Barriketan  III. urtea // 66. zenbakia

Aitor Larrazabal: 'norberaren koloreak defenditzea lakorik ez dago'

Barri iturri handia izan da Athletic aurten; denporaldia bete-betean egoala, Athletic eta Bilboko Udalaren arteko tirabirak futbol zelai barriaren harian, Athleticeko zuzendaritza eta jokalarien arteko konponezina primak dirala eta ez dirala edota Aitor Larrazabali kontratua ez barritzeko erabagia; azken boladan, barriz, Dario Urzayren kamiseta barritzaileak bazterrak astindu ostean, zuzendaritza talde osoaren dimisinoak be zur eta lur itxi gaitu.

Kontuak kontu, Iribar, Rojo I, Orue eta Gainzaren ostean, Athleticegaz partidu gehien jokatu dituan jokalariagaz, Aitor Larrazabal, Athletic talde nagusian 14 urte egin dituan eta clubeko kategoria guztietan ibili dan jokalariagaz gauza asko daukaguz jorratzeko.

1. Gustau jatzu UEFArako Dario Urzayk diseinau dauan kamisetea?

Bueno, kamisetea ez dago txarto; udan, kalean ibilteko edo hondartzara bermudakaz eroateko ondo ikusten dot baina Athleticek txapelketa ofizialetan parte hartzeko ez jat bape egokia iruditzen, zeozer serioagoa behar dogula pentsetan dot. Jokalariok be gure eretxia emoteagaitik kritikak egon dira, gure beharra jokatzea dala esan dabelako eta hori alde batetik egia da baina orain arte geugaz kontetan izan dabe antzeko kontuetarako eta normalena izango zan orain be zeozelan gure eretxia eskatzea; pentsaizu, kaleko jentea enterau dan moduan enterau gara, komunikabideen bidez. Kontuak kontu, erabagia hartuta dago eta orain aguantau egin beharko da baina nork daki, orain zuzendaritza barria etorriko da eta ikusi egin beharko da zer erabagi hartzen daben; hori bai, garrantzitsuena partidu onak egitea da ze kamisetearena arinago edo beranduago ahaztu egingo da.

2. Athleticeko zuzendaritza talde osoaren dimisinoa zelan hartu dozu?

Geuk jokalariok be ezustean hartu dogu dimisinoarena. UEFArako sailkatu ostean, danok pentsetan genduan segidu egingo ebela falta dan urtean, nahiz eta urtean zehar problema lar sortu dan (Bilboko Udalagaz futbol zelai barriaren harian, primak, jokalarion kontratuak...); kirolari jagokonean, denporaldi osoan nahiko polito ibili gara eta bosgarren sailkatzea inportantea izan da. Gero, barriz, primen aldetik ez da egon konponbiderik eta denporaldia martxan dagoala horretan ibiltea be ez da ona. Horreek kontuak denporaldia hasi aurretik konpondu beharko litzatekezala uste dot. Nire kontratuaren inguruan be tirabirak egon dira eta urteko bazkari ofizialera be ez ginan joan, batez be, gure hasarrea erakusteko, izan be, gauza asko iruntsi doguz aurten.

3. Ugartetxeren lekua hartzeko hautagaia dan Jose Alberto Praderak adierazo dau dagoeneko bere arduretako bat zuzendaritzearen eta jokalarien arteko hartu-emonak sendotzea izango dala...

Uste dot, normala eta inportantea dala taldearentzat hartu-emon onak eukitea jokalarien eta zuzendaritzakoen artean, konponbidea behar-beharrezkoa da ze bestela ez dago gauza onik. Aurten, zaletuek be igarri dabe zeozerk ez ebala funtzionetan eta hori ez da ona ez guretzat, ez zaletuentzat, ezta Athleticentzat be.

4. Prima edo sarien auziak ne nahikoa zeresan eragin dau. Ez dozue nahikoa diru irabazten?

Merkatua zelan dagoan aztertzen ez gara hasiko eta gure kontratuak be horren pentzutan egoten dira. Prima edo sarien kontuan, barriz, Athleticen historian beti egon dira holakoak, helburuen araberako sariak hain zuzen. Aurten, ostera, gure eskariak betetako ezintasuna erakutsi dau zuzendaritzak eta lastimea da ze beti egon da konponbidea arlo honetan. Futbolean, lehengo aldean gaur egun ez dabilela horrenbeste diru esatea edo UEFAn sartzeak onura ekonomikorik ez dakarrela esatea, neurri baten aitu neikez baina zuzen-zuzena be ez da. Sikeran, denporaldi ona egin dogu eta jokalariok gustora gagoz egindako beharragaz.

5. Pasa dan martian enterau zinan Athleticek ez eukala zure kontratua barrizteko asmorik eta zuk, ostera, jarraitzeko moduan ikusten dozu zeure burua. Kontaiguzu dibortzioa eta agurra zelakoak izan diran.

Urte hasikeran batzar informala euki genduan nire ordezkariak eta biok Andoni Zubizarretagaz, batez be, nire kontratua luzatzeko aukereari buruz; Andonik esan euskun bere ustez ez nebala arazorik eukiko beste urtebetean Athleticen jarraitzeko. Gero, zezeilean edo serioago egin genduan berba eta merkatua zelan egoan ikusita, nik gitxiago kobretako prest nengoala esan neutson Andoniri; berak, beste urtebetez taldean jarraitzea normalena zala esan eustan. Hortik gitxira, Asier del Hornori kontratua luzatu eutsien eta astebete beranduago Andonik esan eustan nik ez nebala taldean segiduko. Labur esanda, horixe da prozesua. Andonik azalpen guztiak emoteko alkarregaz prentsaurrean agertzea proposatu eustan baina nik ikusi neban, berbea ez zala bete, hasikeran esandakoa goitik behara aldatu zala gero. Athletic txarto portau da nigaz, ez dabe garbi jokatu. Finikitoa eskatu eta prentsaurrekorik ez neban onartu. Tirabirak hor hasi ziran eta hortik azken partidura ez da hartu-emon onik izan. Ganera, zuzendaritzako kide bat be agertu zan esanaz, nik dirua eskatu nebala prentsaurrekoa emotearren eta hori guzur galanta izan da. Lastimea izan da holan amaitu behar izatea ze niri Athleticek daukadan guztia emon deust eta bihotz-bihotzean eukiko dot beti. Eskerrak, jentea eta jokalariak be nigaz egon dirala eta momentu txar horreek pasetan lagundu deustiela.

Azken partidua, nire agurra oso polita izan zan. Urteetako zeregina amaitzen dala konturatzen zara baina holako momentuak ahaztuezinekoak dira.


6. Aurrera begira zer asmo daukazu?

Oraingoz ez dakit zer egingo dodan. Nire burua jokatzen segiduteko moduan ikusten dot. Jaungoikoari eskerrak, ez dot lesino txarrik euki inoiz eta pentsetan dot maila ona emon neikela oraindino. Etxetik hur eta seme-alabak ikastolatik atara barik, gatxa izango da talderen bat topetea eta urrun joateko aukerea ondo pentsau beharko neuke. Akaso, 9, 10, 11 urteko jokalarien talderen bat entrenetea be gustauko jatan. Athleticek be esan eustan Lezaman jarraitzeko eta zeozer egiteko baina hartu-emonak zelan amaitu doguzan ikusita, ez dago zereginik.

7. Athletic kanterako taldea izan da beti eta erreleboa dator orain; Asier del Hornok lekua eginda dauka daborduko eta Javier Casas be polito dabil. Dana dala, talde handien eskaintzei uko egitea ez da erreza gazteentzat eta oraintsu Bartzelonak Athleticeko gazte bi fitxau ditu. Benetako arriskua dago hor, ezta?

Kanterari eustea ez da erreza gaur egun baina Athletic taldea maila onean dabil bertoko jokalariakaz, Athleticen ezaugarri nagusienetakoa da hori. Jakina, ez da erreza kanpoko eskaintzei uko egitea eta holakoetan gurasoek hartzen dabe erabagia gehienetan; kontua da ze, ez dabela pentsetan aurrera egin ezean, ze ondorio euki leiken kanpora joateak. Beste alde batetik, argi dago, gitxieneko maila bategaz, nahikoa erreza dala Athletic talde nagusian debutetea eta norberaren koloreak defenditzea lakorik ez dago.

8. Sarritan esan dozu Athletic munduko talderik onena dala...

Ganerako taldeak kanpotik baino ez dodaz ezagutzen baina Athletic da sentimentua, bihoitzean daroadana. Beti esan dot Athletic bakarra dala munduan. Atara kontuak, 10-11 urtegaz edo hasi nintzan Lezaman jokatzen eta orduantxe izan zan dobletea, Athleticek liga eta kopa irabaztea, gabarrea ataratea, hori guztia niretzat ahaztuezinekoa izan zan. Ganera, kanpora zoazenean be, Athletic talde estimadua dala konturatzen zara; oraintsu egon naz Almerian, peña baten 10. urteurreneko ekitaldian eta eurentzat ni hara joatea eta eurekaz egotea sekulakoa izan zan. Horrek esan gura dau Athleticen ezaugarriak eta filosofia oso inportanteak dirala jente askorentzat, ez bakarrik hemengoentzat baita gure mugetatik kanpoentzat be.

9. Orain egun batzuk 33 urte egin dozuz eta bizi osoa emon dozu Athletic taldean. Dana dala, gogoratzen dozu Urdaneta Ikastetxean futbolean hasi zinaneko momentua?

Bai. Hamaika urtegaz denporaldi onena, serioena izan zan niretzako eta denporaldiaren amaieran Lezamara joan nintzan aproba batzuk egiten. Gatxa izan zan eta esperantza larregi barik joan nintzan ganera, aparkalekuan horrenbeste kotxe eta aprobak egiteko prest egozan mutil piloa ikusita etxera atzera bueltan joateko be esan neutsen nigaz joan ziran auzoko bateri eta bere aitari. Azkenean, eurei esker posible izan da amesa betetea eta Athletic taldean bizi osoa pasetea.

10. Athletic talde nagusian 1990ean debutau zenduan Jabier Clementegaz. Zelan bizi izan zenduan debuta?

Debuta ahaztuezinekoa da, jakina. Tenerifen izan zan eta partidua galdu arren, hori anekdota hutsa izan zan. Kanterako danen amesa da Athletic talde nagusian debutetea eta gatxena mailari eta jokoari eustea izan arren, saltoa emotea nire ibilibideko momenturik ederrenetakoa izan zan.

11. Aurten Athleticek UEFArako sailkatzea lortu dau baina azken aldian titulu gosez dagoz jarraitzaileak. Zuk zeuk titulu barik amaitu dozu ibilbidea baina momentu ederrak be bizi izan dozuz, besteak beste, Txapeldunen Ligarako sailkapena lortu zenduenean...

San Mameseko lehen partidua edota Txapeldunen Ligarako sailkatzea ez daukadaz ahaztuteko. Tituluak inportanteak dira baina Athletic lako talde batentzat, Ligan bigarren geratzea eta Txapeldunen Ligarako sailkatzea garaipen handiak dira. Ilusino handiagaz eroan genduan Europara Athleticen izena eta izana. Zaletuen erantzuna be sekulakoa izan zan eta euren berotasuna Turkian, Norvegian edo Italian sentitzeak ez dauka preziorik.

12. Gabarrea barriro ataratea ez da erreza izango. Athleticeko neskak, barriz, birritan irabazi dabe Superligea. Nesken tituluakaz konformau beharko dogu?

Tituluak lortzea ez da erreza. Lehen mailan ez dago talde errezik eta partidu danak dira gatxak. Eurokopako finalera Portugal eta Grezia heldu dira eta herrialde horreetan 2, 3 edo 4 talde dagoz onak; gurean, barriz, talde gehienak dira indartsuak eta edonori irabazteko kapaz. Liga irabaztea gatx ikusten dot baina Kopan zeozer egin geinkela pentsetan dot, aspaldion suerte larregi euki ez badogu be.

13. Futbol barik, bizimodua goitik behera aldatuko jatzun. Gaur egun zelakoa da zure egun normal bat?

Oraindino ez dot igarri ezer, kontuan hartu oporretan nagoala eta familiagaz pasetan dodala denporea. Taldekideak entrenetan hasten diranean, orduantxe igarriko dot gehien eta, hasikeran behintzat, nahikoa gogorra izango dala uste dot. Hori bai, bizitzan beste etapa bat da eta disfrutetan jakin behar da momentuan daukazunagaz.

Koldo Isusi Zuazo