Ho Chi Minh (Saigon II)
Otorduetako ohiturak eta garbitasuna
Ho Chi Minh uriko eta, oro har, Vietnam osoko bizimoduan gauza bi dira guretzat gatxenak barruratzeko: jatekoa eta leku gehienetan ikusten dan garbitasun faltea. Kontuak kontu, bidaiari gehienentzat nahikoa gogorrak izaten dira urira heldu eta bertan emoten dabezan lehen orduak eta egunak.
Sukaldaritzeak ez dauka bape zerikusirik geureagaz eta batek baino gehiagok barau egitea erabagiko dau mahai gainean sugea erreta edo txakur okelea ikusten dauanean. Horrezaz ganera, kakarraldoak, labezomorro, kilker edo txirri-txirriak be euren espezialidadeak dira. Sikeran, pikanterik eta antzekorik be ez dabe erabilten eta ahora sartzen doguna zer izan daiteken pentsetan hasi beharrean, jatekoari gustoa hartzen ahalegintzea da onena.
Garbitasun faltea, barriz, ez da hain errez onartzen: uriko jatetxe gehienetan ez dabez gitxieneko garbitasun arauak errespetetan baina hori ez da arazorik larriena, izan be, hiltegian eta jatekoak leku batetik bestera eroaten dabezan garraiolariek be ez dabez gitxieneko garbitasun neurriak hartzen. Kalean salgai daukiezan okela zatiak euliz beteta ikustea gauza normala da eta ez zaiteze harritu jatetxeko kozinan bertan be kakarraldo edo labezomorroren bat zapaltzen badozue. Arratoiak, barriz, gauera arte ez dozuez ikusiko baina jatetxe eta ostatuetan be ibilten dira hara eta hona. Horregaitik guztiagaitik, oso garrantzitsua da jateko guztiak, behar bezela eginda dagozala ikustea ahoan ezer sartu baino lehen eta, ahal dala, entsaladak ebitau. Badaezpada, botilako ura baino ez edan, izan be, garapen bidean dagozan herrialdeetan ez da bape gomendagarria txorroko ura edatea.
Kontuak kontu, Saigon zaharra ahaztu eta beste nonbaitera joatea pentsauko dozue beharbada baina hain larria be ez da arazoa eta Ho Chi Minh bisitetan daben gehientsuenek beherakoa eta trafikoaren kaosa baino ez dabez sufritzen; 'arazotxu' horreen bildur ez bazarie, uri ederra eta mendebaldearen eraginak dituan arren, gureagaz zerikusi larregi ez daukan kulturea deskubriduko dozue. Gure planetan ez dozuez uri asko topauko Ho Chi Minhen bizitasunagaz; ganera, sentimentu desbardinak eta kontrajarriak sortarazoten dituan uria da eta hori be ez dozue edonon topauko.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Saigonen kaosa eta zikinkeria ez eze, lasaitasun eta edertasuna handiko lekuak be badagoz baina ez da ereza horreek topetea.
Abstrkzinorako lekuak
Zorionez, kaosaren erdian badagoz urian gizatasun, mobimentu eta zaratearen sobredosia ahaztu eta deskantsua hartzeko egokiak diran parkeak eta plazak. Museoak eta, oro har, historiaren ibilbidean eragin daben jazoerak maite dabezanentzako Gerrearen Museoa ahaztuezinezko lekua da. Neurriz txikia dan museo horretan, gerra zibilaren (1959-1975) ganeko agiriak eta gerran erabilitako arma eta bestelakoak dagoz ikusgai; dakizuenez, AEBetako soldaduek esku hartu eben eta iparamerikarren gogoetan ahaztu barik dagoan porrotagaz bueltau ziran etxera. Museoan aparteko lekua dauka aitatutako esku hartze horrek eta ehundaka argazki eta alde biek erabilitako armak dagoz ikusgai. Gerrearen Museoko patioan hegazkinak, tankeak, helikopteroak eta iparameriketako soldaduek zein Vietnamekoek erabilitako bonba mueta guztiak be ondo aztertu ahal izango dozuez. Dana dala, nire uste apalean museoko altxorra argazkiak dira, giza sentiberatasunerako oso mingarriak izan arren; bisitaria ahaztuezinezko irudiakaz abiatuko da kalera eta sustoa pasau barik daukazuenean, gerran gorputz atalak galdutako lagunak bisitarien zain eukiko dozuez postalak, argazkiak eta bestelakoak saltzeko. Kontuan hartu, herrialde komunistea izan arren, pentsinorik ez dagoala eta bizimodua atarateko edozer egin beharra dago.
Museoa leku aproposa da arazoen konponbiderako gerrea biderik onena dala pentsetan dabenek euren eretxia edo jarrerea aldatu dagien. Bitxikeria legez, japoniar asko ibilten da museoan eta ez ahaztu japoniarrak be indarrez sartu zirala Vietnamen.
Urian dagozan museoen artean, Arteari buruzkoa be ederra da; hor topauko dozue herrialdeko pintura bildumarik onena; estilo desbardinetako koadro asko dagoz eta erdi aroko eskulturak be bai; ganera, arte lan asko salgai dagoz eta zentzunezko prezioetan.
Lasaitasunaren eta isiltasunaren paradisu diran museoetatik usain eta soinu basatiez ganezka dagozan kaleetara bueltetea erabagiten dozuenerako, urian ugari dagozan pagodak proposatu behar deutsuedaz, leku baketsuak bape duda barik. Interesgarrienetakoak bosgarren distritoan, hau da, Chinatownen edo Cholonen topauko dozuez. Txinak XIX. mendera arte makinatxu bat mendetan kontrolpean euki eban Vietnam eta hori arkitektutan asko igarten da; okerruneak nagusi dira pagoda horreetako teilatuetan eta hori XVII eta XVIII. mendeetako Txinaren eragin argia da. Arkitektura horregaz eta Txina zaharraren gomutakaz momentu ederrak pasauko ditu bisitariak. Pagoda horreetan, bazter guztietan dagozan Budaren irudien aurrealdeetan budistak errezuan ikustea gauza arrunta da; ganera, intsensu usainak eta intsensuak sortarazoten dauan lainoak etxura mistikoa emoten dabe eta kalean bizitako tensinoak ahaztuteko giro aproposa da.