Kulturea  III. urtea // 66. zenbakia

POK-en 'Euskararen Zazpi Bekatuak' lanak irabazi dau Korrika-AEK Bekaren 2. deialdia

'Ezequiel' lanari akzesita emotea erabagi dau epaimahaiak


Joxe Leon Otaño AEK-ko koordinatzaile nagusiagaz batera erabagia hartu daben epaimahaiko kideak ondokoak izan dira: Imanol Agirre (Lekeitioko Nazinoarteko Kale-Antzerki Jaialdiaren zuzendaria eta EUSKAL HERRIA aldizkariaren zuzendariaren albokoa), Mikel Ayllon (Korrika Kulturalaren arduraduna), Jojo Bordagarai (abeslaria eta AEKko irakaslea), Edurne Brouard (Korrikaren arduraduna), Filgi Claverie (Ballet Biarritzeko gerente ohia, Miarritze Kultureko zuzendari izandakoa eta orain Seaskako lehendakaria), Gotzon Hermosilla (BERRIA egunkariko Bizkaiko ordezkaritzako arduraduna, musika kritikoa eta idazlea) eta Eneko Olasagasti (idazlea, antzerki eta zine zuzendaria, aktorea, eta beste hainbat gauza askoren artean, igaz 'Metxa' antzezlanagaz lehenengo KORRIKA-AEK Beka irabazi ebana).

Bizkaie!


Joxe Leon Otañok (AEK-ko koordinatzaile nagusia) Korrika-AEK Beka ekimenean parte hartzen daben guztien eta ekimenaren barri zabaltzen laguntzen daben norbanako eta kultur eragile guztien lorpena dala esan eban kazetarien aurrean. Lehenengo Korrika-AEK Beka, Korrika 13ren Korrika Kulturalaren ardatz nagusia izateko asmoagaz jaio zan, baina aurrerantzean Korrika guztietan egiteko esperantzeagaz. Korrika-AEK Bekaren helburuak ondokoak dira: Korrika Kulturalean ikuskizun barria plazaratzea, hau da, Korrika 14ren Korrika Kulturalaren ardatz izango dan ekitaldi nagusia lortzea, beti be, arlo eszenikoetan eta, era berean, euskal sortzaileei bultzadea emotea.

Guztira, hamar lan aurkeztu dira deialdi honetara eta lanon artean antzerki lanak izan dira, baita dantza, ikuskizun multimedia eta bestelako lanak be. Egileen aldetik be aniztasuna izan da nagusi, izen handiko profesionalak eta hasibarriak diran egile gazteak izan diralako.

Epaimahaiaren izenean, Eneko Olasagastiren lehenengo berbak AEKri eskerrak emoteko eta erakundeei laguntzino gehiago eskatzeko izan ziran: "Ikuskarien unibersoko partaide garan aldetik, AEKri eskertzen deutsagu euskerazko antzerkia produziduteko eskaintzen dauan aukerea; eta bidebatez, arlo honetan zeresana daben erakundeei euskerazko produkzinoa bultzatzea eta babestea eskatzen deutsegu, Euskal Herriko antzerkiaren geroa danon esku dagoalako, eta batez be, gure baliabide publikoak gestionetan dabezanen eskuetan".

Olasagastik erabagia hartzeko orduan kalidadea eta arrakastarako aukerea hartu dabezala kontuan azaldu eban eta beka hau jasoko dauan lana kalidade handikoa dala eta euskal kulturearen esparruan ekarpen garrantzitsua egingo dauala.

Epaimahaikideen ustez hiru izan dira II. Korrika-AEK Beka 'Euskararen zazpi bekatuak' lanari emoteko arrazoiak: "Kalidade handiko lana da, eta arrakastatsua izango dala aurreikusten dogu, egitasmoaren planteamentua bera erakargarria eta maila altukoa da, eta talde aritu eta profesional baten bermea dauka".

'EUSKARAREN ZAZPI BEKATUAK' lana POK konpainiak Korrika-AEK Bekarako beren beregi landu dauan ikuskizuna da. Testua Aizpea Goenagarena da eta Olatz Beobidek zuzenduko dau. Taula gainean hiru aktore agertuko dira: Ainhoa Aierbe, Niko Lizeaga eta Mikel Martinez. Eneko Olasagastik azaldu dauanez, "herri antzerkiaren iturrietatik edaten dauan lana da, umorean oinarritzen dana eta probokazino puntua daukana". Pok taldearen egitasmoak Bibliako zazpi pekatuak euskal munduko egoera desbardinetan zelan gauzatzen diran agertzen dau, irudien bitartez egoera horreen arteko loturak eginaz. Irudi horreetan euskereari buruz ikastoletako umeei egindako galdera batzuen erantzunak erakutsiko ei dira.

Saritutako egitasmoak 9.000 euro jasoko ditu proiektua gauzatu ahal izateko, eta Korrika Kulturalean hamar emonaldi ziurtatuko jakoz, horren kostua beregan hartuz. Akzesitaren bitartez, 'EZEQUIEL' lana be ikusgai izango da Korrika Kulturalean.

'Ezequiel' lana Martxel Mariskalen testu batean oinarrituta Antzerkiola Imaginarioak (Ander Lipus) eta Sagarroik (Iñigo Muguruza) alkarregaz preparautako ikuskizuna da, antzerkia eta musikea buztartzen dituana. Epaimahaikideek euskal antzerkigintzeari egingo deutson ekarpena azpimarratu eben: "Ez da istorio lineala. Suzidioaren ganean hausnarketa sakona eragiten dau, baina injustizia eta globalizazinoa lako gaiak bere jorratzen ditu. Proiektu abangoardistea da".