Eretxia  III. urtea // 67. zenbakia

Gizonak eta andrazkok, gizakiak, bardinak


Kontuak kontu, bardintasunaren aldeko lana gizonezko eta andrazkoen kontua da. Emakumea ez da jaio zapaldua izateko. Era berean, matxismoak aldarrikatzen dauanaren kontra, gizona ez da andrazkoaren arerioa. Mendeetan zehar euki dogun edukazinoak, giroan dagozan esamoldeek, txisteek, kantuek, gure inguruko baloreek adierazoten deuskue gizon eta emakumeen arteko hartu-emonak ez dirala errezak izan. Gizaldietako desbardintasunak ondorio horreek ekarri ditu.

Baina argi eta ahots sendoz esan behar dogu gizartea eta mundua gizon eta emakumeen beharrean dagozala, danok gara gizakiak, mundu honetakoak eta, danoi eskubide bardinak zor jakuz, baketan bizitzeko eskubidea be bai.

IƱaki Atxutegi

Ez dakit nik lar gordina ez ete dan izango holan esatea, baina tratu txarren ganean berba egitea "modan" dagoala emoten dau. Jente askok uste dau orain arte ate barruko kontuak era baketsuan eroaten zirala eta andrazkoen kontrako tratu txarrena orain gitxiko kontua dala, modernidadearen ondorioa, beste modu batean esanda.

Hamaikatxu biderrez entzun dogu komunikabideetan agertzen dana baino ez dala egia. Eta azken boladan andrazkoen kontrako tratu txarrak komunikabide guztietako titularretara heldu dira. Ez da egunik pasetan horren ganeko barririk barik. Baina andreen kontrako tratu txarrak matxismoa bezain zaharrak dira. Orain, lotsak alde batera itxita, agirian geratzen dira hainbat etxetan bizitzen diran errealidade gordinak.

Argi esan behar da: historian gizonezkoen eta andrazkoen artean izandako hartu-emon muetak dagoz pasadizu krudel horreen atzetik. Guzurra emoten dau, baina oraindino gizon askok zerbitzari edo esklabu legez gura dau andrazkoa. Eta Harri Aroko eskema horreek guztiz zaharkituta dagoz. Andrazkoek ez dabez ontzat hartzen jarrera horreek eta segiduan etorten dira zoritxarreko "komeriak".

Andrazkoek sekulako aurrera pausuak emon dabez gure gizartean. Preparauta dagoz, gero eta ardura gehiago hartzen dabez enpresa eta instituzinoetan eta gizon askok bildurrez ikusten dabez "superandrazko" horreek. Zapalduta bizitzeko jaio dirala uste dau oraindino askok. Oso urte gitxitan aldatu da egoerea eta gizon askok ez dabe behar beste denporarik izan mentalidadea aldatzeko. Batzuen harridurarako etxeko esklabua zanak bere buruaren jaube dala aldarrikatzen dau.

Gure arbasoen sasoian, andrazkoek isilpean sufritzen ebezan tratu txarrak eta gizonek eragindako bestelako barrabaskeriak. Orain, ostera, ez eta ez esateko "ausardia" agertzen dabe eta, batzuentzako, ausardi horren prezioa bizitza izaten da.