Arven (Herentzia)
Ulrich Thomsen familiarteko tentsinoen ganeko film honetako antzezleen buru da; Danimarkako industri familia baten lehenengo seme modura altzairu fabrika baten ardurea hartu behar izango dau, aitak bere buruaz beste egin eta gero. Gauzak holan, Stockholm-eko bizimodu betegarri, oso eta alaia itxi behar izango dau, Danimarkara bueltau eta bere gaitasun eta arduren mugak gainditzen dauzan erantzukizun baten kargu hartzeko.
Horrek goitik behera aldatuko dau Chistoffer-en bizitzea; emazteagaz tentsino eta istiluak sortuko dira; estresak, presinoak eta erantzukizunak ganerako bidea ebagi eta bien arteko hartu-emonak urtenbide bako egoera batera helduko dira.
Per Fly zuzendariak zoriontasunaren galerearen ganeko kontakizuna ez eze industriako goi burgesiaren zentsura ikaragarria be egin gura izan dau. Ehiza saioak, botere eta diru bila abiatzen diran famili gatazkak, ama menperatzaileak, bazkari gogaikarriak eta batez be tentsinoa izango dira film honen ardatzak.
Pelikuleak dotoretasunez heldu deutso bere zereginari; ondo egituratu eta garatuta dago; gidoia be txukuna da, beharbada personaien baizen hotza, baina egokia (Donostiako Zinemaldian gidoirik onenaren saria irabazi eban); edozelan be, istorioaren iraupena behar baino luzeagoa da eta dramearen zantzuak arinegi igarten dira. Hori bai, dirua eta beharra beste helbururik ez daukien bizimoduen ondorioen ganean hausnartzeko ezin hobea da.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Per Fly.
- Herrialdeak: Danimarka, Suedia, Norvegia, Erresuma Batua
Iraupena: 107 minutu.
- Antzezleak: Ulrich Thomsen (Christoffer), Lisa Werlinder (María), Ulf Pilgaard (Aksel), Ghita Nørby (Annelise), Karina Skands (Benedikte), Lars Brygmann (Ulrik), Peter Steen ((Niels), Diana Axelsen (Annika), Jesper Christensen (Holger Andersen), Dick Kaysø (Jens).
- Gidoia: Per Fly, Kim Leona, Mogens Rukov eta Dorte Høgh.