Bakean dagoana baketan itxi, hori ikusten da munduan gitxi
Bakearen beharra eta bakearen aldeko beharra
Bakea aldarrikatzea erreza da. Bakea behar dogula esatea be bai. Gatxagoa da bakea etorri daiten behar bezelako ahaleginak egitea. Asko dira bakea ezpanetan erabilten dabenak. Adierazpen publikoei jaramon egin ezkero, nekez ulertzen da zergaitik ez dogun bakea lortu. Sakoneko asmoak somatzen doguzaenean, orduantxe jaubetzen gara askorentzat bakea ez daela helburu hutsa. Hain zuzen, batzuentzat bestelako helburuak lortu ahal izateko tresna besterik ez da bakea berbearen erabilerea. Eta holan ez goaz inora.
Asko dira "barri onaren zain" dagozanak. Baina bakea ez da berez etorriko gure Herrira. Ez dot esan gura bakea aldarrikatu behar ez dogunik. Aldarrikapena ez dago ezelan be lekuz kanpo. Baina ez da nahikoa. Aldarrikapenakaz faltsukeria asko egiten dira eta ez da beti erreza izaten etxurak eta benetako lanak bereiztea. Bereizketa horreek herritarron zereginak dira. Gure beharra. Bakearen alde gutako bakotxak egin beharreko lana.
IƱaki Atxutegi
Azken egunotako jazoerek barriro ekarri deuskue gogora gure herrian bizi dogun normalizau bako egoerea. Sufrimentu asko, behar baino gehiago, euskaldunok merezi ez doguna.
Hasteko, gogoratu daigun Imanol Lartzabal kantaria hil dala oraintsu erbestean. Bat baino gehiago harritu egingo da berba honeek irakurtean, baina ezin da ukatu Imanol bere herritik urrun eta bere hizkuntzatik urrun hil dala. Bildurrak jota joan zan Euskaditik, berak agertu ebazan ideia eta ikuspuntu batzuk gure herriko salbatzaile batzuen gustoko ez ziralako.
Bestetik, jakin izan dogu Ohiane Errazkin ustezko ETAkideak bere buruaz beste egin dauala Frantziako kartzela batean. Hiru urte pasatxo emonda egoan epaiketaren zain. Zerk eroaten dau pertsona gazte bat holakoak egitera?
Honeek dira euskal tragediaren alde biak. Alde batekoek hildako bat "bere" hildakoa lepoan hartu eta aurrekoei hilketearen errua leporatuko deutsee. Kontrako musturrean dagozanek bardin-bardin jokatuko dabe. Estiloa aldatuko da, baina mentalidadean ez dago desbardintasunik.
Sufrimentu larregi dago gure herrian. Sufrimentu honeri amaierra emon behar jako segiduan eta zelan edo halan, aurrera jarraitzeko bakea behar-beharrezkoa da eta. Indar handiak galtzen dira alperrik gure herrian, aurrean daukaguzan erronkei aurre egiteko nahitaezkoak diranak.