Udea eta bikoteen arteko hartu-emonak
Erdiko bidea
Umeen jokabidea dala eta, gurasoak behin edo behin euren onetik ataratea ez da arduratzekoa. Baina, hori sarritan jazoten bada, udea “jasaezin” bihurtu daiteke. Orekeari eustea bide luze eta korapilatsua izanagaitik be, adituek gomendatzen dabe gurasoek muturretara ez jotea; hau da, dana onartzea diziplina zorrotz-zorrotza baizen kaltegarria izan daiteke.
“Ia eskolara joateko sasoia ailegetan dan!”. Geuk be sarri entzuten izan doguz holakoak, txikiak ginanean, bikote eta seme-alaben arteko hartu-emonak errezak ez diralako seinale.
Begiluzea
Udea oporren sinonimoa izaten da eta oporrak lasaitasun, astialdi eta gozamenaren sinonimoa. Hile honeetan bikoteek eguneko ordu bakan batzuetan alkar ikusi barik, alkarregaz egoteko askoz be tarte zabalagoa euki ohi dabe, beharrak sortu eragindako presak eta estuasunak alde batera lagata. Ganera, seme-alabarik euki ezkero, eurekaz gehiagotan berba egin eta hartu-emonetan sakontzeko aukerea be izaten da.
Edozelan be, dan-dana ondo bideratu daiten, ezker eskua behar izaten da. Kontrajarria dala emoten dauan arren, familia ostera be batzeak danbateko gogorra ekarri leike, gurasoak eta seme-alabak alkarregaz egoten ohituta ez dagozalako eta, ondorioz, tirabirak sortu daitekezalako.
”Udea komunikazinorako guneak topetako unea izaten da, bikoteak batu eta alkarregaz hausnartzeko aukerea”, baieztu dau Enrique Arranz EHUko famili psikologiako katedratikoak. Jakina danez, hartu-emonak lar onak ez badira, alkarregaz egoteko aukerea traba eta oztopoa baino ez da izango. Era berean, lanbide arrakastea giza hartu-emonen aldean lehenesten dauan gizarte honetan, udakoa sasoi ezin hobea izaten da udagoien, negu eta udabarrian ostenduta dagozan arazoak eta problemak azaleratu daitezan. Igaz egindako azterlan batek argitu eban abuztua bikoterik gehien apurtzen diran sasoia izaten dala.
Norberaren espazioa
Ez dago larritzeko aparteko arrazoirik, baina jakin beharra dago etenbako kontaktuak ekarri leikezan tirabirek alkarbizitzea estutzen dabena. Une hori ezin egokiagoa izango da lasaitasunez berba egin eta egoerea azaltzeko. Adituek behin eta barriz dinoe “giltzarri nagusia komunikazinoa dala”. Izan be, udea alkar hobeto ezagutu edo hartu-emonen termometroa neurtzeko sasoi on-ona da. “Kontua ez da egun osoan alkarregaz egotea, ezpada alkarregaz gauza gehiago egitea, baina, ahal dala, nork bere espazioari eutsita”.
Udaldia, dana dala, ez da huts-hutsean bikotearen lasaitasunaren inguruko testa. Ganerako sasoietan ez da egoten seme-alabakaz luzaroan egoteko aukerarik. Normalean, aita eta ama beharrera joateko goiz jagi eta itzartzean nahiz arratsaldeko azken orduak izaten dira seme-alabakaz egoteko une bakarrenetarikoak. Txikitxuen heziketea astegoienetan bideratzen da, astialdiari lotutako espaziorik berezkoenean, hatan be; beraz, ez da jokabide eta portaera arauak ezartzeko unerik aproposena.
Udan, ostera, aita-amek eta seme-alabek alkarregaz egon behar dabe gureztala. Ohikoa izaten da seme-alabak udalekuetara joatea edo aitita-amamakaz denpora luzeagoan egotea. Arazoak sortu ohi dira gurasoak seme-alabakaz oporretan joaten diranean edo egun osoan alkarregaz dagozanean, hau da, itzartzen diranetik oheratzen diranera arte alkarregaz egotean.
“Gurasoak ez dagoz umeen edukazinorako preparauta, horretarako preparazinorik eta ohiturarik ez daukielako". Egoerea korapilatzen da basora edo hondartzara eurekaz joan edo alkarregaz armozau, bazkaldu eta afaldu behar danean. Ganera, umeek badakie jakin oporretan dagozana eta burugogorrago jokatu ohi dabe arauak onartukeran. Adituek behar-beharrezkotzat joten dabe gurasoek oporrak ondo planifikau eta seme-alaben olgeta esparruak jagotea.