Azken hogei urteotan Hiesaren izurriteak hazkunde geldiezina euki dau andrazkoen artean
Desbardintasunak
Bata nahiz bestearen kasuak adibide hutsa besterik ez ziran izan, hau da, NBEk nazinoarteko komunidadeari kolektibo honentzako estrategia bateratu eta zehatzak abian ipintea eskatzeko erabili ziran lekukotzak. Datuek, beti hotzek eta gordinek, batzarrean salatutako errealidadearen barri emoten dabe. 1985ean infektauriko guztien % 35 baino ez ziran andrazkoak. Gaur egun, kopuru horreek % 48ra heldu dira eta planetako hainbat alderditan, berbarako Sahara azpiko Afrikan, % 57koak dira.
Andrazko batek kutsatzeko daukazan aukerak gizonezkoen bikoitza dira babes bako sexu hartu-emonen kasuan. Baginako mintzak birusaren sarrerea errezten dau eta koitoak, ganera, aparatu genital femeninoaren barruko hormetan zauri txikerrak eragiten dauz, GIBari erosotasunagaz sartzeko aukera handiagoak emonaz. NBEren arduradunek esandakoaren arioan, arrazoi biologikoak nahiko dira, neurriak albait arinen hartu daitezan. “Ezin da onartu herrialde batzuetan gazteak gazteegitzat hartzea sexu seguruaren ganeko informazinoa emoteko, baina ez Hiesaren eraginez hilteko” adierazo eban Thoraya Ahmed NBEko Biztanle Fondoko zuzendariak.
Larriena, ostera, andrazkoen ekonomi eta gizarte menpetasuna da, batez be Hirugarren Munduan; izan be, bertan emakumezkoak sexu hartu-emonak eukiten behartuak izaten dira eta fideltasuna ez da ezelako bermea Hiesari aurre egiteko. Ganera, ez daukie preserbatiborik erabilteko benetako aukerarik, ez eta bidezidor estu horretatik urteten laguntzeko kultura egokirik be. Gauzak holan, ez da harritzekoa, NBEk salatu eban moduan, Afrikako hainbat herrialdetan bizi itxaropena 40 urtetik beherakoa izatea, kasu baterako Zambian, Zimbabuen eta Mozambiken.
Nazino Batuek uste dabe mundu osoan infekzinoari aurrea hartzeko prestakuntzea eta edukazinoa behar dirala. “Lancet” aldizkari mediko ezagunak erantzun aproposa emon eban gaixotasun honen inguruan idatzitako azken aleko azalean: “Kondoiak saltzeko preziorik onena, baita herrialde aberatsetan be, zero da”.
Begiluzea
Munduko andrazkoen artean izaten diran Hiesa kasuak % 50 hazi dira hogei urteko epean. Afrikan bizi itxaropena 40 urtera artekoa da gaur egun.
Hiesak andrazkoen artean euki dauan hazkunde geldiezinak alarma guztiak izetu dauz. NBEk Bangkok-eko nazinoarteko batzarrean munduko gobernuei eskatu deutse, besteak beste, gaixotasuna andrazkoen artean ez zabaltzeko neurriak ezarri dagiezan. Gaur egun, infektautakoen erdia andrazkoak dira. Kopurua ez litzateke garrantzitsua izango, GIBak orain arte euki dauan aurpegia gizonezkoena ez balitz; izan be, orain dala hogei urte hiru infektautakoen artean bakarra zan emakumezkoa.
Ganera, Ihesaren birusari jagokonez, andrazkoak gizonezkoak baino makalagoak dira, ez bakarrik ikuspegi biologiko batetik ikusita, ezpada ekonomi eta gizarte ikuspuntu batetik be. Emakume jaioteak dakarzan desabantailak askoz be argiago igarten dira Thailandiaren moduko herrialdeetan; beraz, Bangokok ispilu ezin hobea izan da drama femenino hau ikusteko sasoian. Indiako andrazko batek topaketa honetara bertaraturiko nazinoarteko 15.000 ordezkari ingururi kontau eutsen senarrak zelan kutsatu eban 19 urte besterik ez eukazanean eta zelan ezkutau eutson seropositiboa zala ezkondu eta aste batzuk igaro arte. Sierra Leonako beste gazte batek beste esperientzia lazgarria be kontau eban; izan be, gerrilak bahitu ostean, gudarostearen esklabo sexual bihurtu eben, Hiesa kutsatuz.