Kulturea  III. urtea // 66. zenbakia

Gabriel Aresti Eako Seme Kutun

Bilbaoko Abandoibarran landatutako eta bertatik desagertutako haritza eta harria Ean agertuko dira


Gabriel Arestiren Eguna, garagarrilaren 24an izango da Ean eta egitarauko lehen ekitaldia eguerdiko hamabietan hasiko da Eako udaletxean. Udal batzar berezia egingo dabe Gabriel Aresti Segurola Eako Seme Kutun izendatuz. Haren senideak eta gaur egungo euskal poetak, idazleak eta herritar guztiak dagoz konbidauta.

Eako Alkate Asier Madarietaren berbakaz hasiko da ekitaldia eta ondoren, hiru berbaldi antolatu ditue: 'Gabriel Aresti Eara dator' gaiaren ganean, Anjel Zelaietak egingo dau berba; 'Gabriel Arestiri begirada gaurkotua' gaiaren ganean, Jon Kortazarren txandea izango da eta, azkenik, Karmelo Landak 'Gabriel Arestiren Etxea' berbaldia emongo dau. Ohorezko berbak, barriz, Txomin Peillenek egingo ditu 'Gabriel Arestiren azken gonbidapena' izenburupean. Udal batzarra amaitzeko Gabriel Aresti Segurola Eako Seme Kutun izentetako ekitaldia iragarri dabe.

Udal batzarraren ondoren, Eako portuko Beletxe eraikinaren ondoan, haritza landatuko da eta poema daroan harria jarriko da, Gabriel Arestik Ean betirako izango dauan lekuaren oroigarriak.

Arratsaldeko 17:00etan Zakilixut Elkartean Kafe-tertulia edegia izango da Bihotz Bakartien Klubaren Literatur Eskoleari jarraipena emonaz.

Arratsaldeko 20:30etan, barriz, Arestiren Eako etxean hasi eta herrian zehar moilara bitartean kaljirea izango da, doinuz eta bertsoz.

Iluntzeko 21:30etan, portuan 'Arestiren Etxea' ikuskizuna izango da, herritarrak, Bihotz Bakartien Kluba, Galder Perez Mikel Martinez antzezleak, Natxo de Felipe eta askozaz gehiago partaide dirala. Tartean idazle eta poeten irakurketak be izango dira.

Amaitzeko, lehorretik itsasora 'Agur t'erdi, Gabriel Aresti' mezua itsasora jaurtiko dau Arestiren alargunak, Meli Estebanek .

Bizkaie!


Gabriel Aresti (Bilbao, 1933-1975) poeta, euskaltzale eta hizkuntzalari ezaguna Ean bizi izan zan bere bizitzaren azken bi urteetan eta garagarrilaren 14an 30 urte beteko dira 1974ko garagarriletik eta orduantxe hartu eban etxea Arestik Eako Kurtxian. Urteurren horren atxakiagaz, Aresti handiak omenaldia merezi dauala pentsauta, Eako HEA, Herrijeri emon arnasa kultura taldeak omenaldi berezia preparau dau Eako Udalaren laguntzinoagaz.

"Herri osoaren omenaldia izango da, zeozelan alkarlanerako amesagaz jaio dan ekimena" esan eban aurkezpen ekitaldian HEAko Joxe Mari Landa jn.ak. Era berean, hau hasierea baino ez dala eta hemetik aurrera urtero Arestiren Eguna ospatzea dala poetaren gaurkotasuna eta etorkizuna aldarrikatzeko.