Musika esparru birtuala eskuragarri jarri dau Metak diskoetxeak
«Zergaitik jarri doguzan kanta guztiak entzuteko moduan?», galdetu eta, jakina, «berbaz azaldu eta deskribidu behar da musikea, baina ez dago entzutea lakorik. Hori da katalogoa entzuteko moduan ipinteko izan dogun arrazoia», erantzun eban.
Gotzon Uribe
Jentearen beharrizanak, ideiak, gustoak eta jokera barriak kontuan hartzea nahitaezkoa da merkataritza asmoak dituan edozeinentzat eta, esangura horretan, disketxeek eurek be goitik behera aldatu behar izan dabez lan jarduerak eta oraintsura arte arruntak ziran eskaintzak, beti be, ahalik eta bezero gehien erakarri guran. Internet Sareak eskaintzen dituan aukerak eta arriskuak ikusita, mobimentu handiak izan dira musika artxiboen harian.
Orain urtebete Apple etxeak MP3aren antzeko formatua jarri eban merkatuan musika birtuala Machintosh ordenadoreakaz lotzeko asmoagaz. Pare bat hilabeteko tartean bi milioi kantu saldu ei ebazan. Hortxe hasi zan formatu birtualaren zabalkundea. Gurean, Metak disketxea izan da formatu hori erabiliz diskoak saltzen hasi dan lehen euskal etxea.
http://www.musikametak.com webgunean orain dala hilabete bat inguru zabaldu zan aukerea eta Iñigo Martinez-en esanetan, «Hemetik aurrera, aukera hau ezagutzera emon ondoren, salmentak gehitu egingo dirala uste dogu». Bostehun talde (500 bat kantu) jarri dabez azken boladan aparteko indarra hartzen dagoan formatu horretan. «Guk MP3 deitzen jakon artxibo konprimidu batean sartzen doguz diskoan diran kantuak, eta PDF formatuan azala eta kontrazaleko diseinua. Dana oso prezio onean jarten dugu salgai, sei eurotan», esan eban Metak disketxeko ordezkariak. «Webgunea barritzen hasi ginanetik, informazinoari leku handia emotea erabagi genduan, azken finean, gu taldeen eta zaleen arteko bitarteko garalako. Webgune barrian, beraz, ahalegin handia egin dogu taldeei buruzko informazinoa biltzen. Talde bakotxaren inguruan azalpen testu bat eskaintzen dogu, geugaz daukien diskografia aurkezten dogu edo aurretik Esan Ozenkigaz eukiena, kantuetako berba guztiak, taldearen argazkiak, agendea eta beste hainbat kontu eskaintzen doguz. Era berean, Metak disketxeko katalogo guztia entzuteko moduan jarri dogu, eta bideoak be bai. Hori guztia, oso-osorik lau hizkuntzatan jarri dogu, guk hasikeratik kanpoan lan egiteko bokazinoa euki dogu eta».