“Barbie” panpinaren mutil-lagun barria
Munduko panpina ospetsuena eta gehien saldu dana
Mundu osoan ezaguna da panpin hau eta datuak ikustea baino ez daukagu:
- 1959tik hona bilioi bat panpina baino gehiago saldu dira.
- Astero, Mattel enpresak milioi ta erdi baino gehiago saltzen dauz.
- Azken 40 urteotako Estadu Batuetako ia neska guztiek (% 90ak) gitxienez Barbie bat daukie eta gaurko datuak ikusita, hiru eta hamaika urte tarteko neska batek 10 Barbie daukaz batez beste.
- Pasa dan urtean, 2003an, Mattetl enpreseak 3.600 miloi dolarreko salmentak euki ebazan.
- Munduko 140 herrialdetan saltzen da (ez dakit zenbat herrialde izango diran guztira baina gehinetan topetako modukoa da barbie).
Edozelan be, datu horreek Barbie berari jagokoz, izan be, Ken bere mutil-laguna ez da hain ospetsu bihurtu eta ez dau urrunetik be neskearen ospea eta arrakastea lortu. Atara kontuak, 43 urtetan Barbieren nobio ofiziala izan arren, ez dau emon espero ziran etekinak. Horregaitik, Mattel-eko arduradunek Barbie panpinari nobio barria topetako ordua heldu jakola pentsau dabe. Gauzak holan, orrialde ofizialean (es.barbie.com) mutil barria proposatzeko aukerea zabaldu eta milioi bi bisitari baino gehiago sartu izan dira euren botoa emoteko.
Barbieren mutil-lagun barriaren izena Blaine da, australiarra da, Sydney urian jaioa eta Kaliforniako surflaririk onena ei da. Surfa eta snowboarda ditu gogokoen eta bermudak eta kamiseta estuak erabilten ditu; pizza jatea be asko gustetan jako. Bere esaldirik gogokoena: “Ez nazala ausartzen?”
Orain arteko nobioa (Ken) ez da desagertuko, baina oraingoan Barbieren lagun moduan bakarrik egongo da. Nobio barria (Blaine) oraintxe, abuztuan, merkaturatuko dabe 14,99 dolarretan.
Kontuak kontu, Mattel enpresako arduradunek euren betebeharrak ondo baino hobeto bete dabezala argi dago. Marketing kanpaina itzela egin dabe “nobio” barriaren kontuagaz eta hor konpon marianton, panpina barriak saldu eta saldu. Gabonaldia be pentsau baino arinago etorriko jaku eta ordun ikusiko doguz ikustekoak.
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Berrogeita hamargarren hamarkadearen amaieran, Ruth Handler, “Mattel” jostailu enpresearen sortzailea zana bere alabatxuaren panpinakaz olgetako gustoak aztertu ebazan eta garbi ikusi eban gurago ebazala nagusi etxurea eukien panpinak ume etxurakoak baino. Hortik sortu zan ideia eta 1959an New York-eko jostailu azokan aurkeztu eben lehenengoz, alabearen omenez “Barbie” izenagaz bataiatua izan zana. Lehenengo hau hiru dolarretan saltzen eben eta ordura arteko salmenta errekorrak apurtu ebazan atoan.
Lehen arrakastea kontuan hartuta, “Mattel” enpresak aurrera jarraitu eban eta azken urteotan sortu izan dira Barbieren apaingarri eta osogarri guztiak. Jakina da munduko arropa egilerik onenak, Valentino, Dior, Chanel, Calvin Klein, Versace eta holakoek euren diseinuak preparau dabezana panpinaren jaskerea horniduteko. Erropa, harribitxiak eta baita koloniak be panpinaren fikzinozko mundu horretan sartu jakuz.
Erropa eta konplementuez gan (zapatak, boltsa modernoak, bizikletak, hondartzarako toailak eta txano bitxiak, kotxea...), Barbie honek beste lagun batzuk be euki ebazan. Hirurogeigarren hamarkadan agertu ziran: Ken bere mutil-laguna (Ruth Handler sortzailearen semearen omenez ipini eutsien izen hau) eta beste lagun batzuk, Midge, Skipper eta Cristie.
Urte pilotxua euki arren, gure Barbie hau beti gazte mantendu izan da. Berrogei urtetik pasau arren, hogei urteko neska gazte eder eta dotorea da. Danatariko lanbideak euki dauz, besteak beste, erizaina, esploratzailea edo albaitaria eta modako osogarriak euki dauz beti bere esku; hori bai, arlo danatan ibili arren, ez dau inoiz porrotik izan (enpresak lortutako etekinak be ez dira makalak izan).