Shrek 2
“Shrek”-en arrakasta itzelak zuzeneko zerikusia euki eban umeentzako ipuinen aspaldiko konbentzioen kontura modu burutsuan barre egiten eban pelikula eredu bategaz. Hau da, ikusleek betiko animazino pelikulen ereduak kolokan jarteko akuilu bat behar eben eta horretan “Shrek”-ek bete-betean asmau eban. Baina, film horrek hainbesteko arrakasta jadetsi eban, ze istorioaren jarraipenari derrigorrean ekin behar izan jakon.
Beraz, “Shrek 2” filmak itxaropen mueta biri aurre egiteko beharrizanetik sortu da: batetik, lehenengoa baizen urratzaile eta lotsabakoa izan behar da; eta, bestetik, zineak ganezka beteteko moduko produktua opetsi behar izan da. Holakoetan, zoritxarrez, urtenbide bakarra egon ohi da: produktu bera ostera be egitea, aurretik lortutako arrakastea laskitu ez daiten. Hau da, arauak urratzeko sortutako produktua konbentzionalismoan sartu da, gidoia, egoerak eta pasadizoak errepetidukeran.
Edozelan be, “Shrek 2” jatorrizko filmaren mailakoa da, bestea baizen dibertigarri eta irrigarria. Barre zantzoka hasteko moduko gag-ak ikusi ahal izango dira. Era berean, gidoia arina eta ona da, alkarrizketak txinpartatsuak. Ondo be ondo pasetako moduko ipuina. Arazo bakarra zera da: hori guztiori orain dala urtebete eta erdi ikusi genduala.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Andrew Adamson, Kelly Asbury eta Conrad Vernon.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 92 minutu.
- Jatorrizko bikoizketa lanak: Shrek (Mike Myers), astoa (Eddie Murphy), Fiona printzesa (Cameron Diaz), Reina Lillian (Julie Andrews), katua (Antonio Banderas), Rey Harold (John Cleese), printze urdina (Rupert Everett), maitagarria (Jennifer Saunders), ahizta motza (Larry King).
- Gidoia: Andew Adamson, J. David Stem, Joe Stillman eta David N. Weiss.
- Musikea: Harry Gregson-Williams.
- Muntaia: Michael Andrews eta Sim Evan-Jones.