Bertsotan  III. urtea // 67. zenbakia

Neure maisu ohiari, bertso barriak ekarri

Doinua: Betroiarena


Neure buru honeri
eragingo dautsat
txikitako kontuak
harturik aintzat
inportantzia dauko
detaile bakotxak
eskolako sasoiak
ez baitira hutsak
nik ez dodaz ontzat
orduko langintzak
egon nintzen behintzat
ikusita baltzak
“mustro” bat geunkalako
irakasletzat.

Bera zelangoa zan
eginik gomuta
emoten eban hartza
edo mamuta
soina ondo betea
burua hustuta
gizaseme mardoa
alperrik galduta
bera sarjentu ta
danok errekluta
bati mehatxuka
mekauenlaputa
tirano batena zan
bere konduta

Irakatsi nahi euskun
Inglesen hizkuntza
Metodoa zan baina
“boxeo” hutsa
belarritik eutsita
tiratu goruntza
zartakoz josi eta
jausi arte bultza
maisu harroputza
butu ta gorputza
beraren laguntza
zan gure gurutza
hoba eskarmentu bat
emon bageuntsa

Ezjakinak gintzan lez
ingles gorabeheran
hanka sartzen genduan
hitz-egikeran
akats bakotxagaitik
zaplada bat hegan
zitalak errukirik
ez eukan guregan
klase hasikeran
nik ez dakit zelan
baina berban-berban
jotzeko aukeran
maisu “sadiko” harek
gozatzen eban.

Nik pasa dodazanak
egiteko ihes
neure adiskideak
ondo dakiez
maisua beti neuri
itaunak eginez
zer erantzun jakin ez
eta danari “yes”
lehenengo fusilez
ostean mitinez
horrenbeste ingles
ikasi ezinez
beti amaitzen neban
buruko minez.

Irakasle alua
beti buru-begi
hutsak harrapatzeko
beren beregi
ernegatzeko dago
motibo larregi
berarentzat klasean
dana zan zilegi
mila putakeri
hainbat ikasleri
ta esaten segi:
“ixil ta obedi”
zer egin honelango
aker bateri?

“Burua” ailegatu
eta zoritxarrez
guztiok jartzen gintzan
larri bildurrez
boluntario eske
hasi ta inor ez
azkenean atara
behar derrigorrez
abusoak errez
kalteak dakarrez
hain era gogorrez
tratatu beharrez
etxera joaten gintzan
erdi negarrez

Bertsotan bota dautsat
hamaika txilio
eta beste hainbeste
bota neikio
dana ahaztu lei baina
denbora medio
atzean dago hainbat
oinaze-jario
orain horratio
ez dot arerio
baina oraindio
esango neuskio
maisu lez ez dauala
bape balio


Neure buru honeri
eragingo dautsat
txikitako kontuak
harturik aintzat
inportantzia dauko
detaile bakotxak
eskolako sasoiak
ez baitira hutsak
nik ez dodaz ontzat
orduko langintzak
egon nintzan behintzat
ikusita baltzak
“mustro” bat geunkalako
irakasletzat.

Kursoa aspaldi amaitu bazan be, oraindino badagoz burutik ezin kendu geinkezan pasadizuak. Horreetariko asko klasean pasauko jakuzan, irakasleren bategaz, akaso. Eta nork jakin noiz arte akordauko garan irakasle horregaz.

Holako zer edo zer pasauko jakon Joseba Santxori 1990eko BALENDIN ENBEITA bigarren sarira honeek bertsoak bialdu ebazanean; orain 24 urte, Algortako gizonak ez ei eban lar ondo pasau ingelesa ikasten; bertso sorta hau leiduten, ostera, orduko negar uluak barre zantzo bihurtuko jakoz Santxori. Eta ingelesa ikasten gozau zenduenentzat be, enjoy the bertsos!

Xabier Paia