Jan-edanak  I. urtea // 6. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 15a - Hamaboskaria

Marmitakoa


Marmitakoaren harian, bertsotan:

Hegaluze ta patatakin bat
piperren toke ahula
marmitakoen garaia beti
garai barrien balbula
gure herriko plater goren bat
ezin dala disimula
badakizue Euskal Herrian
ondo jaten dakigula

BeƱat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.

Kaixo irakurleok: hemen gara barriro be, uda sasoian bete-betean. Garagarrilean gagoz eta honegaz batera hegaluzea be bazter guztietan ugari dabil. Badakigu jakin, Bizkaian eta Euskal Herri osoan ez eze, munduan be ezaguna eta preziatua dana gaur azaldu behar dogun errezetea, marmitakoa hain zuzen be. Kontuak kontu, gure kultura gastronomikoan pekatu handia izango litzateke balio handiko arrain honi uko egitea beste 'maila' bateko arrainen alde egiteko; horrenbestez, oraindino ez badakizue marmitakoa zelan preparau, irakurri ondo gure ohar eta jarraibideak:

Marmitakoa

Osogaiak (4 lagunentzat):

- 300 gr. hegaluze, takotan ebagita.
- Kipula bat.
- Berakatz atal bat.
- Piper berde bat.
- Azenario bat.
- Porru bat.
- 500 gr. patata (zuritu eta txikitzeko).
- Tomate heldu bi.
- 50 gr. urun zuri.
- Basokada erdi ardao zuri.
- Hegaluzearen saldea (litro bat).

Zelan egin:


Lehenengo eta behin, saldea egingo dogu hegaluzearen hazurrakaz, modu erraz-errazean: kazola baten ur hotzetan ipini hazurrak, eta 45 minututan irakiten eukiko doguz; ondoren, dana iragazi beharko da. Denporea alperrik galdu barik, saldea egiten gagozan bitartean, ortuari guztiak garbitu, zuritu eta txikitu egingo doguz. Ondorengo pausua lapiko bat surtan jartea izango da; oliba-orioa berotzen ipini eta txiki-txiki egindako barazki guztiak su txikian itxiko doguz, patatea izan ezik. Patatak zuritu eta kutxilo txiki bategaz takotan apurtuko doguz. Berakatza eginda dagoala ikusten dogunean edo kolorea hartzen hasita dagoanean, patatea gehituko deutsagu eta jarraian uruna; osogai guztiak ondo nahastau eta ardao zuria eta hegaluzearen saldea botako doguz. Ordu betez irakiten euki guztia, eta patatea apurtu ez daiten, geldiro-geldiro eta lantzean behin egurrezko koilareagaz dana ondo nahastau behar da. Gatza norberak gura dauen beste bota eta platerera atara baino bost minutu lehenago hegaluzea botako dogu lapikora; marmitakoa prest egongo da jateko. Hurrengo zeregina mahaia atontzea izango da. On egin.