Barriketan  III. urtea // 67. zenbakia

David Barbero: ‘zintzotasuna da objektibotasunera ahalik eta gehien hurreratzeko giltza’

Aurtengo urtea berezia da Santiago-bidea egiten dabilzanentzat edo egiteko asmoa daukienentzat. Izan be, Santiago Eguna domekan ospatuko da eta Done Jakue urtea izateak laguntzino berezia emoten deutse motxilea lepoan hartu, zapatila edo mendiko botak jantzi eta izarrak lagun hartuta Santiagorantz doazen ibiltariei. Kulturea, gastronomia, arkitekturea, erlijinoa...; arlo ugari batzen ditu mundu osoan hain ezaguna dan ibilbideak, eta horretan oinarritzen da David Barberoren ‘La Peregrina’ nobelea. Persona ugari, hasikera baten erlazinorik ez daukien egoeratan, arrantzaleen sareen antzera azkenerako danak bat egiten dabenak.

Idatzi dauan lehenengo nobelea ez izan arren, orain arte gehienbat antzerkirako obrak idatzi ditu. Bizitzan hainbat ogibidetan ibili da Barbero, jente askok bere aurpegia gehienbat Euskal Telebistagaz lotzen dauan arren. Literaturan, irakaskuntzan, kazetaritzan eta kameren aurrean bizitako esperientzia ugari daukaz kontetako David Barberok.

1.- Nobela hau idatzi baino lehenago, gehienbat antzerkira zuzenduta egoan zure idazle ibilbidea. Zergaitik erabagi zenduan narrazinorako saltoa emotea?

Egia esan, saltoa emotea orain dala asko erabagi neban. Idazten hasi nintzanean antzerkiagaz hasi bai, baina gero nobelara pasetea neukan aurreikusita. Uste neban antzerkiagaz denpora gitxiago emongo nebala eta antzerki obrak antzerki ezagunetan eta konpainia garrantzitsuakaz ezagutarazotea errezagoa egingo jatala. Baina antzerkia nik uste baino gatxago egin jat, eta hasikeran aurreikusitakoa baino behar gehiago kostau jat. Hori dala eta, denpora gehiago behar izan dot.

Antzerkian oraindino ez dodaz hasikeran finkatutako helburuak lortu, baina eleberriagaz hastea erabagi dot, eta ‘La peregrina’ obrea baino lehenago beste batzuk be idatzi dodazan arren, argitaratzeko, danetan borobilena berau dala uste dot. Orain, genero bietan egiten dot lan.

2.- Idatzi dozun azken nobelea, ‘La peregrina’, Donejakue Bidean oinarrituta dago. Zerk bultzatu eutsun erromesaldiaren ganean idaztera?

Urte batzuk daroadaz daborduko Santiagorako Bidearen ibilbideak egiten, eta bertan erabagi neban bidearen inguruan idaztea. Hurrengo urtean, Bidearen beste etapa bat egin nebanean, ideia hobeto landu eta eleberria osotzen hasi nintzan. Ideia Santiagorako Bidea egiten otu jatanez, eleberriaren gai nagusia Bidea bera izatea ontzat jo neban.

Santiagorako Bideak sentimentu bereziak sortzen deustaz. Lehenengoz bidea egin nebanean, Leondik Santiagora joan nintzan eta barriro egiteko gogoagaz geratu ostean, hurrengo urteetan bidearen beste zati batzuk egin dodaz. Sentimentu erlijiosoek baino, alkarbizitzeak eta abentureak bultzatzen deust niri urtero Bidearen ibilbideren bat egitera.

3.- Idazlea izateaz gan, kazetaria be bazara. Ze bardintasun eta ze desbardintasun dago lanbide baten eta bestearen artean? Zein da bakotxaren alderik gatxena?

Gero eta desbardintasun gehiago ikusten dodaz bata eta bestearen artean. Kazetaritzea ikasi nebanean, buruan literaturea egiteko asmoa neukan. Bideak paraleloak zirala uste neban, bata besteagaz osotzen zala. Baina gero eta argiago ikusten dot oso mundu desbardinak dirala. Jazoera bardinaren ganean berbetan egon arren, ikuspuntuak desbardinak bira batenak eta bestearenak.

Kazetaritzearen alde gatxena idazten edo irudiak montetan hasi baino lehenagoko momentua da. Ondo ikertu behar da, esan beharrekoa argi euki behar dozu eta informazinoa ondo landu behar da. Fikzinoan, barriz, aurretik lan asko egin arren, idazten joan ahala personaiek eurek bide batetik edo bestetik eroango dabe obrea.

4.- Euskal Herriko Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Fakultatearen sortzaileetako bat izan zinan eta urte asko emon dozuz irakaskuntzan. Kazetaritzea mundu gogorra dala jakinda, zein faktore hartu behar da kontuan bihar-etziko kazetariak motibetako?

Karreran erakutsi beharreko derrigorrezko teknikez gan, kazetaritza-espiritua transmitidutea derrigorrezkotzat joten dot. Kazetari beharra zoragarria dala jakinarazo behar jake ikasleei, eta errealidadea ondo ikertu ostean, publikoari albistea ahalik eta zehatzen kontetan erakutsi behar jake. Oinarrian, baina, Kazetaritzeak sortarazoten dauan sentsazinoa transmitidutea da garrantzitsuena. Horretarako, ez dau balio gauzak teorian esatea. Askotan hobe izaten da irakasleak, euki ezkero behintzat, esperientzia personalak kontetea.

5.- Eguneroko informazinoa da kazetariek behar egiteko daukien lehengaia. Zu, baina, urrunago joan zara eta literaturearen sustraietan sartu zara. Zein lanbide gustetan jatzu gehiago?

Niretzat, bai errealidadean pasetan dana ikertzea edo esateko zeozer daukan nonori alkarrizketak egitea, eta baita fikzinoan zuk gura dozuzan personaiak sortu eta eurek esango dabena zehaztea, eginbeharreko zoragarriak dira. Lanbide bietan nago gustora.

6.- Telesailetan be ibilia zara gidoilari legez, Euskal Telebistako Goenkalen berbarako. Kontuan hartuta programa askok emisinoan mantetzeko daukiezan arazoak, zein da Goenkaleren arrakastearen arrazoia?

Programen arrakastearen arrazoia misterio hutsa dala esan geinke. Halan da be, publikoa telesailean agertzen diran personaiakaz identifikauta sentiduteak bere garrantzia dauka. Eta hori da nire ustez Goenkalen pasetan dana. Euskal gizarteko populazinoaren zati handi batek telebistan islatuta ikusten dau bere burua. Hori dala eta, telesaila gaztelaniara itzuli eta Katalunian emitidukeran, ez eban bape arrakastarik euki. Izan be, argumentuak eta personaien izakerak berberak izan arren, ez zan identifikazino prozesurik egon. Horregaitik, Goenkaleren arrakastearen giltza identifikazino horretan dagoala esango neike.


7.- Azken aldian askotan eztabaidatu da kazetari ezagun askoren objektibotasunaren ganean. Posible da albistea objektibotasunez emotea?

Erabateko objektibotasuna lortzea ezinezkoa dala uste dot. Ondorioz, lortu beharreko helburua ez da objektibotasuna izan behar, kazetariak, sakon ikertu ostean, albistea ahalik eta zehatzen emoten saiatzea baino. Informazinoari forma emoteko orduan zintzotasunez jokatu behar dau kazetariak, baita jasotako datuen ekarpena egiterakoan be. Jazoerak ahalik eta hurragotik aztertu behar dira, kontuan hartuta objektiboa izatea ezinezkoa dala. Izan be, norberak errealidadea ikusteko bere modua dauka. Hori dala eta, derrigorrez, dana da subjektiboa, kazetariak, kontau edo idatzi baino lehenago, bere buruan sartu behar daualako informazinoa, eta gero bere berbakaz azalduko daualako jazoerea. Horregaitik, zintzotasuna da objetibotasunera ahalik eta gehien hurreratzeko giltza.

8.- Beharrean hainbeste ordu emoteak ze eragin dauka zure bizitza personalean?

Eragina zuzena da, duda barik, eta gehienetan txarrerako. Izan be, familiagaz egoteko denpora gitxi geratzen jat eta hori igarri egiten dabe, baita nik be. Lanbidearen araberako kontua dala uste dot, hau da, lanbide batzuk dedikazino gehiago dakarre beste batzuk baino. Kazetari eta idazle izanda, ordu asko emoten dodaz beharrean, eta familiak asko igarten dau hori.

9.- Zer egiten dau David Barberok geratzen jakon denpora libre gitxian?

Kazetaritzari, fikzinoari eta familiari dedikautako orduak kenduta, urtero hamar bat egunetan edo, Santiagoko Bidearen etaparen bat egiten dot. Oporretako ganerako egunak kanpinetan emotea gustetan jat. Autokarabanea hartu eta handik hona ibilten gara familiako danok. Orain dala gitxira arte kanpin-denda handi bat euki dogu, zaharraren zaharragaz jausi egin jakuna, eta orain bigarren edo hirugarren eskuko autokarabanea daukagu. Normalean Mediterraneo aldera joaten gara, euriari eskapetako, eta urte asko daroaguz kanpin berera joaten, Tarragonan.

10.- Zein da zure hurrengo proiektu profesionala?

Eleberriak idazten segiduteko asmoa daukat, izan be, buru-belarri nabil hasi barri dodan batean. Halan da be, antzerkia ez dot baztertuko, eta genero biak buztartzen saiatuko naz, horrek lan handia dakarren arren. Bestalde, alkarrizketak egiten be segiduko dot.

Saioa Torre Gereketa