldizkariak ez eban aurrera segidu.

Beraz, esan geinke Zubikaraik 'gerratxua' galdu ebala, baina gaur egungo egoerea ikusita, euskerazko aldizkarien kopuru aldetik behintzat, uste dogu gerra nagusia irabazteko bidean garala, batez be Augustin Zubikarai moduko lagunei esker.

Augustin Zubikarairen omenez

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria


Egunotan jakin dogu, Augustin Zubikarai euskaltzale ospetsua hil dala. Aspalditik makal ebilela bagenkien be, aste hasikereak ekarri euskun barri txarra. Ez dogu hemen Zubikarairen bizitzearen begiradea edo laburpenik egingo. Aldizkari honen beste atal batzuetan guk baino jantziagoak diranak egin dabelako eta egunotan be izan diralako egunkarietan beraren gaineko artikuluak.

Ondarrutar ospetsu honek egindako lana ardatz nagusitzat hartuta eta artikulua Bizkaie! bizkaieraz idatzitako aldizkarirako dala kontuan hartuta, hurrengo lerroetan Zubikaraik parte hartzen eban bizkaieraz idatzitako aldizkari baten barri emotera goaz: “Euzko” aldizkaria.

1930eko hamarkadea euskal abertzaleentzat momenturik onena izan zan eta abertzaletasun ideiak edonon zabaldu ziran Euskal Herrian zehar. Aspalditik etorren euskerazko egunkariaren aldeko nahia eta helburua bete arte, ahalegindu ziran euskal zaleak euskera hutsean idatzitako argitalpenak argitaratzen Horreetariko bat “Euzko” aldizkaria izan zan. 1932an jaio zan eta EAJ alderdi politikoak argitaratzen eban, izenburuaren azpiko lerroan jarritako “Jaun-Goikua eta Lagi Zara” esaldiak argi ixten ebanez

Aldizkariak jorratzen ebazan gaiak edozetarikoak ziran: erlijinozkoak, politikoak, baserri lanen gainekoak, astean pasautakoak, baina beti be helburu bardinagaz: euskal abertzaletasunaren ideiak bizkaiko euskerean zabaltzea. Euskeraz izanda, argitalpenak interes berezia ipinten eutsen baserri eta arrantza inguruko barriei. Gero baziran herrietako kolaboratzaileak be, eta aldizkariko atal honek eukan garrantzi gehien aldizkariaren barruan. Herrietatik bialdutako barriak “Euzkadi. Erijetako izparak” atalean batzen ziran eta atal honek ia aldizkariaren lau orrialdeetatik bi hartzen ebazan. Bertan agertutako albiste edo eskutitzetan, Euskadiko hainbat herri txikitan pasetan ziranen barri lortu geinke; bardin hiletak, jaiotzak, jaiak, edo jazotako edozein bitxikeri. Aitatzekoa baita be, herrien arteko tirabirak aldizkariaren atal honetako artikuluetan azaltzen dirala, artikuluei bizitasuna emonaz eta joan-etorriko jokoa sortuz. Herrietatik bialdutako barriak gehien bat Bizkaiko eremu euskaldunetik heltzen ziran, hau da, Uribe Kosta, Busturialdea, Lea Artibai eta Durangaldeko eskualdeetatik, baina baziran Bilbo ingurutik idazten ebenak, berbarako Deustu edo Begonatik.

Idatzitako artikuluak beti sinatzen ziran ezizenakaz, beraz, sarri ez da bape erreza izaten ezizen edo goitizen bakotxaren atzean nor dagoan jajkitea. Ziur dakigunez, idazleetariko bat Augustin Zubikarai bera genduan; gainera, idazteaz gan, aldizkariaren bultzatzaile nagusienetarikoa be bazan.

Aldizkariko beste atal bat iragarkiak ziran eta harritzekoa bada be, nahiko iragarki agertzen dira “Euzko”ren orrialdeetan.