Euskerea berbagai  III. urtea // 67. zenbakia

Administrazinoan euskeraz? Noz?


Puntu horretara helduta, eremu pribatuan holako zein bestelako ikastaroak egin ahal izateko hilabeteetako –urteetakoak ez esatearren– pagautako liberazinoak, ordezkoak, ikastaroak doban eta abar izan ondoren, gitxieneko ezagutzea lortzeko eta probetxamendua erakusteko gauza ez diranek zenbat denpora iraungo leukie? Oso gitxi, benetan. Izan be, eremu pribatuan ohiko diran jokabideak ez dira erabilten danon artean pagetan dogun administrazino publikoan, halan da ze, persona bat urteetan liberaturik egon leiteke eta gitxieneko mailea lortu ez dauala-eta beharrean segidu, kasik, ezelako ondoriorik igarri barik.

Gauzak holan, EAEko administrazino orokorraren euskalduntze plangintzen arrakala nagusiak segidan zehazten diranak dira:
1.- Administrazinoaren erantzukizun politikoa daukien askok –erdaldunak gehienak– ez dabe ikusten administrazinoaren lehentasunen artean euskeraz zerbitzua eskaintzea, eta nasaikeriaz edo epel antzean jokatzen dabe indarrean dagozan plangintzakaz, ez dabe jasan behar izaten euren narruetan euskeraz jardun gura dauan batek sufritzen dituan destaina eta ezina.

2.- Sindikatuek –abertzaleak dirala dinoenak barruan dirala– euskerea abantailak (liberazinoak, ordezkoak, e.a.) lortzeko baino ez dabe erabilten eta administrazinoko beharginen eta herritarren eskubideak balantza batean jarrita, lehenengoak dira –batez be– kontuan hartzen dabezanak, eta holan, herritarrek eskura jarri deutsiezan baliabideak ondo erabilten ez dabezanak ez dabez ez bazterrean laga gura, ez eta zigortu gura, beraz, urte batzuetakoak salbuetsi edota lortutako mailea erakusteko epeak luzatzeko pausuak emoten dabez, eta era horretan, plangintzek sinisgarritasun osoa galtzen dabe.

3.- Euskaldundu beharrekoen kopuruak eta derrigorrean elebidunak izan behar daben zerbitzuak zehaztean etorkizuneko gizartearen errealidadea kontuan hartu behar dau administrazinoak, bada, ez dau atzetik ibili behar eta euskerearen indarbarritzearen motorra be bihurtu behar dau.

4.- Administrazinoaren euskalduntze plangintzak eragingarriak izango badira, besteak beste, euskerea lan eta zerbitzu hizkuntzea izatea be bilatu behar dau, osterantzean, egindako ahalegin hori ezerezean geratzeko arrisku osoa dago.

Gizartea euskerea indartzeko eta zabaltzeko egundoko ahalegina egiten ari dan honetan, administrazinoa galga-jartzaile ezin leiteke izan, horretarako, eragile bakotxak (alderdiak, sindikatuak, gizarte eragileak, e.a.) erantzukizunak hartu eta noranzko berean pausoak emoteko indarrak batu behar doguz. III. Plangintzea zehazten ari garAn honetan, orain arteko hutsetatik eta hutsuneetatik ikasi beharko dogu, txarto egindakoak arteztu egin beharko doguz eta plangintzak eragingarri bilakatzeko urratsak egin beharko doguz. Ia holantxe dan eta danon artean asmetan dogun!

Erramun Osa

Lehenagotik Estaduaren barrutikoa dan justizia administrazinoagaz lotutako arazoei edota euskeraz eskolak eskaintzeko preparazinorik ez daben maisu-maistra gitxi batzuen aferari gehitu jakez EAEko administrazino orokorraren euskalduntzea ahalbidetzeko II. Plangintzeagaz (2002. urtearen amaierarako jasotako xedeak-eta burututa euki behar ebazana) jazotakoa eta III. Plangintzea (laster abiatzekoa dana) zehazteko egiten ari diran urratsen inguruan sortzen ari dan matrakea. Halan da ze, ez da giro hizkuntza politikaren alorrean.

Justizia administrazinoaren kontua aspaldikoa da, eta han-hemenka adierazoten diran jarrerak konpontzea oso gatxa, egungo baldintzetan ezinezkoa dala ez esatearren. Izan be, euskeraz jardun gura daben herritarrei itzulpen zerbitzua baino ez jake eskaintzen, eta holan, Estaduko administrazinoak ez dau aurreikusten zerbitzu hori euskeraz eskaintzea, horrenbestez, euskaldunak, euren lurraldean, atzerritarrak balira legez erabilten ditu Estaduak. Ez da, baina, salbuespena. Izan be, Estaduak eskualdatu bako eskuduntzei erreparetan badeutsegu, ohiko jokabidea dala konturatuko gara. Orduan, eskuduntzak eskualdatu zein administrazinoak elebiduna dan gizarte bati zerbitzuak bi hizkuntzatan eskaini behar deutsozala ulertu bitartean ez dago pauso sendorik emoterik.

Ze, administrazinoa zergak pagauta eusten deutsen eta horreetariko asko elebidun diran herritarren zerbitzura dago egon, eta ez alderantziz, ez eta administrazinoan behar egiten daben izakera desbardineko beharginen zerbitzura. Eta hori da, azken baten, euskerea ikasteko erreztasun handiena eta baldintzarik onenak izan ostean, gauzak bere horretan geratuko ziralakoan, euskerea ikasteko pausurik txikiena egin ez daben maisu-maistren jokabidean gordetzen dana. Inork ez dau adierazo holako zein bestelako gaiak jorratzeko gaitasunik ez dabenik, halan da be, jakintza arlo horreek gazteleraz garatu ahal dabez soil-soilik, eta gizarteak zerbitzu hori euskeraz eskaintzea gura dau.

Bere sasoian, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazino sortu barrian behar egiteko jokabide bi garatu eitekezan; batetik, gizartean euskereak eukan garapena kontuan hartuta euskaldunak eta erdaldunak hartzea, eta, erdaldunen kasuan, euskalduntzeko egitasmoak zehaztea, baita garabidean jartzea be; bestetik, euskeraz ekien personak –soil-soilik– kontratetea. Euskerearen errealidadea aintzat hartuta, gitxi batzuei eskatzen jaken euskerearen ezagutzea alde batera lagata, lehenengo aukerea izan da orain arte hautatutakoa, eta neure eretxiz egindako aukerea egin eitekean bakarra zan. Testuinguru horretan, administrazinoa euskalduntzeko planak zehaztu eta garabidean jarri behar izan dira.