Zinea  III. urtea // 67. zenbakia

Incautos


“Incautos” Miguel Bardem-en laugarren filma da, azkenengo pelikula egin ebanetik 3 urte igaro ostean estreinau dana. Bardemek Ernesto Alteriok antzezten dauan iruzurti baten istorioa kontetan deusku, txikitatik timo eta engainuaren aditua izaten lagundu deutsien bizimodu aldrebes baten barri emonaz. “El Manco” ezizenez ezagututako gizona euki dau maisu eta honek Federico iruzurti handia aurkeztuko deutso. Horren bitartez, Ernestok aberatsak eta politikariak engainetan ikasiko dau, harik eta Pilar, Federicoren maitale ohia, ailegau arte. Hirurek maitasun, gorroto, mendeku eta diru-goseaz betetako triangelua osotuko dabe.

Film honetan guzurra agiri da gauza guztien ganetik, eta timoa, iruzurra, ziria nahiz engainua mundu eta persona guztietatik hurren. Bardemek timo mueta askoren ganeko istorioa atondu dau, baina guzti-guztiok memelo hutsak garalako ideia orokorraren barruan sartuz.

Pelikulea sano interesgarria da, ikuslea zirkinik egin barik jesarlekuari lotuta egotea lortzen daualako. Kontakizuna arina eta argia da. Bestalde, aurpegi askoko Federico Luppi ezagunaren jarduna zoragarria da; haregaz batera, Ernesto Alteriok frogatuko deusku aitaren talentua jasoteko eta mamitzeko gauza izan dala; azkenik, iruzurtirik onena, istorioaren ukutu femenino eta iluna, daukagu: Victoria Abril handia, beti baizen sentsual, erakargarri eta bizia.

“Siete reinas” ikusi bazenduen, beharbada plagio antzeko bat ikusten zagozela begitanduko jatzue; edozelan be, ondo eginda dago eta tarte on bat pasetako guztiz aproposa da.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Miguel Bardem.
- Herrialdea: Espainia, Frantzia.
- Iraupena: 110 minutu.
- Antzezleak: Ernesto Alterio (Ernesto), Victoria Abril (Pilar), Federico Luppi (Federico), Manuel Alexandre (Manco), Gilbert Melki (Mellado), Alejandro Casaseca (kitanoa).
- Gidoia: Miguel Bardem eta Carlos Martin.