Musikea  III. urtea // 66. zenbakia

Zinea eta musikea ugari Bermeoko Aritzatxu Rock Free Jaialdian

Garagarrilaren 15etik 17ra bitartean


Musikea

Musikeari jagokonean, egun nagusia garagarrilaren 17a izango da eta Pergolan, arratsaldeko 17:00etan hasita, Sound System musika jamaikarraren ekitaldia izango da, Jamaican Legacy, Deardrive & Friends, Jah Lion, Niko eta Bomb Bass HiFi & Ras Sanchezegaz batera.

Gaueko 21:00etatik aurrera, barriz, rock, hardcore eta punk rock soinuak nagusituko dira Pergolan, Gorilla (Londres), Muletrain (Madril), Safety Pins (Bilbo), Basque Country Pharaons (Iruñea) eta Uzi Trio (Bermeo) taldeen eskutik.

Gorilla talde ingelesa da aurtengo izar nagusia. John Reffern eta Sarah Russell bikoteak 1990ko hamarkadearen amaieran jarri eban martxan taldea. Grand Funk Railroad, MC5, The Who edo Blue Cheer lako taldeen eraginak dituan banda honek bazterrak astinduko ditu Bermeon. Orain gitxi Gasteizko Helldorado aretoan izan ziran, eta antza ondo pasau eben, barriro Euskal Herrira datoz eta. Bermeon Billy Darlington bateria jole barria izango da, eta "Maximun Riffmania" disko barriko kantuak aurkeztuko dabez.

Bestalde, Aerobitch punk rock talde handiaren desagerpenaren ondoren, bandako hiru kide alkartu, bateria barri bat hartu eta Muletrain sortu eben. Madril aldean kontzertu batzuk emon eta maketa bat atara ondoren, "Demolition Preaching" kaleratu barri dabe. Punk eta hardcore soinuak jorratzen dabez, Antiseen, Motörhead, Poison Idea edo Black Flag gustoko dabezanentzat aproposak. "Lau mutil izerditan ikusiko dozuz, egiten dabenagaz gozetan. Zuzenean goaz gibelera, barren-barrenera eta tinpanora", dinoe taldekideek eurek.

Euskal ordezkaritzeari jagokonean, Safety Pins bilbotarrak, Basque Country Pharaons iruñearrak eta Uzi Trio bermeotarrak izango dira aurtengo jaialdian. Safety Pins ezagunak dira Euskal Herriko punk mobimentuan, 1997tik ia etenik barik dabiz eta kontzertuak emoten. Urte horretan, "Steel Knives & Razorblades" handia kaleratu ebenetik, Mikel Biffs eta lagunek iraupen gitxiko baina intensidade handiko hainbat disko plazaratu dabez: "Powergenerator" (1998), "Invite Us To Your Funeral" (1999), "Punk Rock Disasters" (2000) edota "Punkassbitch" (2001). Azkenak, barriz, NCCgaz batera kaleraturiko split bateratua eta "Better Never Than Late".

Basque Country Pharaons taldea Mermaid bandaren bi herenek osotzen dabe. Abesti rockeroak eta dantzarako aproposak jorratzen dabez.

Azkenik, Uzi Trio hirukote bermeotarra be ez dogu ahaztuko, dub, funk, punk edo free jazz doinuak buztartzen dituana.

Bizkaie!


Bermeoko Aritzatxu Rock Free! Jaialdian zinea eta musikea nagusituko dira aurtengo egitarauan, eta garagarrilaren 16rako iragarritako Gorefest zinemaratoia eta hurrengo egunean izango dan rock kontzertua nabarmendu daitekez egitarauan.

Bermeoko Udaleko Kultura Saila, MB2000 & Beleza Malandra elkartea, Midwich Cuckoos Zine-Kluba eta Spookypheria Production elkartea dira jaialdiaren antolatzaileak. Ez ahaztu, hiru egunetako ekitaldi guztiak doban izango dirala.

Aritzatxu Rock Free Jaialdia garagarrilarenn 15ean hasiko da, Nestor Basterretxea kultur aretoan, gaueko 21:00etatik aurrera ikusgai izango dan "Private Parts" (1997) filmagaz. Betty Thomasek zuzenduriko pelikula honek Howard Stern irrati-esatari estadubatuar ospetsuaren istorioa kontetan dau, Stern bera protagonista dala. Ukutu rockeroez ganezka egoan bere goizeko irratsaioa AEBtan audientzia handieneko saio bihurtu eban Stern-ek. Pelikulan, rock musikea soinu-bandatzat hartzen da.

Hurrengo egunean, eta aurreko edizinoetan legez, terroreak, suspenseak, goreak eta umore onak hartuko dabe lekua Nestor Basterretxea aretoan, Gorefest ekimenaren laugarren edizinoan, film laburrak eta zinema alternatiboa ekarriko baititu.

Ohikoa dan legez, antolatzaileek ez dabe aurreratu eskainiko dabezan film labur guztiak zeintzuk izango diran baina batzuk bai, ostera, besteak beste, "Un ruido o algo", "Don Pin Pon", "La nieve de tus manos" edo "Géminis 2004".

Film laburren ondoren, terrorezko zinearen maratoiak hartuko dau lekukoa, eta hiru pelikula eskainiko dabez: Jacques Tournerren "I Walked With A Zombie" klasikoa; George A. Romeroren "Dawn of the Dead"; eta Danny Boylek zuzenduriko "28 Days Later".