Jan-edanak  III. urtea // 67. zenbakia

Dietea eta loditasunaren inguruan benetakoak ez diran siniskera batzuk


Dieta orekatua gura izan ezkero, zereal, lekale eta patatek dietaren oinarria izan beharko leukie eta gogoan euki neurriz jan ezkero ez dauala ezerk be loditzen.

Karbohidratoak jaten doguzanean, gure pankreasak insulinea jariatzen dau eta honek, beste funtzino askoren artean, gorputzean koipea sortzea be eragiten dau; funtzino hau guztiz beharrezkoa da gure gorputza modu osasuntsu baten mantentzeko. Insulinearen jario honek loditasun handia eragin ahal izateko, oso kopuru handitan isuri beharko leuke pankreasak eta hori pasetako karbohidrato kantidade handiak jan beharko geunkez: azukre asko edota pasta zuri, arroz zuri…kantidade handiak.

Gure dieta tradizionalean ez doguz honek bakarrik jaten eta bestelako mantenugai batzuetan aberatsak diran beste jateko batzuk be aukeratzen doguz (entsaladea, barazkiak, arrautza….). Guztiak nahastean jateak ondokoa eragiten dau: gure hesteetan ez dira hain arin absorbitzen eta ondorioz isurtzen dan insulina kantidadea ez da hain handia eta ez dira teoriok aitatzen dabezan ondorio bildurgarriak sortzen.

Ez dogu ahaztu behar gozotzaile artifizialen kantidadea, sakarinea ta ziklamatoarena be kontroletea komeni dala: 3-4 pastila hartzea ez da arriskutsua baina sakarinaz egindako pastelak hartzea beharbada bai. Eta neurri berean, koilarakada bi azukre hartzeak be ez dau arazorik eragiten baina pastel larregi jateak bai.

Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Elikaduran Diplomatua

Dietetikea “kontradizinoen zientzia” dala esaten da, baina egia esan “zientzia” izena “metodo zientifikoa” jarraituz eta bere emoitzak errepetidu leitekezanean erabilten da eta ez edozein baieztapenetan.

Dietetikearen eta loditasunaren inguruan mila gauza idatzi eta argitaratu dira, baina kontuz, guztiak ez dira lan serioetan oinarritzen eta batzuk arriskutsuak izan leitekez! Oraintsu liburudenda ezagun bateko apaletan dagoan bibliografian ikusitako hainbat esaldi komentauko deutsuedaz gaurko atalean, ideia batzuk argiago euki daizuezan.

1. Zuntzik ez daukien karbohidratoak oso txarrak dira osasunerako

Teoria honen arabera, ondoren aitatuko doguzan elikagaiak sekula ez geunkez jan beharko:

·Integralak ez diran zerealak, hau da, ogi zuria, arroz zuria, makarroi zuriak, fideo zuriak, urun zuria...
·Patatak
·Esnea
·Azukrea: guztiz kendu beharko geunke gure dietatik eta beti sakarinea hartu.

Gomendio honen zergaitia azaltzeko ondokoak aitatzen dabez: elikagai honeek jaterakoan sortzen dan insulina kopurua hain handia da ze, era automatikoan koipe bihurtuko dirala gure gorputzean. Sinismen horren arabera, zereal integralak, lekaleak, frutak eta berdurak jaten doguzanean ez ei da holakorik pasetan.

Zientifikoki frogatuta dagoana ondokoa da: behar doguna baino karbohidrato gehiago jaten dogunean, zuria zein integrala, pastea zein frutea izan, koipe bihurtuko da (ez batzuk bai eta besteak ez, guztiak baino).

2. Loditu gura ez badogu koipeak eta karbohidratoak ez dira batera jan behar

Momentuz behintzat ez dago holako bateraezintasunik eta ikerketa guztietan ezeztu egin da baiztapen hori.

3. Proteinek ez dabe loditzen

Baieztapen horren arabera, gura beste okela, arrain eta arrautza jan geinke loditu barik eta hori ez da egia; gramu bat proteinek eta gramu bat karbohidratok kaloria kopuru bardina daukie (4 kilokaloria) eta horregaitik okela, arrain eta arrautza asko jan ezkero, kaloria asko sartuko doguz gorputzean.

Bardin pasetan jake proteinen suplementu gehiegi hartzen daben kirolariei: larregi jan ezkero, proteina horreek koipe bihurtzen dira gure gorputzean.

4. Loditasuna ez dau jatekoaren kantidadeak eragiten, kalidadeak edo janari muetak baino

Teoria horren arabera, karbohidrato edo gluzido gehiegi jateagaitik loditzen gara, hau da, pasta, ogi, arroz, legunbre, patata eta gozoki larregi jateagaitik. Honeek jateak insulina jario handia sortarazoko leuke eta ondorioz gure gorputzean koipe asko sortuko litzateke. Koipe asko edo proteina asko jateak, ostera, ez leuke loditasunik sortuko.

Ikerketa zientifikoetan hori ez dala egia ikusi da (orain arte egindakoetan behintzat): behar dauan energia baino gehiago jaten dauanean, edozein pertsona loditu egingo da eta bardin izango da energia hori patatetatik, oriotik edo okelatik etortea. Kontuan hartu beharrekoa egun osoan zehar jaten doguna da eta ez elikagai mueta bat bakarrik. Liburu horreetan agertzen diran menuen ereduek argaltzea eragiten dabe, koipeagaz eginda egon arren, egun osoan zehar oso kaloria gitxi batzen dabezalako baina ez koipeak edo proteinak berak loditzeko gaitasunik ez daukalako. Gogoratu, kaloriarik ez daukan elikagai bakarra platerean gelditzen dana dala.