Bertso udalekuak
Begiraleak eta honeen formazinoa
Bertso udalekuen helburua ume eta gazteei bertsolaritzearen inguruan aisialdiko topaguneak eskaintzea da, bertsolaritzaz gozetea, bertsozaletzea, talde giroan murgilduta bertso-eskolea eta herrialde desbardinetako gaztetxuak hartu-emonetan imintea...; bertso udalekuetako egitarauan danetarik daukie ume eta gazteek. Bertso-jolasetatik hasi (aurteon bertso tribial erraldoia be ezagutuko dabe), antzerkiak preparau, hondartzan bainua hartu, bertsolari ezagunei bisita egin, eta zelan ez, bertsolarien bisita jaso, afalosteko gaubelak animetako. Aubixa baserriko egonaldietan ekintza edegiak antolatu dira Elgoibarko udalaren laguntzinoagaz, eta udalekuan bertan ez dagozan gazteek be gozau ahal izango dabe Aubixako bertso-afariez, edo Mintxetako ugerlekuan bertso-tribialera jolastu.
Begiraleak bertso-eskoletako irakasleak dira, aisialdian esperientzia dabenak eta herrialde guztietakoak. Herrialdeetako eta Euskal Herri mailako barnetegi eta bestelako egonaldiak hartu daben garrantzia ikusita, Bertsozale Elkarteak ahalegin bat egingo dau datorren ikasturtean begiraleen formakuntza alorrean. Urtxintxa aisialdiko erakundeagaz irailean hasi eta maiatzean amaituko dan ikastaro bat antolatu dau Gasteizen. Izena emoteko epea irailaren 1etik 10era egongo da zabalik. Elkarteak dirulaguntzinoa emongo deutsie begirale ikastaro hau amaitzen dabenei, baldintza bakarra elkarteko bazkide izatea eta bertso-eskolaren bateko kide izatea dala. Aukerea dago beste ikastaroren batean izena emoteko, baina ikasturte honetan egin beharko dau matrikulea Bertsozale Elkartearen laguntzinoa jaso gura dauanak.
IƱaki Aurrekoetxea
Asko dira udako oporretako zati bat udalekuetan emoten daben ume eta gazteak. Ikasturtean zehar eskolan izan dabezan eginbeharretatik urrun, aisialdia nagusi dan sasoia adin bereko neska-mutilakaz pasetea ez da ba idea txarra. Eta bertsoa be aisialdiko entretenimentu legez ulertu ezkero, zer hobea gaztetxu bertsozaleari udalekuetan bertsoaz gozetako aukerea emotea baino?
Kontua da ze bertsozale gazte horreek badaukiela uda sasoia bertsoaren itzalean gozetako aukera hori. Azken urteetako bideari jarraituta, Bertsozale Elkarteak gaztetxuentzako udako egonaldi eta barnetegiak antolatu dauz udarako. Hezkuntza arautuaren bidez bertsolaritzearen oinarrizko ezagutza bat emoteko helburua ahaztu barik, argi dago bertsozaletasuna hezkuntza ez-arautuan garatzen dana eta hor daukala bere esparru naturala, aisialdiko beste edozein zaletasunak daukan moduan. Ikasturtean zehar bertso-eskolak eskaintzen daben espazioaren jarraipena izan gura dau udako eskaintza honek, eta bertsoa urte sasoiak eskatzen dauan egitarau anitzaren elementu bat baino ez da, gehienetan lotura edo abiapuntua, inoz helburu. Egonaldi honeek edegiak dira, bertso-eskoletan dagozan eta ez dagozan ume eta gazteak batzen dira bertan. Gogoa baino ez da eskatzen honeetara joateko, eta bateren bat bertsozale petoa ez bada be, trankil, udaldia amaitutakoan bertsozaletua izango dalako eta deskuidoan bere herriko bertso-eskolan be emongo daualako izena. Aurteongo ekitaldian 200 bat ume eta gaztek hartuko dau parte bertso barnetegi eta egonaldi honeetan.
Aurton Araban, Gipuzkoan eta Zuberoan
Zazpi urte dira Iparraldean Bertsu Udalekuak antolatzen hasi zana Iparraldeko Bertsularien Lagunak Elkartea bertako Udaleku Elkarteagaz alkarlanean. Hegoaldean orain dala lau urte egin ziran lehenengoak Zarautzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren udaleku eskaintzaren barruan. Ordutik hazi egin da eskaintzea, Bertsozale Elkarteko Transmisino Batzordeak udako egonaldi honeen aldeko apustua egin dau, bertsozaletasuna transmititzeko esparru naturala bihurtu diralako. Iparraldeko udalekua urterik urte hutsik egin barik antolatu da, mugaz bi aldeetako gazteak lotu dauzan erreferentzia bihurtzeraino. Aurten, lehen aldiz egingo dira Zuberoan, Ligin hain zuzen be. Hegoaldean, azken bi urteotan bagilean eskolak amaitu eta garagarrila heldu bitartean bost egunetako barnetegiak antolatu izan dira Zuhatzan, Araban, eta aurton be izan dira 25etik 29ra 8-11 urte bitarteko 37 ume.
Garagarrilean txanda luzeagoak antolatzen dira. Zarautzen bi udaleku izan dira lehen hamabostaldian. Lehenengoan, 1etik 7ra, 8-11 urte bitarteko 30 ume izan dira, eta bigarrenean, 8tik 14ra, beste horrenbeste gaztetxo 12-13 urtekoak. Bigarren hamabostaldian hiru udaleku izango dira. Zuberoako Ligi herrian 9-12 urteko umeak dagoz 11an hasi eta 16ra bitartean, 22 ume guztira. Beste txanda biak Elgoibarko Aubixa baserrian dira. Lehenengoa martxan da domekatik, eta garagarrilaren 20ra bitartean Aubixa baserriko paraje ederrakaz gozauko dabe 13-15 urteko 27 gaztetxuek. Han dago gure kide Xabi Paya be, lehenagotik begirale zereginetan eskarmentua hartutakoa, eta zelan ez, eskatuko deutsagu hango barri emon dagian orriotan. Bigarren txandea 21etik 30era izango da, hau 15-18 urteko gazteentzat. Esan beharra dago Aubixako udalekuetan bertsolari gaztetxu asko batzen dala tartean, azkenengo Eskolarteko finalean kantau daben gehienak han alkartuko dira barriro. Bertso udalekuak erreferentzia bihurtu dira Euskal Herri guztietako bertsolari eta bertsozale gaztetxuak alkar ezagutzeko.